L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-3 / Haur gozo horiek (1987-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Zazpi urteko poeta

 

Mikel Lasa

 

Natalie Cuif-ek Arthur Rimbaud erditu zuenean ez zekien nor zekarkien mundura. Halabaina, badirudi Baudelaire-ek urte batzu lehenago beregan pentsatu zuela poetaren amaren ahotan bertsook ipini zituenean:

 

                Gorengo botereen agindu bategatik

                Mundu hontan poeta agertu zenean,

                Bere ama izuan eta biraoz beterik

                Jainkoaren kontra dabil, bere haserrean

                «Zergatih eztut sortu sugea ta ziraua,

                Altzatu baino lehen nire urkamendia?

                Maradikata bedi atseginezko gaua,

                Egin zitzaidanean nire galmendia!» (1)

 

        Baudelaire-n trenoa poeta guztiei (edo eta poeten ama guztiei) egotz dakioke, ez baitago malur haundiagorik munstro espiritual bat, molde jator eta arau guztietatik at, mundu hontara ekartzea baino. Poeta, poeta den bitartean ezulertu bat izanen da eta etsipenez eta ezinbestean, poesigintzak bere inguruan sor dezakeen atmosfera arrarotuan bizi ezinik, poetatasunari amore emango balio, lehenengoari gutti zor lekion beste arrisku baten xederan erortzetik gertu legoke: poetatasunaren inbertsioan hain zuzen.

        Bigarren arrisku honetan eror baledi, traizio guztien obratzeko prest legokeen munduko izaki nardagarrienean bilaka daiteke poeta. Izan ere badirudi poeta 6. ahalmen berezi batekin jaiotzen dela: hitzaren zein bizitzaren funtsezko anbiguitateari buruzko perzepzio jasangaitzekin.

        Bere senar militarrak anka egin zuenetik, Natalie Cuif bere porrotari ordaina bilatu nahirik dabil eta energi guztiak semeen heziketara zuzenduko ditu, etorkizun ohoragarri bat izan dezaten. Xuxena eta latza da Natalle Cuif bere semeekiko.

        Urteen iraganaz haren esperantzak porrot eginen du berriro.

        Arthur-ek lau urte zitueneko pasadizu bat kontatzen dute bere biographoek. Egun batez liburudenda bateko eskaparatearen aurrean gelditu da bertan erakutsiak dauden enkuadernazio gorriei eta irudi liluragarriei so. Saltzailea ezari-ezarian irteten da, eta gibeletik haurrari ustekabean hurbiltzen zaiolarik, galdegiten dio:

        —Zein gustatzen zaizu gehien?

        Irudi ederrak seinalatzen ditu.

        —Nahiko zenuke erosi?

        —Sosik ez daukat.

        —Sosik ez daukazula.

        —Ez. Baina nire arrebatxoa trukean emango nizuke.

        Arthur ikasle azkarra izan zen ahalik eta ikasketak eta karrerak oro ankaz gora bota zituen arte bere errebeldi poetikoari bidea libre uzteko. Binbitartean sari franko jasotzen ditu kolegioan eta amak esperantza osoa du haurrarengan.

 

                Eta ama, eskolako kaiera hertsiaz

                badoa arro eta pozik, ohartu gabe...

 

        Arthurek txikitandik bere baitan egozten ari den mundu izkutu urdurigarria.

 

                                            ... ohartu gabe

                bere begi urdinetan eta bekoki gailurtsuan nabari

                den bere haurraren arima likiskeriari emana.

 

        Zazpi urteko poetak dagoeneko, ohartuki eta delibero osoz jokatzen du anbiguitatearen jokoa; misterio guztiak arakatu nahi ditu, susmatuz misterio ororen azpikaldean izkutatzen den kaos linbur hordiragarria.

        Rimbaud-tarrak bizi diren etxeak, etxaurrean jardintxo zarpail bat dauka. Jardintxoa inguratzen duen harresian eginiko zulotxo batetan Amabirjinaren iruditxo bat dago, zeinen aurrean, egunero hogei aldiz, ama Natalie belaunikatzen den pasatzen den bakoitzean. Jardintxo horretan dago baita ere komuna, non zazpi urteko poeta

 

                udaran, ergel, abaildua, tematsu

                komuneko freskuran gordetzen du bere burua eta han dago

                gogoetan trankil, sudur zuloak zelatan.

 

eta neguan jardintxoko argia ilargitzen denean, satsetan etzanik arboladi eriaren zurrumurruari adi, bere begi nabarrak hersten ditu bortizki ikuskizun bila, untzi ordia, iluminazioak eta infernuan aro batez poema nagusietan deskribatuko dituen lehen aztarnen bila jadanik.

        Amak jelosten duen Charlevill-eko burgeskumeen konpainira inguratu ordez, auzoko

 

                mutiko lelo, kaskamotz, begi lauzo,

                ergelen baretasunez mintzo diren horiek

 

aukeratzen ditu lagun bezala. Inoiz bragarik jazten ez duen auzoko langileen neskato betilun eta txoroarekin zokoetan burruka egin ondoren bere gelara erretiratzen da neskatoaren larruaren usainak sudurkatzera.

        Arthur-en gela! Etxeko ganbaran kokaturik dago eta teilatuko lehiotxotik sartzen den argiak argigolko bat sortzen ilunbearen erdian. Han goian ikus daiteke gogoeta sakonetan murgildua arkaingeruzko kopeta gailurtsua eta adatzak zirimoloan dituen zazpi urteko poeta. Lehiatilez itxitako gela barne biluz garai urdinean, Gustave Doré-ren grabatuekin ilustraturiko desertu eta lurralde exotikoei buruzko eskolan sari bezala jasotako bolumen ederrak, Robinson-en bertsio ezberdinak eta Natur Zientzietako liburuak orriztatzen ditu behin eta berriro, eta

 

                hainbat aldiz ausnartutako bere nobela irakurtzen du,

                zeru odeitsu nabarrez eta ura dario oihanez betea...

 

        Eta ohean etzanik, irudimenak daragion ikuskizunetan galtzen da

 

                zorabio, ondamen, sakabanazio eta erruki!

 

        Moeta orotako sentimendu nahasiak borboka datozkio, hainbesteraino ze ohe gainean nahas-mahas datzaten izarak antzaldaturik ikusten baiditu urrutira partitzear doan belauntzia bailira.

        Harrez gero hori izanen da Arthur Rimbaud-en patua: parti, ihesi joan, eta berriro ere aldegin anbiguitatearen saretik libratu ahal izateko bere burua behin betikotz.

 

        (1) C. Baudelaire, Bedeinkazioa. G. Arestiren itzulpena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.