L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-3 / Haur gozo horiek (1987-iraila) —<porr0319>




 

 

Ipuin kondatzailea

 

Saki

 

euskaratzaileak:
Mirande
Mikel Azurmendi

 

Arratsalde bero bat zen eta konpartimendua, ohi denez sargori zen, eta hurrengo geltokia Templecombe zen, kasik ordubeteko bidearen buruan. Konpartimenduan zeudenak neskatxa ttipi bat, neskatxa ttipiago bat eta mutiko ttipi bat ziren. Haurrekin zegoen izeba txoko-jarleku batñoan zegoen, eta haren pareko beste txokoan heiekin batera ez zebilen gizonezko bat, ezkongabea bera; baina egon, neskatxa ttipiak eta mutiko ttipia zeuden konpartimenduan. Izeba eta haurrak motz baina, jo-ta-ke ari ziren hizketan, bere burua kanpora uxatzera utzi nahi ez duen euli etxekoi baten inguruminguruak oroitarazten zituztela. Bazirudien izebaren ateraldi gehienak «Ez hori egin» hitzekin hasten zirela, eta kasik haurren ateraldi guztiak «Zergatik?» hitzarekin Ezkongabeak deus ez zuen ozen esaten.

        «Ez hori egin, Cyril», oihu egin zuen izebak, mutiko ttipia jarlekuko almohadillak jotzen hasi zelarik, errauts odei bat ateratzen zuela kolpe bakoitzean.

        «Hator hona leihotik begiratzera», esan zuen gero.

        Haurra gogo txarrez aldatu zen leihora «Zergatik jalgierazten ari dira ardo horiek soro hortatik?» galdetu zuen.

        «Uste diat belar gehiago baden beste soro batetara eramaten ari direla» esan zuen izebak boz ahul batez.

        «Baina belar franko bada soro hortan» ihardoki zuen mutikoak; «belar besterik ez da hor. Izeba, belar franko bada soro hortan»

        «Beste soroko belarra hobeago dukek edo» esan zuen izebak xinple xamartxo.

        «Zergatik da hobeago?» etorri zen berehala nahitaezko galdera.

        «O, begira'iek behi horiei» oihu egin zuen izebak. Kasik trenbidearen ondoko soro orok behi edo zezen bazituen, hala ere bitxitasunen bati oharterazten balio bezala mintzo zen.

        «Zergatik beste soroko belarra hobeago da?» tematu zen Cyril.

        Ezkongabearen begitarteko zimurrak sakonagotu ziren beltzuri egiteraino. Hura gizon latz, antipatiko bat zela, deliberatu zuen izebak bere baitan. Baina soro hartako belarrari zegokionez, guztiz inkapaza zen bidezko eritzi bat lertzeko.

        Neskatxa ttipienak dibertsio bat asmatu zuen «Mandalay-rako bidean» gogoz esaten hasi zelarik. Lehen neurtitza baizik ez zekien, baina ahal bezain osoki baliatzen zen bere jakite mugatu hortaz. Neurtitza berriz eta berriz ere esaten zuen, ametsetan balitz bezala, baina deliberatuki eta ongi entzuteko gisan; ezkongabeari iruditu zitzaion norbaitek neskatxari apustu egin ziola neurtitz hura bi mila aldiz gelditu gabe esan ezetz. Apustua nornahik egina ziona egina ziola, jokatutakoa galtzear zegoen (1).

        «Zatozte hona, ipuin bat entzutera» esan zuen izebak ezkongabeak bi aldiz izebari eta behin alarma-seinaleari begiratu ondoren.

        Haurrak makal makal aldatu ziren izeba zegoen konpartimenduko txokora. Nabari zen kontatzaile bezala ez zedukatela gora.

        Ahots apal eta konfidentzialez mintzo zela, tarteka maiz geldierazten zutela haren entzuleengandikako galdera ozen umoretxartsuek, hasi zen izeba ipuin erbal eta gatzotz penagarri bat kontatzen. Neskatxa ttipi batena, oso ona bera, eta ona zelako denek maite zuten, eta azkenean haren izaera morala miresten zuten jende batzuek zezen amorratu batengandik salbatu zuten.

        «Ona izan ez bazen ez ote zuten salbatuko? galdegin zuen neskatxa ttipietarik handienak. Horixe zen ezkongabeak egin nahi izan zuen galdera.

        «Bai, bai», aitortu zuen izebak gogoz kontra, «baina ez dinat uste hain azkar egingo zutela hari laguntzera, hainbeste ez balute maite izan».

        Inoiz entzun dudan ipuinik txoroena da» esan zuen neskatxa ttipietarik handienak, sineste guztiarekin esan ere.

        «Haserako zatitik aurrera ez dut ezer entzun (2) hain baitzen txoroa» esan zuen Cyrilek.

        Neskatxa ttipienak ez zuen mementuko abururik eman ipuin hartaz, baina aspaldidanik berriz ere hasia zen gustoko zitzaion neurtitza marmaraka errepikatzen.

        «Ez dirudi arrakasta duzunik kontatzaile bezala» esan zuen bat-batean bere txokotik ezkongabeak.

        Izeba, bere burua gorde beharrean, harrotu egin zen, espero ez zuen oldar harengatik.

        «Gauza zail baino zailagoa da haurrek ulertu eta eraberean apreziatu ditzakekeen ipuinak kontatzea» esan zuen tente tente.

        «Ez naiz zure aburuko» esan zuen ezkongabeak.

        «Bear bada zuk ipuin bat kontatu nahi diezu» izan zen izebaren ihardespena.

        «Ipuin bat konta zaguzu» eskatu zuen neskatxa ttipietarik handienak.

        «Behin hartan», hasi zen ezkongabea, «bazen Bertha izeneko neskatxa ttipi bat, ohi ez den bezala ona zena».

        Haurren axola istante bateko piztu-eta berehala hasi zen iluntzen; bazirudien ipuin guztiak elkarren antz izugarriko zirela, edonork kontaturik ere.

        «Agintzen zitzaion oro egiten zuen, egia esaten zuen beti, soinekoak garbi gordetzen zituen, esnezopak gozokiak balira bezala (3) jaten zituen, bere eskola lanak ezin hobekiago ikasten, eta modu onekoa zen bere gizabidean.

        «Polita al zen?» galdegin zuen neskatxa ttipietarik handienak.

        «Ez zuetako bata bezain polita» esan zuen ezkongabeak, «baina ona zen itsuski» (4).

        Indarkada bat izan zen hura ipuinaren alde; «itsuski» hitza on-izatearekin elkartzea berrikuntza txalogarri bat zen. Bazirudien izebaren haur ipuinetan aurkitzen ez zen egiantzarik erakartzen zuela hitz harek.

        «Hain zen ona» jarraitu zuen ezkongabeak «non on-izatearen medaila batzuk irabazi baitzituen, beti ere zintzilik loturik bere jantzian zekarzkiela. Baziren obediente zeneko medaila bat, puntual zeneko beste bat, eta zintzo zeneko hirugarren bat. Metalezko medaila handiak ziren, eta dilindatzen zuten bata bestearen kontra ibiltzerakoan. Hura bizi zen hiriko beste haurretako batek ere ez zuen hiru medailarik; beraz jende guztiak bazekien ohi ez den bezalako haur ona izan behar zela hura».

        «Itsuski ona» oroiterazi zuen Cyrilek.

        «Jende guztia haren ontasunaz mintzatzen zen, eta herri hartako Printzeak haren aipua entzun zuen, eta esan zuen, hain ona zenez gero, baimena eman behar zitzaiola astean behin haren baratzetan ibilaldi bat egitera joateko, hiritik lekorean bertan baitzeuden. Baratze ederrak ziren, eta inoiz ez zitzaion edozein haurri beraietan sartzeko baimenik eman; ohore handi bat zen beraz Bertharentzat harako baimena izatea».

        «Ba al zen ardirik baratzeotan?» galdetu zuen Cyrilek.

        «Ez», esan zuen ezkongabeak, «ardirik ez zen».

        «Zergatik ez zen ardirik?» etorri zen ihardespen horrek erakarritako nahitaezko galdera.

        Izebak irriño bat utzi zuen bere ezpainetan agertzen, kasik irrifarre bat zela esan baitzitekeen.

        «Ardirik ez zen baratzeetan», esan zuen ezkongabeak, «Printzearen amak amets egin zuelako behin, edo ardi batek edo gainera eror lekiokeen ordulari batek haren semea hil egingo zuela. Zio horrengatik Printzeak ez zuen ez ardirik bere baratzeetan gordetzen, ezeta ordularirik bere jauregian ere.

        Izebak gogor egin zuen admirazioz ez hatsegiteko.

        «Ardi ala ordulari batek hil ote du Printzea?» galdegin zuen Cyrilek.

        «Bizi da oraino, beraz ezin esan dezakegu ametsa egia bihurtuko denentz» esan zuen ezkongabeak axolik gabean. «Dena dela, ardirik ez zen baratzeotan baina zerrikume andana bat bazen leku guztiaren gainean korrika».

        «Zer koloreko ziren?».

        «Beltz mutur zuriekin; zuri orbain beltzekin; gorputz guztiz beltz; uher orbain zuriekin, eta beste zenbait, gorputz guztia zuri ziren.

        Kontatzailea gelditu egin zen baratzeotako altxorren berri zabala haurren irudimenean sartzeko; gero laburtu zuen:

        «Bertha atsegabetu xamarra zebilen baratzeotan lorerik ez zela ikusirik. Hitzemanda zeukan bere izebei, negarra begian, ez zuela Printze onaren lorerik bilduko, eta gogoan hartu zuen hitza atxikiko zuela; beraz esan gabe doa, bere burua tuntunatzat jo zuela han biltzeko lorerik ez zegoela ohartu zuenean.

        «Zergatik ez zen lorerik?».

        «Zerrriek denak jan zituztelako» esan zuen berehala ezkongabeak». Baratzezainek Printzeari esan zioten zerriak eta loreak biak ezin zitezkeela; beraz zerriak edukiko zituela erabaki zuen eta lorerik ez».

        Laudamenezko zurrumurru bat izan zen Printzearen erabaki bikaina zela medio; zenbat jendek ez zuen bestera erabakiko-eta.

        «Beste gauza atsegingarri franko baziren baratzeetan. Aintzirak baziren, arrain urretsu, urdin eta berdeekin batera; eta zuhaitzek gauza xotilak instantean esaten zituzten etxetxoriekin; ea txori txirulariak ere bai, egunean egunean arrakasta handiena duten kantuak kantamarmaritzen zituztenak. Bazebilen Bertha hara eta hona, ibili ere izugarri pozik zebilen eta honela zioen bere barnean: "Ez banintz hain ona, ez nuke baratze eder hauetan sartzeko baimena izango, ezeta gauza ikusgarri guztiok gozatzeko ere". Eta bazebilelarik, haren hiru medailek dilindatu egiten zuten bata bestearen kontra, eta laguntzen zioten zein ona zen oroitzen. Orduantxe otso ikaragarri bat etorri zen inguruka baratzeetara, ea zerrikume gizenen bat harrapa zezakeenentz afaritako».

        «Zer koloreko zen?» galdegin zuten haurrek, heien axola berehala suspertzen zelarik.

        «Gorputz guztia lohi-koloreko, mihia beltz eta begiak hits, uher eta esanezineko basakeriaz distiratsu. Baratzeetan ikusi zuen lehen gauza Bertha izan zen; honen mantala hain zen zuri eta garbia, non urrun urrunetik ikus baitzitekeen. Berthak ere otsoa ikusi zuen eta beregana ikur-makurka zetorrela ikusi zuen, eta desiatzen hasi zen baratzeetan sartzeko baimena inoiz lortu ez izatea. Ahal bezain azkar lasteregin zuen eta otsoa haren ondotik etorri zen izugarrizko jauzi eta saltoak egiten zituela. Mirtosasiko landaretegi batera heldu ahal izan zuen eta sasi-ondo lodienetako batean gorde zen. Otsoa usainka etorri zen kaparren gainetik, mihi beltza ahotik dilindan eta begi hits uherrek amorraturik distiratzen. Bertha izugarri beldur zen, eta bere baitan ari zen: "Hain ona izan ez banintz, ordu hontan hirian nintzateke gerizan". Halaz ere mirtoaren urrina hain zen handi, non otsoak ezin usna zezakeen zein lekutan gorde zen Bertha, eta sasi-ondoak hain ziren lodi, non berorien gainean denbora luzean haurra ikusi gabe ibil baitzitekeen. Beraz iruditu zitzaion hobe zukeela joatea eta txerri bat ordainez harrapatzea. Bertha dena ikara zen otsoa hain hurbil zebilkiolarik ikur-makurka eta usainka; eta ikara baitzegoen, obediante zeneko medailak dilinda egin zuen zintzo eta puntual zeneko medailen kontra. Otsoa aldegiteko zegoen medailen hotsa dilindatzen zuelarik entzun zuenean, eta gelditu egin zen entzuteko; berriz ere dilin dilin egin zuten oso hurbil zuen sasi-ondo batean. Eta oldar egin zuen sasi-ondo barnera, bere begi hits uherrak basakeriaz eta garaipenez distiratsu, eta arrastaka erakarri ahal izan zuen Bertha kanpora, eta azken puskaraino irentsi zuen. Hartatik gelditu zen guztia haren oinetakoak, soinekoak eta ona zeneko hiru medailak izan ziren».

        «Zerririk hil al zuen otsoak?».

        «Ez, denak salbatu ziren».

        «Ipuina gaizki hasia zen» esan zuen neskatxa ttipienarik ttipienak, «baina ederki burutu da».

        «Inoiz entzun dudan ipuinik ederrena da» esan zuen Cyrilek.

        Bestelako aburu bat eman zuen izebak.

        «Txit ez bezelako ipuina haur gazte batzuei kontatzeko! Artezia handiz erakutsitakoa urte askoren emaitza lehertarazi duzu». «Dena den», esan zuen ezkongabeak, bere ekipajeak bilduaz konpartimendua utzi baino lehen, «hamar minutuz geldi geldirik eduki ditut, zeuk ez baituzu beste hainbeste egin ahal izan». «Zorigaiztoko emaztea!», esan zion bere buruari Templecombe geltokiko kaitik bera zihoalarik, «hurrengo sei ilabeteetan edo haur hoiek jazarriko dute jendeen aurrean behar ez den bezalako ipuin baten eske».

 

        (*) J. Mirande-k egin zuen itzulpen ederra xubereraz zegoelarik, eta zenbait pasartetxo gure belarriraino nekez zetorrela, Saki-ren «The Story-Teller» izeneko ipuira jo dut zuzenean orain hemen eskeintzen ari naizen aldaketa apurra egin ahal izateko.

        (1) «Whoever it was who had made the wager was likely to lose his bet» dio inglesez.

        (2) «I didn't listen after the first bit» dio hemen.

        (3) «Milk puddings» jatea eta «jam tarts» jatea kontrajartzen du hemen Sakik, haur harek eguneroko gauzarik tristeena eta arruntena gozoena balitz bezala jaten zuelakoan.

        (4) «Horribly good» esaten du inglesez, eta guri Mirandek darabilen «ikaragarri on» baino hobeago iruditzen zaigu beste hau, bi hitzen arteko muturka egotea hobe gordetzen duelakoan.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.