Maddiren ispilua
G. Arroyo
(R. Carlson-en «Family Life» liburutik itzulia eta moldatua)
Ba omen zen behin, aspaldi, aspaldi, urrutiko erresuma batean, Edurne Zuri izeneko oso neska xarmant eta ponpoxa bat. Edurneren amaordea, egunero ispiluari galdezka ari zitzaion: Ba al dago mundu zabalean ni baino ederragorik? Eta ispiluak esaten omen... Beno, barka! Agian ipuin hau hamaika aldiz entzuna duzue jadanik, besteren bat konta beharko nizueke... baina... horixe da!... amaordearen ispiluarena kontako dizuet. Akaso, aitatxok esan dizue munduaren hasieran izugarri handia zen ispilu bakarra zegoela, eta izaki guztiak Ispilu bizi zen eremura zihoazela, beren irudiaz jabetzeko. Behintzat, tximistatzar harek, milaka zatitxotan, apurtu baino lehen... Baina, baina guzti hau ere nahiko ezaguna da... agian onena, Maddi izeneko neskatila baten etxera joatea izango dugu, berak bait dauka gaurregun, amaordearena izan zen ispilu ospetsua, gainera ispilu hiztuna denez eta... ea, ea... bai! Bai! Ordu egokia!... akaso ipuinen bat kontatzen dihardu, Maddi lotaratzeko... Ixo! Eta adi, adi, entzun...
Ispilu, ispilutxo, nola diozu deitzen zirela?
Kaemu edo antzeko zerbait, ez nago oso ziur, guzti hau aintzina gertatu bait zen. Gainera, izenik ez zuten aipatzen. Izen hori, gizon txarrek besapean zeramaten liburukotean irakurri nuen, eta badakizu ni irakurtzen...
Aitzakiak ispilutxo! Baina, segi, segi, kontaidazu zer egiten zieten gizon txarrek Kaemu edo gizarajo horiei.
Beno, bada... gizon txarrek plan bat asmatu zuten.
Plan, plan, rakataplan! Eta zer demontre da plan bat?
Zuk jostailuak ez dituzunean batu nahi, zer egiten duzu?
Jo! Tipitipi, tipi... ba... negar eta garraixi.
Horixe da plan bat «negar egingo dut jolasak ez batzeko». Hemendik aurrera, negar egiteari jolasak ez batzeko plana deituko diogu, plan guztiek izena behar bait dute.
Bale! Eta zein zen gizon txarren plan arraio hori?
Bada, plana Kaemu-ak menderatzea zen. Horretarako hizkuntza berri bat irakatsi zieten, honela, gizajoek, ez zituzten ulertuko gizon txarrek esaten zituzten hitz arraroak: azpiegitura, taktika, belaunaldia, egitasmoa, ebazpena, karbonatoa eta halakoak.
Azpiegitura, teknika, bikarbonatoa... bai... arraroak benetan! Hori bai plan liluragarria!
Geroztik, ipui eta istorio guztiak hizkuntza berrian idatzi zizkieten, janari berriak egin zituzten eta bereziki jantzi zituzten.
Gaiztoak benetan gizon txarrak! Jarrai, jarrai planarekin.
Bada, gizon txarrek tramankulu ugari zuten, Kaemu-ei biziki gustatzen zitzaizkien tramankuluak gainera. Gauza asko egiteko gai ziren traste haiek erabiltzen jakinez gero. Kaemu-ei, maneja ez zitzaten, debekatu egin zieten erabiltzea eta haien ordez, ezertarako balio ez zuten tramankulotxoak eman zizkieten. Azkenik, plana bukatzeko, Kaemu-ak leku berezietan sartu zituzten.
Gartzelan? Iñoxentzio bezala?
Bai, baina ez edonolako gartzelan. Han diziplina irakasten zieten.
Diziplina? Iufa! Katarroa kentzeko beste injekzioren bat al da hori?
Okerragoa, Maddi, okerragoa!
Okerragoa, okerragoa, okerragorik ez dago! Eta ez zaitez hain harro jarri, bikarbonato eta diziplina zer diren dakizulako! Plan, plan, rakataplan! Segi, edo bestela ispilua haserretzeko planarekin hasiko naiz.
Umm, gero!... Diziplina eta beste gauza asko ere. Burua baliogabeko gauzez bete arte, hala nola: erresuma hartan inork ez zekizkien hizkuntzak, inoiz ikusiko ez zituzten mendien izenak, zeinu arraroak, istorio aspergarrienak, hildakoen bizitzak eta halakoak.
Eta gainera diziplina injekzioak!
Diziplina injekzioak bai! Egunero, oso zoriontsuak zirela esaten zieten, munduko zoriontsuenak. Gizon txarrek beraiek bezain zorointsuak izan nahi zutela. Kaeinu-ak onak zirela, Rousseauk frogatua zuela, eta onak izaten jarraitu behar zutela.
Ba, Iñoxentziok dioenez rusoak onak dira.
Rusoak... Rusoak, bera bai Ruso ona!
Beno, eta nola bukatzen da ipuina? Logura naiz eta bukatzeko ordua da.
Azkenean gizon txarrek Kaemu-ak menderatu zituzten, noski!
Plan ederra! Gizarajoak! Ez nuke inola ere Kaemua izan nahi.
Gabon Maddi. Ondo lo egin!
Baita zuk ere... Ah! Ispilutxo, zuk diozunez plan guztiek izena dute.
Bai honek ere bazuen berea. Ea gogoratzen dudan... Aro... Aroa... Ah bai! ... Haurtzaroa.
|