L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Bigarren aukera

(edo baikor baten zorigaitzak)

 

Esteban Antxustegi

 

Ezin dut gehiago jasan. Barruak lasaitu behar ditut eta norbaiti kontatu gertatzen ari zaidana. Ez dakit aldizkari espezializatu honetan nire kexak plazaratzea ongi deritzozuen baina, barkamena aurretik eskatuz, kontakizunari lotuko natzaio.

        Guztia postale batekin hasi zen, buzoian niri zuzenduta eta beste inolako testurik gabe aurkitu nuen kolorezko argazki antzeko batekin. Eta portadan mezu bat zekarren: "Amigo, no estés triste..." Esan beharra egun haietan ez nenbilela oso alai, neska-lagunarekin hiru urtetako harremana puskatu berria bait geneukan, lanik gabe aurkitzen nintzen berriro, pisuko kreditua ordaintzeko diruarekin larri, eta gainera eguraldi txar hau: ekaina gainean eta euria ari zuen gelditu gabe.

        Haseran ez nekien zer pentsatu. Inolako argibiderik gabeko tarjeta bat baino ez zen. Baina "amigo, no estés triste" irakurtzen nuen bakoitzean hunkiturik gelditzen nintzen. Laguna behar nuen, bai horixe. Elkarrekin gure asuntoetaz hitzegiteko laguna, batak ixilean besteari entzuten dion moduko adiskidea, aurrez-aurre begiratu eta bestearen beharra ezagutzen duen horietariko kamarada bat. Bestalde, postalea bidali zidanak bazekien nere helbidea eta, zergatik ez, ni ere ezagutuko ninduen. Agian nire erantzunaren zai egongo zen. Baina zein erantzun mota? Ez zidan ordurik jarri, ez zegoen zitarik. Guztia froga bat izan zitekeen. Nire jarrera aztertzeko froga. Eta bihar goizean etxeko atarian norbaiten zai itxarongo banu? Gertakizun honek bazeukan, eduki, bere emozioa ere.

        Eta hori egitea deliberatu nuen. Gauean zehar nire kide misteriosoari buruz kabala ugari egin nituen arren, goizean prest nengoen patuari aurre emateko. Beharbada nire zeinua egun berriarekin batera berrituko zen.

        Zortziretarako, egunkaria erosi ondoren, atarian aurkitzen nintzen etorkizun dizdiratsuaren zai. Eta, dizdiratsua diodanean, ez nuen arrazoirik falta. Aspaldiko partez, eguzkiak bere errainuak odeitartetik luzatzen zituen. Bazirudien borroka horretan eguzkia garaile ateratzekotan zebileta. Hasera hobeagorik ezin nuen espero. Seinale bat ote zen? Postaleko mezua betetzen hasia zen "Mañana de nuevo sale el sol" esaten zuenean. Tristezia gainditu, laguna etorri eta biok elkarrekin bidea jorratzea baino ez zitzaigun falta. Luzaroko euriari eguzkiak garaitzen zion modura, neu ere halabeharra gaindituko nuenaren ziurtasunez jabetzen ari nintzen. Eta ezpainetan irrifarrea sentitzen nuela ohartu nintzen aurreneko aldiz.

        Denborak, aitzitik, bere ibitaldia jarraitzen zuen, eguzkiak bere iz piekin kokotean jo eta egunkariko berriak gero eta zaharragoak ziruditen. Eta "lagun"aren arrastorik ez. HorreLa, zertxobait gertatuko zitzaiota pen tsatuz, edota bere atzerapena ulertu nahirik, bakarrik abiatzea erabaki nuen, bidean edo azalduko zen esperantzarekin. Gutxienez eguzkia neukan tagun.

        Alde batera eta bestera begiratzen nuen, ea norbaitengandik keinuren bat edo jasotzen nuen. Batenbatek, gainera, nere begiradak zentzu okerrean hartu zituelakoan nago, eta nire pausoa bizkortu egin behar izan nuen egoera nahasi hartatik atera ahal izateko.

        Baina okerrena handik minutu gutxitara gertatzeko zegoen. Zerua bapatean lainotu zen, eguzkia desagertu eta zaparrada ikaragarri bati eman zion hasera. Ahal nuen bezala, egunkariaz, burua estali eta korrikari ekin nion etxe aldera. Baina oso urrti nengoen. Itxuraz, nire "lagun hori" bilatu nahiean, ibiltzeari luze eman nion, luzeegi zoritxarrez.

        Egunkariak, busti-busti eginda, estali baino gehiago ureztatu egiten ninduen. Bota egin nuen, bada, eta, hortzak estutuz, haizea eta uraren kontra korrika ekin nuen, desesperatu bat bainintzan. Halako batean atarira heldu, eskilarak igo eta etxean sartu nintzen. Erabat blai eginda nengoen, zapatak izorratuta, arropa gorputzari itsasita, ura zeriola. Hura bai komedia, hura.

        Handik gutxira, lasterketaren beroak igaro ondoren, doministikuka hasi eta sukarra nabaritu nuen. Arropa kendu, lehortu, pijama jarri eta ohean sartu nintzen. Termometroa ipini eta katentura neukan. Berehala hotzikarak sentitu nituen, egonezina eta burua bueltaka hasi zitzaidan. Uste dut ametzgaiztoak izan nitueta, lagunak, euria, eguzkia eta postaleak protagonista izanik. Esnatu nintzenean gaua zen, neke-neke eginda nengoen, hotzikarak, burukomina...

        Horrela pasatu nituen egun batzuk, aspirina eta esne beroa harturik. Sarritan madarikatu dut neure burua gertatutakoa gogoratu eta gero, irrigarri sentitu naiz joku horretan erori nintzelako, norbaitek adarra ederto jo didala, iluso bat naizeta eta abar.

        Antzeko pentsamenduekin nenbilen ate-hotsa entzun nuenean. Irekitzerakoan postariarekin topo egin eta, ohitura dutenez, bigarren aldiz zetorrela esan zidan. Eskuetan gutun zertifikatu bat zekarren eta gurutzea jartzen zuen tokian sinatzeko agindu zidan. Eskutitza irekitzerakoan ondorengo postale hau aurkitu nuen, baina azalean zeraman mezua oraindik lehenagokoa baino harrigarriagoa iruditu zitzaidan. Norengan konfidatu? Txikia egin behar, baina txikia zer, nola? Baina oraingoan nobedade bat zegoen, hots, atzekaldean zita batetarako deialdia bait zeukan eta, ondoren sinadura bat, neska baten izenaz osatua hain zuzen. Zer egin gonbidapen honen aurrean? Uste dut ikuspegi eta mota guztietako azterketak egin nituela: erlijiosoak, probokatzaileak, sexualak... nik zer dakit.

        Koherentzi pixka bategatik, aurreko adar-jotzea kontutan harturik eta ondoren nire buruarekiko erreprotxeak gogoratuz, ez nuke jaramonik egin beharko halako aipuaren aurrean... baina, hura balitz proposamen jatorra eta bertan aurreko eragozpenak argituko balira? Zaila zitzaidan erabakia hartzea, alde batetik egun batzuk lehenago bizitako makurraldia eta bestaldetik, kuriosidadea eta jakinmina. Azkenean, buruestimari kontu eginaz, eskeintzari uko egitea erabaki nuen, ez bait nengoen prest beste porrotik pasatu ahal izateko.

        Horrela, zitak agindutako eguna heldu zenean etxean getditzea erabaki nuen. Hala eta guztiz, ordu seinalatua heltzen ari zen ahala, gero eta urduriagoa sentitzen hasi nintzen, errudunagoa esango nuke nik, baina lehenagoko egunean jasotako iraina gogoratzeak lagundu egin ninduen nire jarrera aurrera eramaten. Hala ere, seinalatutako mementutik ordu t'erdi tuze igaro ondoren, gehiago ezin aguantaturik, zita gertatu behar zen tokira zuzendu nintzen, ordurarte mantendutako portaeraz damututa edo.

        Baina, beti gertatu ohi denez, dagoeneko berandu zen. Edo agian okerrago, elkar topo egin behar genuen lekutik aspaldian itxaroten egondako itxura zuen neska panpoxa batek alde egiten zuelako. Guzti hau istant batetan gertatu zen, misterio hau argitzeko daukadan bibentzi bakarrak osatzen duen mementu soila.

        Geroztik ez dut postale gehiago jaso. Eta postaleak biziki gorrotatzen ditut. Edo beharbada maitatu ere bai. Horregatik agian, liburudenda eta estankoetan, postale mezudunak aurkitzen diren lekuetara abiatzen naiz eta, atzekaldea ongi arakatuz, bigarren zita desiratu horretarako aukera inoiz izango ote dudan begiratzen dut.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.