L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-3 / Haur gozo horiek (1987-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Berriz haunditzen banaiz suizidatu eginen naiz

 

Patxi Perurena

 

        Bai bada, halatsu esan zuen Claude Guillon zelako batek: «haunditzen naizenean suizidatu eginen naiz». Nahita ere, ezin liteke haurtzaroa gehiago estima lezakeen esaldirik aise aurki. Claude delakoa, ez zen euskaldun kastakoa izanen, ez dut halaxe uste, ezen guk betidanik izan dugun ametsa haundi izatea izan bait da. Nire esperientzia kaxkarrak, behintzat, hala erakutsi izan dit:

        «Asko jaten ez baduzu ez zara haundia eginen eh! Tira jan dena! Zer egiten duzu negarrez? Zer esan behar du gizonak, hain mutiko haundia negarrez ikusita! Tira, haundia egin zara, eta haundik ez dute negarrik egiten. Txintxo portatzen bazara, eskopeta erosiko dizut haundia egiten zarenean...»

        Bakoitzak nahi haina luza lezake zerrenda. Baina, nik nahi dudana azaltzeko, haur kanta guziz adierazgarri bat ekarriko dut gogora:

 

                Laster laster laster laster

                haunditzen naizenean

                aitatxoren bila joanen naiz

                izar baten gainean

 

        Buruz ari naiz, eta ez dakit seguru kanta horrela den. Edozein moduz, kantaren mezua eta sikologia ezin aproposagoak lirateke nik adierazi nahi nukeena adierazteko. Horra hor, argi eta garbi, euskaldunok haurtzaroari eman diogun zentzua. Nahitaez, haundi izan behar eta haundi izan nahi horren aitzakitan, edo mehatxupean desegin izan dela uste dut gure haurtzaro murritz eta lastimosua. Horregatik izan gara, behar bada, hain irudimen ahulekoak euskaldunok, kasik haurtzarorik izaten ere utzi ez digutelako.

        Haur literatura erruz landu zuen autore bati oso ezaguna den galdera bat egiten zioten:

        — Nola da posible, zure lanak, batez ere haurrentzakoak, jende larriak arrapazka erostea?

        — Hori ez da batere harritzekoa —erantzuten zuen autoreak—. Gutariko bakoitzak haur ttiki bana bait daramagu barrenean.

        Horra hor gakoa. Euskaldunok, ene uste apalez, barrenean daramagun haur ttiki honi hitza ukatzeko joera mesuragabea izan dugu. Eta hortaz ohartu bide den artista bat bada Obaban. Guretzako gizontasuna, seriotasuna, derriorrezko adjetiboak izan dira. Kuidau gero umekeritan inor ibili!

        Egia esanen badut, jatortasuna, seriotasuna, oroz gain zaindu beharreko haunditasun faltsu horrengatik sofritzen dut gehienik euskaldunon artean. Oso bakan egiten dut topo, barrengo haur ttiki hori maite duten euskaldunekin, eta egia esan, topo egiten dudanetan, umea zapata berriekin bezala senditzen naiz.

        Literaturan, poesian, musikan, pinturan, finean artea nabari den edozein xokotan, haur ttiki horrekin egiten dut topo. Haur ttiki horixe bait da kulturaren aita, eta hori, gizon unibertsalaren aita ere, Wordsworth-ek ongi aski esan zuenez.

        Horregatik pentsatu izan dut beti (eta hau, abortoen istiluak baino lehenagoko pentsakizuna da) haur hil bana daramagula eushaldunok geure sabel ilunean. Zenbatez zoragarriagoa izanen ote litzateke gure herria barrenean dararnagun haur hil honi bizitzarik emanen bagenio! Ezen haur hil horri bizitzarik eman nahi ez dion herria, heriotzera kondenaturik dagoen herria bait da; areago esanen nuke oraindik: hilik bizi den herria. Hortaz, atrebentzia haunditxoa ez bada, gure herria oraindik, neurri haundi batean, hilik bizi den herria dela esanen nuke, haurtzarorik gabeko herria, hilda bizi den herria bait da.

        Norbaiti izugarrizko astakeriak esaten ari naizela irudituko zaio, baina, kasik neronek bizitako esperientzia kondatzea astakeria bada, zer eginen dut bada nik. Haurtzarorik ez dut ezagutzen nik, haundi izan nahi nueneko aro ilun hura ez bada behintzat. Haundi batek bezala betetzen nituen inoren aginduak. Nik esatea ez dago ongi, baina, mutiko txintxoa, esanekoa, eta langilea izan nintzen haurtzaroan. Hori dela eta, jande larriak nerekiko erakusten zuen estimua izan zen nere haurtzaroko orguilo bakarra.

        Oroitzen naiz. Abuztuko Amabirjinetan, gure herriko festetan, batipat aitaren aldetiko izebosabak nola biltzen ziren bazkaltzera gure etxera; haurtzaroan han biziak bait ziren denak. Ahal zutenetik jan eta edan ondoren, urtero beren haurtzaroko pasadizoak kondatzen pasatzen zuten bazkalondoa, hirulau ordutan luzatzen zen bazkalondoa. Ni harriturik egoten nintzen haien istorioak aditzen; ohartzen bait nintzen inoiz ez bezalako grina eta sentimendua jartzen zutela bakoitzak bere azainak kondatzerakoan. Istorioa nolako, batzutan alegrantzia bezain barren sartzen zen bestetan tristura, nahaiaren inguruan izaten ginen guzien bihotzetara. Sekulan ez nituen entzuten deustaz hitzegiten, haurtzaroaz baino gartsukiago gure izebo-sabak!

        Orduan, haien haurtzaroko bihurrikeriak, xelebrekeriak, malurrak eta abenturak aditzean, hasi nintzen, behar bada, haurtzarorik gabeko kreatura nintzela konturatzen. Orduan, ene munduan izateko modu serioegiaz eta gizonegiaz ohartzen. Horregatik, geroztikako ardaila bakarra, galdutako haurtzaro hura berreskuratzea izan dut. Eta aitortzen dut, neure egoera hartaz ohardun egin izan ez baldin banintz, hilik bizi naizen kreatura nintzatekeela oraindik gaur.

        Gauzak horrela, atzekoz aurrera bizi beharra tokatu zait. Oraindik haur izan baino lehen gizondu nintzen, eta osota haunditu baino lehen, Clauderen esana beteaz, suizidioa gainditu nuenez gero, haurtzen ari naiz orain. Hilik bizi edo haur izan, beste aukerarik ez bait nuen aurkitu mundu zikin honetan. Latza da, badakit, inguru guziaren kontra bizi behar hau, baina jakin, benetan pena merezi duela ere, badakit. Ez dut inoiz ahaztuko, eta zuek ere gonbidatu egiten zaituztet oroitzera; harako Jadil Gribranengandik ikasitako hura: «saia zaitezte haiek (haurrak) bezala izaten, baina, ez gero santa sekulan ahalegindu, haiek zuek bezala (gizon) bihur arazten».

        Beharrak erakusten omen dueneko herri batean bizi naiz zoritxarrez, baina, niri Aragoiko zinegile batek, Luisek hain zuzen, beharra gero etortzen zela erakutsi zidan. Haurrok ez dugula beharrik ezagutzen, kasualidadea eta azarea direla gure eskolako maisu nagusiak. Gure fatua azarearen baitara bihurtzeko gauza izanen bagina, eta desmaiorik gabe gure bizitzaren misterioa onartzeko, zoriona hor genuke aparte gabe, inozentziaren oso antzekoa (eta zer da haurtzaroa, inozentzia ez bada). Nonbait hor, azarearen eta misterioaren artean, irristatzen da imajinazioa (eta zer da haurtzaroa, imajinazioa ez bada), gizonaren libertade osoa dena.

        Kasualidadea, azarea, misterioa, imajinazioa, fantasia, inozentzia... hauexek dira, nik, euskaldun izateagatik, haurtzaroan ezagutzerik izan ez nituen erlikiak, eta hauexek, nik berreskura nahi ditudanak, ezen niri, haur ttiki honi, hauexek bait dira libertade osoa ematen didatenak. Eta kasualidadez —gauzak nola izaten diren eh—, Aragoiko zinegile haren pelikuletako aktorerik hoberenak ere, haurrak eta enanoak izan omen ziren. Bai iruditzen niri, beti ametsetan bizi izan zen haur ttikia izan zela hura!

        Gauza gehiago ere esan dezaket nik, ezagutu ez nuen haurtzaroari buruz. Konparazio batera, amodioak haurtzarora bihurtzen nauela. Misteriosa eta imajinazioa, haurtzaroarenak bait dira, eta zer da, amodioa misterioa eta imajinazioa ez bada. Esan dezaket ere, denboraren nozioa galduko dudala haurtzaroa berreskuratzen dudanean. Egunak ez bait ditut kontatuko, eta orduak ere ez. Hiru lo eginda, bi lo eginda, eta beste lo bat gehiago eginda, mundu fantastiko batetako festak hasiko direla imaginatuko bait dut.

        Esan dezaket baita, loak kontatzea ametsak kontatzea baizik ez dela. Eta bizitza amets bat baizik ez dela ere esan dezaket Calderon-ekin batera. Beraz, haurrek, amets egin beste lanik ez dutenez, mundu zikin honetan benetan bizitzen diren kreatura baharrak direla ere esan dezaket.

        Eta horrela konta dezaket mila istorio. Esate bateko, amets abismal baten sakonetik esnatu, eta errealidadea ignoratuaz, gau iluneko izuaren pasilu zurietan barrena gurasoen koartora ikarak hartua suspiriotan korrika joaten zen haurraren kasua, eta beste asko antzeko ere bai.

        Baina ez, aski dut, gainera euskaldun guziak kontra ditut; ez bait dute ene haurtasunik maite, eta isildu eginen naiz.

        Bukatzeko, amona zenari haurtzaroan ikasitako kontu batzu besterik ez. Hasteko, behin arreba gazteari esan ziona:

        — Amona, Patxikuk pittilina du.

        — Bai maittea, badakit...

        — Nik ere Patxikuk bezelako pittilina nahi dut.

        — Bai maittea izanen duzu, zuk ere bai...

        — Noiz amona?

        — Ba, formala bagara, haunditzen zarenean.

        — Eta formala ez banaiz?

        — Ba, formala ez bagara, nahi hainbeste izanen dituzu maittea!

        Horra hor, jatortasunaren eta formaltasunaren aldeko ez izateko beste arrazoi bat gehiago. Hona beste kopla gisako bat, gure amona zenak sarritan kantatzen edo marmarikatzen zuena:

 

                Harri koxkor bat jaurti ninan

                oharhabe haurtzaroan

                Jagoiti haren xerka nabilan

                eriden arte behingoan.

 

        Erreparatzen baldin bazarete, oso kanta adierazgarria da haurtzaro kontu honetan. Ikus, bertan haurtzaroak hartzen duen zentzua eta garrantzia berebizikoa.

        Bukatzeko, jada hil zorian zela, maiz xuxurlatzen zueneko errefrau xahar bat ekarri nahi nuke gogora: «haur jaio ta haur bihurtu». Hauexek dira sekulan ahaztuko ez ditudan hitzak, Amonak hil aurretik, ohetik jeiki egin nahi, eta ezinean zebilela, esan zituen azkeneko hitzak bait dira. Hauxe da nik amonagandik ikasi nuen gauza bakarra, alegia, gizon baten historia, finean, ez dela haur baten historia baizik. Eta euskaldunak besterik ez bezalakoak izanagatik ere, ez gara libratzen horretatik, nahiz gure haurtasuna disimulatzeri senperrenak eta bost egin. Bizitza, edozein kreaturaren bizitza, haurtzaroaren inguruan burutzen den dantza zirkularra baizen ez bait da. Ni behintzat, berriz haunditzen banaiz, edo gizontzen, gauza berbera bait da, suizidatu eginen naiz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.