Haurren gurutzada
Bertold Brecht
euskaratzailea: Robert de Nigro
Polonian, hogeitahemeretzigarrenean guda odoltsu bat gertatu zen eta hiri eta bailarak hondamenez eremu bihurtu ziren.
Hantxe galdu zuen arrebak neba eta emazteak senar soldadua. Eta, su eta garren artean, semeek beren gurasoak galdu zituzten.
Ez zen Poloniatik ezertxo ere iristen. Ez berririk ez gutunik. Baina bazegoen kondaira xelebre bat, Ekialdeko herrietatik hona eta hara.
Kontatzen zuten askotan kondaira hori. Behin hiri handi batetan kontatzerakoan elurra egin zuen. Polonian gurutzadan abiatu ziren haurretaz zen.
Bideetatik zehar, otso gosetien moduan, haurrak zihoazen. Bonbaz suntsitutako bailarak zeharkatzean haur eta haur gehiago biltzen zitzaien.
Ihes egin nahi zuten, ihes. Guda eta ametsik beltzenak atzean utzi. Iritsi nahi zuten, iritsi, pakean zegoen nonbaitera.
Haien artean bazegoen buruzagi bat menpean jarri zituena. Ez zuen ezagutzen, ordea, bidea eta horixe zen, bai, bere kezka nagusia.
Hamaika urteko neskatila lau urteko haurraren ama zen: amak eman dezakeena ematen zuen, baina ez pakearen lurra.
Judutar bat ere bazebilen, zein baino txikiago! Bere papar aldeak tertziopelozkoak ziren. Ogirik zurienera zegoen egina. Hala eta guztiz, nola jasaten zuen dena!
Beranduago bi anai elkartu zitzaien, biak oso estratega onak. Hauek bazekiten euria egin ondoren baserritarrek abandonatutako etxolak nola hartu.
Bazegoen ere haur bat, mehar eta zurbila, beti aparte zebilena. Kulpa galanta zuen gainean: nazien enbajada batetik bait zetorren.
Eta musikari bat gainera. Honek denda huts batetan danbor on bat aurkitu zuen. Jotzeak salatuko lituzkete eta haur musikariak etsi egin zuen.
Zakur bat ere bazeramaten beraiekin. Hartu zuten haragia egiteko asmotan baina ez zen inor ausartu. Horrela aho bat gehiago.
Eskola bat ere bazegoen eta bertan oinarrizko maisutxo bat. Arbela puskatutako tanke bat zen. Hantxe ikasten zuten «pakea» hitza.
Azkenean neguko erreka baten zarataren artean egin zen kontzertu bat. Haurrak bere danborra azkenik jo zuen baina ez zion inortxok entzun.
Faltatzekotan ez zen faltatu maitasun handi bat: hamabost urte, galanak; hamabi, maitaleak. Lur jotako etxola zahar batetan, neskak bere maitearen ilea orrazten zuen.
Maitasunak ordea ez zuen jasan etorri zen hotza: nola hazi daitezke zuhaixkak neguko elurraren azpian?
Gerra ere egon zen beste talde batekin topo egin zutenean. Baina gerra hori zentzubakoa zela ikustean, berehala amaitu zuten.
Garita baten inguruan elkarren arteko gura inoiz baino gogorragoa zenean, bietako talde bat janaririk gabe geratu zen.
Besteak hori jakitean, etsaiari patata zaku bat bidaltzea erabaki zuen. Izan ere, jateke inork ezin du borrokan egin.
Bi kriseiluren pean epaiketa bat egin zuten. Eta luze eta zehatz batenak eta besteenak entzun ondoren, epailea izan zen zigortua.
Hileta bat egin zen: paparrean tertziopeloa zuen haur harena. Bi alemaniar bi poloniarren ondoan izan ziren haren gorputza lurperatu zutenak.
Fedea eta esperantza ez zuten faltan baina bai haragia eta ogia. Babesa eskatu eta eman ez zienak ezin dezake ezer esan, ohostua izan bazen.
Baina inork ez du salatzen mahaira gonbidatu ez zituen pobrea. Berrogeitahamarrentzat irin asko behar da: ez da nahikoa borondatea.
Bi edo hirunaka etorri ezkero edozeinek hartu ditzake, baina haurrak tropelean etortzen badira, berehala ixten dira ateak.
Suntsitutako hazienda batetan irin piska bat aurkitu zuten. Hamaika urteko neska batek, mantala eta guzti, zazpi ordutan ihardun zuen ogia egiten.
Masa egin zuten lasai-lasai, ondo ebakitako egurrak ondo hartzen zuen sua, baina ogia ez zen igo, inork ez bait zekien egosten.
Eguzki bila joatearren Hegoaldera abiatu ziren. Hegoaldea da eguerdian dena argiz blai dagoena.
Pinudi batetan soldadu batekin egin zuten topo. Zazpi egunetan zaindu zuten, eta zera pentsatzen zuten: «honek gidatu gaitzake».
Baina soldaduak esan zuen: «Bilgoray-ra!». Sukar handia izango zuen antza denez: biharamunean hil bait zen. Lurperatu zuten ondoren.
Elurrak ez zien ikusten uzten bide-seinatzaileak. Baina ez zuten bidea seinalatzen. Alderantziz jarrita zeuden.
Ez zen ordea txantxetakoa: neurri militarra baizik. Bila eta bila ibiliarren, Bilgoray ez zuten inoiz aurkitu.
Buruzagiarekin bildu ziren, eta berarengan jarri zuten konfidantza. «Handik izan behar du» esan zuen, begiratuz horizonterantza.
Gau batez sua ikusi zuten: hurbildu gabe segitzea erabaki zuten. Berriro ere tankeak pasa ziren, oso hurretik, baina gizonak zihoazen barrenean.
Azkenean, egun batez, hiri batetara iritsi ziren eta ez ziren inguratu. Gauez ibili ziren galdu zuten arte.
Poloniaren Hego-ekialdetik barrena, ekaizpean, elurraren artean ibili ziren berrogeitahamar haurrei buruzko berriak galtzen dira.
Begiak itxita nere barruan ikusten ditut nola dabiltzan batetik bestera errati, suntsitutako etxe batetik bondardeatuta izan den bestera.
Haien gainetik, zeruaren parean, karabana sekulakoak nekez joaten dira haizearen kontra, aberririk, helbururik gabe.
Pakea dagoen herri baten bila dabiltza, suterik egon ez daitekeenik, datozen haren ezberdina. Eta elkarrekin kortejo handia osatzen dute.
Eta, arrats beheran, beraien aurpegiak ez dira antzekoak ere. Orain ikusten ditut beste haurren aurpegiak: espainiarrak, frantsesak, ekialdekoak...
Eta urtarrilaren hilabete hartan Polonian zakur flaku bat aurkitu zuten, lepoan zintzilik kartel bat zeramana.
Esaten zuen: Lagundu. Bidean galdurik bait gaude. Zakur honek ekarriko zaituzte. Berrogeitahamabi gara.
Ezin baduzue utzi bere bidea segitzen. Ez ezazuela hil. Berak bakarrik ezagutzen du leku hau».
Haur baten letra zen eta baserritarrak izan ziren irakurri zutenak. Urte t'erdi iragana da ordutik. Gosez hilik zakur bat aurkitu zutenetik.
|