Jainkoen oparia
Esteban Antxustegi
«Haurren zoriontasuna dastatu baino lehenago edozein arrisku, edozein oinaze eta nekaldi. Hobe itsaso zabalean naufrago errante gisara, bizitza osoan jarraitzea beraiengan nire konfidantza jartzea baino».
Michel Green
Troiako gerla jainkoek bukatu nahi izan zutenean gure etxeetara itzultzeko garaia heldu zitzaigun edo, gutxienez, bidean jartzeko unea.
Krudela bezain zentzugabeko guda burutu genuen, agian irabazi ere, baina zertarako. Bertan lagunminak galdu, burua oroitzapenez bete, gorrotoa eta arrenkura nahasian jarri, etsipena nagusitu. Bakarrik ohoreak zirauen zutik, ohorea defendatzeko arrazoia ahaztuta geneukan arren, odoletan itoa.
Uhainek arroken aurka bezala gizakien ametsek hadoaren kontra hausten direla pentsatzen genuen bitartean gure untzietara aibatu ginen. Duela egun batzuk itsasoratzeko prestaketak bukatuta bazeuden ere, haize falta zela, eta, ezin genuen heriotz-lurralde hartatik atera. Gaur, azkenik, belak zabaldu eta, haizea aldeko, mendebalderuntza zuzentzeko prest geunden.
Orain, itsaso zabaleko misterioetan barneratu behar.
Zein ongi gogoratzen dudan goizalde argitsu hura. Haize suabe eta iraunkorra lagun, itsasoa bare eta urdin, Artizarra gidari, olatuak malenkoniatsu gure inguruan.
Olinpoko zeinuak, itxuraz, ezin hobeak ziruditen.
«Baina jainkoetaz ez dago inoiz fidatzerik» entzun zen norbaitek esaten zuela.
Esan eta gertatu. Handik gutxira Poseidon traidoreak ekaitza ekarri zuen. Ordurarteko zeru gardena bapatean hodei beltz eta erraldoiez estali zen, itsasoa dardaratu eta uhain izugarriak sortu.
Ozeanoko erregeak gure itsasuntziarekin, intxaur azal bat bailitzan, jolasteari eman zion. Bertan, hainbat batailetan parte hartu eta altzairatutako gerlarien oihuak masten zurrumurru negartiekin bat egin zuten. Hura bai sinfonia tristea.
Heriotz-soinu honek luzaroan iraun zuen, jainkoaren kapritxoa asetu arte.
Halako batean itsasoari lasaitzeko agindu zion, eta galdutako lagunen izenak gogoratuz, gorroto isilean, jakin genuen indarrean finkatzen den aginteak nolako erregela zorrotzak erabiltzen dituen.
Eta gure bidaiak hastea besterik ez zuen egin.
Horrela hasi ziren gure oinazeak Mediterraneoan zehar, alde batetik bestera, norabidea galduta, estutasunak edonon. Askotan aski zen bidaiaren bukaera somatzea, handik berehala, zulo beltzago batetan sartzeko, imajinatutako plazer puxka hori desplazer bilakatuz, ahoko gustoa garrazteko. Gurea, inpotentzi eta esperantzarik gabeko bidea.
Baina ni ez nator Itsasneskak, Zyklope edo Kirke-rekin izandako istiluak kontatzera; hauek, latzak izan arren, ez bait ziren gogorrenak gertatu. Gaur beste istorio bat kontatuko dizuet, samindura gehien sortarazten didana, pentsatzeaz bakarrik nire begiak negar malkoz betetzen dituen gertakari sumingarria.
Kirke-ren domeinutik alde egitea besterik ez genuen lortu, urte oso bat bere gatibu izan bait ginen, eta aski izan zen hiru egunetako nabigazioan arazorik ez izatea gure lurraldera iritsiko ginelako itxaropena, berriro ere, berpizteko. Baina jainkoek gutaz trufatu nahi zuten, gurekin jolastu. Horrela bada, opari bat prestatua zuten.
Bapatean, itsasoaren erdian, irla zoragarria dibisatu genuen. Haizearen indarrak berehala eraman gintuen bere kostaldera. Hasieran iruditu zitzaiguna baino askoz ederragoa zen. Fruitu, ibai garden eta animali ugari begi bistan azaltzen zitzaizkigun. Probisioak eskuratzea ongi zetorkigula eta, bertan lehorreratzea deliberatu genuen.
Leku guztiz paradisiako batetan aurkitzen ginela komentatzen genuen elkarren artean. Freskotasuna, janaria, txorien soinuak, bakea sentitzen zen paraje hartan. Gainera, aurretik izandako ibilaldiak kontutan harturik, horrelako aukera gehiegirik ez genuen izan ordurarte. Desioa, eta errealitatea batu egiten ziren, beraz.
Egoera berri hau dastatzen ari ginelarik, hara zein izango zen gure sorpresa, ume gaztetxo multzo handia azaldu zenean gure inguruan. Beraien farre, jolas, hitz eta zaratek guztia inguratu zuten, haien presentziak espazio guztia beterik.
Imajina zaitezte gerlari zakar haien aurpegiek zer isladatzen zuten. Ezin zuten sinestu ikusten ari zirena. Orain arte bakardadea, sufrimendua eta nekea jasan izan zuten gizonek hunkiturik zeuden, mutu, zer esan jakin gabe.
Zein liluragarriak ziren umeen algarak, zein natural eta espontaneoa haien komunikazioa. Eskutxoak eskeini eta uhartea erakusteko prest azaltzen ziren. Ez zuten beldurra ezagutzen, gaiztakeriarik gabeko aingerutxoak ziren. Oraindik ez ziren mundu hontako maltzurkeriaz ohartu. Haurtxo gaixoak.
Bazirudien amets bat bizi genuela. Guztia zen hain polita, samurra, hunkigarria... gure haserako erreparoak desagertuz joan zirela. Txikitxo haietaz fidatzen ginen, biziki maite genituen. Zein zoriontsuak ginen beraien artean.
Etxera itzultzeko gogo bizi haiek, emeki-emeki, ahaztuz joan zitzaizkigun. Azukre koxkor haiek beste ikusmolde bat eman zioten gure bizitzari, barnekaldean izkutaturik genituen emozioak sentiarazi, mozorroa kendu eta jatortasunez jokatu.
Egunak joan eta egunak etorri gustorago geunden. Uharte hartan, gainera, gerlari baten behar prezisoak aise asetzen ziren. Janaria, deskantsua, emakumeen musuak... eta, batez ere, umetxoak: haien irrifarre, goxotasun eta jolasek dena betetzen zuten. Hura zen bizi izateko grina. Alaitasuna alde guztietan. Haien presentziak eraberritu eta zentzu berriaren jabe egiten gintuen.
Paradisua. Gudariaren atsedena. Zoriontasun osoa.
Egun batez, zaila hango denbora kontrolatzea, festa bat egin behar genuela esan ziguten. Gure etorrera ospatu beharra zegoen eta, zirudienez, oraintxe zen garaia. Gurekin izan zuten adeitasuna kontutan harturik, nola ukatu inbitazio hau.
Handik gutxira janari, edari eta musikarik ez zen han falta. Berehala asetu ginen janariaz baina ardoa, gerlari batentzat batez ere, beti da beharrezkoa. Gainera, gusto berezia zuelako edo jakin zergatik, ardo beltz hura erraz sartzen zen; eta emeki-emeki, ia konturatu gabe, izugarria harrapatu genuen.
Zyklopearen istorioa guri gertatuko zitzaigula esan zuen norbaitek. Baina han ez zegoen kontutan ibiltzeko betarik. Mihia eta giharrak ongi askatuak genituen, eta era guztietako demostrazioei eman genion hasera. Gure aktibitatea, beraz, ez zen txantxetakoa.
Eta umeak farrezka eta pozik gure inguruan.
Baina ardoak ez du barkatzen. Behin gailurra, hartu ondoren goitik behera, pendizean, amiltzen zaitu. Lur jota gelditu ginen. Bakar batzuk, oraindik, musikaren laguntza zela-eta saiatu nahi zuten, baina alferrik.
Banaka-banaka gudaloste guztia errenditzen ari zen, oraingo hontan etsaia bestelakoa zelarik. Armada ausarta lurrean zetzan, erdi lotan. Hemendik aurreragoko gertakizunak ilunak dira, ilunegiak. Gorriagoak hobeto esanda, odolez gorritutakoak.
Gure lozorroa handiagoa zenean han azaldu zen, animali amorratuak bailiran, kontaezinezko ume taldea. Haseran, oraindik zerbaitetaz enteratzeko gai ginenok, harritu egin ginen. Haiek ez ziren gure umetxoak, ala bai. Agian, jolas egiteko gogoa izango zuten.
Dena den, laister baztertuko genituen gure zalantzak. Ume hauek, lurrean zeuden armak hartu ahala, etzanik zeuden gerlarien aurka erabiltzen zituzten, berauen gorputzak kupidarik gabe zigortuz.
Gertatzen ari zen txikizioaz benetan jabetzen ari ginenerako lagun multzoa hilik zegoen, zatikaturik. Beste batzuk, edaria eta nekea zela medio, begiak zabal-zabalik borreroen zai zeuden. Ezer ulertu gabe baina nahitanahiezko heriotzetik ihes egiteko ahalmenik gabe, etsiturik.
Besteok, amets gaizto honetatik irtetzen saiatu arren, ez genekien zer egin. Nora joan, egoera berria bapatean etorri zitzaigun, gutxien espero genuenean eta, harrigarriena, ume batzuk besterik ez ziren. Nola borrokatu, eta zergatik.
Gehiegi pentsatzeko denborarik ez zegoen. Gero eta ume multzokada handiagoa zetorren gure kontra eta ondorengoek aurrekoek baino sadismo gogorragoarekin erasotzen zuten. Eta irrifar zabal-zabalarekin.
Finean, handik aldegitea erabaki genuen, untziruntz abaiatu. Horretarako, bera ere hondoratu nahiean ari ziren berria zabaldu bait zen, ahal genituen zauritu eta armak eramanaz, noraezean baina itsasoruntz zuzendu ginen. Gure atzetik, arrapaladan, ume asesinoak.
Belarrietan, irlan gelditzen ziren lagun zaurituen oihu eta kexak. Bukaera krudela beraientzat. Gure barruan, inpotentzia eta amorrua.
Halako batean untzira iritsi ginen. Presaka eta korrika, zaila egoera hartan, nabigaziorako prestaketei lotu, belak jarri eta, haize gutxi bait zebilen, arraunean ipini behar izan genuen.
Umeak, bere alde, nabiora igotzen ahalegintzen ziren, ehizaldiari jarraiera emateko asmoz. Ahal genuen modura defendatu ginen, eta gelditzen zitzaizkigun indar apurrak honetan kontsumitu.
Haien odol egarria, hala eta guztiz, ez zen berehala asetzen. Otso itsuak ziruditen, artalde baten atzetik. Helburua ez zen banaka batzuk hartzea, talde guztia suntsitzea baizik.
Baina, azkenerako, itsasuntzia martxan jarri genuen, itsaso zabaleruntz abiatuz. Piskanaka-piskanaka gure etsaiak amor ematen hasi ziren eta, uretara salto eginik, itsasoko handitasunean desagertzen.
Nabioko kubierta ikustea besterik ez zegoen han gertatutakoaz ohartzeko. Imajina ikaragarriak, zaurituak nonnahi, hilak, guztia odolduta.
Han, itsasoan barneraturik, arrauntzeari ekiten genion oraindik, automata batzuen gisara, norabiderik gabe, baina ihesi nahian, eromen arraro batek itsasuntzi guztia gidatuz.
Gure aurpegiek ez zuten espresiorik adierazten, zoramenak hartuta ziruditen. Ez zen hitzik entzuten, ezta kexurik ere. Inork ez zuen sinesten, ezta ulertzen ere, gertatukoa. Jakin, aldiz, guztiok genekien han iragandakoa. Gu ginen tragedia hartako protagonistak. Orain, egin genezakeen bakarra zera zen: naufragio hartako hondakinak jaso eta alde egin. Beste guztia, geroaren esku.
Handik denboraldi luze batetara gure lurraldera heldu ginen. Nere semea, Telemako, ikusi nuenean ez nuen berarekin hitzegin nahi izan. Bidaiko oroitzapenak gogorregiak ziren. Gizonak dena aguantatu dezake, gerla, sufrimendua, lagunen heriotza... baina aurpegi irrifartsu baten azpian dagoen deabrukume horren intentzioa ez. Inolaz ere ez!
|