L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-3 / Haur gozo horiek (1987-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Klase-borroka

 

Esteban Antxustegi

 

Azkenean idaztera ausartu naiz.

        Ezin dut horrela jarraitu. Orainarte isildu arazi badidate ere badut hitzegiteko ordua, eroetxe-kartzela honetatik nire historia guztioi kontatu.

        Ni irakaslea nintzen. Urteetan zehar lan honetan aritua. Gainera, nire betebeharrean sinistu egiten nuen. Gaztetxoak hezi, bizitzan behar zituzten armak eskeini, beraien adimena landu, arazoak ezagutu eta konpontzen saiatu. Haiekin bat egin, hitz gutxitan.

        Haseran, ene ustez, elkar ulertzen genuen. Klasetik ateratzen nintzenean, gutxienez, ondo egindako lanaren sentzazioa izaten nuen. Galderak ere askotan egiten zizikidaten. Nik, aldiz, erantzunak prestatu eta dedikazio guztiz azaltzen nizkien.

        Askotan, beraiekin batera, neronek ere ikasi egiten nuen. Inoiz imajinatu gabeko kezkak bururatzen zitzaizkidan, eta irtenbidea aurkitu behar. Sorpresaz betetako profesioa gure hau. Gaztetxoa izatea adin zoragarria. Honela uste nuen orduan, behintzat.

        Baina, piskanaka-piskanaka, gure arteko lokarri hura puskatzen ari zela ohartu nintzen. Klasean bi talde osatzen zihoazen edo, hobeto esanda, haien arteko taldea eraikitzen. Horrela, ahal zuten guztietan, nire akatsak agerian jartzen zituzten, klasearen farre algara probokatuz. Beste batzuetan, azterketa garaian edo, ez ziren eskolara etortzen; edo etortzen baziren, ez zuten esaminik egiten.

        Gurasoei, ostera, niri buruzko istorioak kontatzen zizkieten: beraien faboreetaz aprobetxatu nahi izaten nuela, gaizki esaka aritzen nintzela klasean, bost axola zitzaidala irakaskuntza eta diruagatik baino ez nintzela etortzen, aitamak analfabetutzat jotzen nituela...

        Lehenbizi, ez nuen horrelakorik sinistu nahi. Nola izan zitekeen posible, zortzitik hamar urterarteko gaztetxoak izanik.

        Gure arteko gatazka, aldiz, egunetik egunera areagotzen zihoan. Hurrengo urratsa ni zuzendaritzarekin aurrejartzea izan zen. Horretarako, zigortu egiten nituela asmatu zuten. Horrela, klaseko ikasle bat negar zotinka eta ubelduraz josita azaldu zen zuzendariaren bulegoan. Eta laguntzaile, klase guztia. Ni nintzen erruduna, eta eskerrak beste ikasle hauei, bestela ume hau ez zen bizirik ateratzen handik. Umetxo gaixoa.

        Honen ondorioz iskanbila gogorra egon zen eskolan. Ikasleen hitza nirearen aurkakoa zen. Espedientatu egin ninduten, hurrengoan kalera joango nintzela abisatuz. Onartu egin behar, beraz.

        Ikasleek lehenengo bataila irabazia zeukaten. Orain, aurreneko akatsa egiten nuenerako kale gorrian nengoen. Probokazio fasean aurkitzen ginen.

        Benetan jasangaitza bilakatu zen nire egoera. Edozein aitzaki aski zen zuzendaritzara joango zirela aurpegiratzeko, edota gurasoei kontatuko zietela aditzera emateko. Gauetan ia ez nuen lorik egiten, ume hauen mehatxuak gogoratuz. Nerbioetatik jota nengoen.

        Goizean, eskolara joaten nintzenean, han ikusten nituen. Inolako lotsarik gabe nire lepotik egiten zuten farre, «kontuz ibili» esaten zidaten, «agian bihar kalean zaude». Nola eman eskolak horrela. Nola kontrolatu nire inpultsoak.

        Gerra dagoeneko deklaratua geneukan. Nik lanpostua galduko nuen, baina beraiek ez ziren egunetik egunera nitaz trufatuko. Baina, zer egin.

        Buruari buelta asko eman ondoren ekintza, moderatuetatik erradikaletara pasatu beharra zegoela erabaki nuen. Beraiek ere ohartuak zeuden nire pentsamendu hauetaz, eta kontu gehiagorekin jokatzen zuten. Orain, gure gudan, posizio fasea nagusitu zen.

        Horrelako burutazioetan nenbilen arratsalde batetan nire automobileko gurpila zulatuta aurkitu nuenean, zulo garbia, nahita egindakoa. Indarfroga bat zen, dudarik gabe. Modu honetaz erne eta erasotzeko listo zeudela adierazten zidaten.

        Egoera honek ezin zuen horrela jarraitu. Guda honetan, neuk ere, esku-kolpe bat eman behar nuen. Ondo pentsatu ondoren erabakia hartu nuen: eskola bertan entzerratu egingo nituen. Ekintza ongi planifikatzekotan neurri batzuk bete behar ziren, hots, testigu eza eta atezainaren ausentzia. Eta zortea izan nuen, atezainak bi eguneko baja hartu bait zuen. Beste zaindaririk ez ekartzeagatik azken ateratzen zen irakasleak itxiko zuen atea. Horrela, azterketa bat nuela eta, bigarren egunean giltza nire esku gelditu zen.

        Nere asmoa hauxe zen: Ikasleak giltzaperatu eta aterik ez ireki, pakean utziko nindutelako promesa eman arte. Egiazko promesa egin arte ez ziren handik aterako. Ez horixe.

        Pentsatu eta egin. Beste ikasle eta irakasle guztiak irten zirenean, gure azterketa luzeagoa bait zen, ordu laurden gehiago geldituko ginen. Bitartean, disimuloz, kanpora atera eta atea itxi nuen.

        Ikasleak lehiotik ikusten nituen. Han zeuden txintxo-txintxo ariketak egiten. Bazuten zerbaiten susmoa, baina ez gehiegirik. Hala eta guztiz, ordu laurdena igaro zenean kezkatzen hasiak ziren. Bakarrik, irakaslerik gabe eta atezaina falta. Ikasle bat, orduan, ateruntz joan zen eta hertsita zegoela ohartzean bestei eman zien berri. Aurpegiak aldatu egin zitzaizkien, beldurra beren begietan nabaritzen zen.

        Mementu zoragarri hau aspaldidanik espero nuen. Oraintxe zen nire baldintza jartzeko unea. «Aizue, badakizue zer...»

        Ezin izan nuen jarraitu. Polizia batek eskutik heldu eta guraso eta zuzendaria zeuden lekuraino eraman ninduen. Guztiak nere aurka azaldu ziren. Horrelako zerbait egingo nuelako erreparoa bazeukatela esan zidaten, eta bijilatzen nindutela, horregatik.

        Umeek, klaseko atea ireki ondoren, nitaz izugarriak esan zituzten. Gaurkoa sarritan egin nahi izan nuela, mehatxatu egiten nituela zerbait esaten bazuten etabar.

        Gurasoek auzitegira eramateko intentzioa azaldu zidaten, bahiketa kolektibo intentoa denuntziatuz.

        Hala egin zuten. Epaileak ez zuen inolako zalantzarik izan. Inork ez zuen nire alde deklaratu nahi. Kondena ederra erori zitzaidan.

        Azkenik, atenuante gisara, eromen iragankorra neukala informatu zuen auzitegiko perito medikuak, umeenganako fobia gogorra, ziuraski gaztetako trauma frustrante batengatik. Bere aholkua, beraz, kondena guztia eroetxe batetan igarotzea gertatzen zen. Gainera, tratamendu egokiaren beharrean aurkitzen nintzela iruditzen zitzaion.

        Hemen nauzue orain. Egunero umeen ontasunez hitzegiten didate, nire aurreko joera zein itsusia izan den gogoratuz. Oso gaiso nagoela esaten dute, kasu berezi bat, naturaren kontrakoa.

        Batzutan, goiko leiho hortara igotzen naiz eta, bertatik, urrunera inoiz ume batzuk ikusten ditut. Beraien farre algarak entzuterakoan amorro bizian jartzen naiz. Gaztetxo hauek behin irabazi ninduten, baina izango dut bigarren aukera. Horretaz ziur naiz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.