L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskera dela eta

(besterik gabe)

 

Esteban Antxustegi

 

        Beste polemika bat gure artean. Oraingoan polemika esentzialista bat. Nor da euskal idazlea? Zein da euskal literatura? Eta erdian, kolokan, hizkuntza: euskera. Beti bezala.

        Zer gertatzen da erdera erabili eta gure artean bizi diren idazleekin? Ba ote dute euskal idazle entitaterik? Izango ote dute —zentzu aristoteliko batetan— euskal idazleari dagokion esentziarik? Kokatuko al ditugu euskal literaturaren barne? Eztabaida berriro ere.

        Egia esan, honi buruz esan daitekeena, nere ustez, ez da gehiegirik. Alde batetik inork ez du ukatzen literatura bat definitzeko daukagun tresna adierazgarriena hizkuntza dela, honen bidez gauzatu eta adierazten bait da mezu literarioa. Eta, bestalde, literatura idazleek sostengatu eta eraikitzen badute, hauen sormenari esker bizi bada, literatura horri dagokion hizkuntza erabiltzen duten idazleek eratuko dute euskal literatura. Honetaz ez dago dudarik.

        Baina beste arazo bat dago, eta hau interesgarriagoa da, hots, Euskal Herrian badirela beste hainbat euskaldun (zentzu administratibo batetan) gaztelera edo frantsesaren bidez beren idazkiak plazaratzen dituztenak. Errealitate hau hor dago eta irteera gaur egunean ematen diren baldintzetan baino ezin dugu kokatu. Idazle hauek euskaldunak ditugu eta, nahiz eta euskera ez erabili, gizarte elebidun batetan, nahitanahiez, besteen maila berean egon behar dute. Nik ez ditut idazle hauek euskera erabiltzen duten idazleen etsai kontsideratzen, eta ez nuke inoiz pentsatu nahi euskera beraren arerio izan daitekeenik ere. Denok aliaturik ikusi nahi nituzke, kalitatezko literatura bat eginez, benetako elkar-lanean.

        Gainera, inoizko denborako euskeraren normalizazioa askatasuna eta besteenganako errespetuan —behar diren neurri, laguntza eta borondate on guztiez gain— oinarritu beharko da. Egoera diglosikoak ezin dira beste modu batez gainditu, bestelako normalizazio guztiak faltsuak izango dira.

        Hala eta guztiz, orain arte esan dudana —bere garrantzia izanik— ez da inportanteena. Hemen beste gauza bat gertatu da, eta "euskal estilo" propioan gertatu ere. Etsaiak kanpoan ikusteko erraztasuna daukagu, arazoak gure artean baino ez daudenean. Horrela, herri honetan leku gehienetan gertatu ez den fenomeno bat ematen da, hau da, opzio literario eta linguistikoak hertsiki lotzen ditugula opzio politikoekin, eta euskera erabat baldintzaturik gertatzen da. Hizkuntzaren instrumentalizazio absurdoa, euskera bere aurka itzultzen den joku zorigaizto batetan barneraturik geldituz.

        Ez dezagun nahastu hizkuntzarekiko jarrera edo maitasuna opzio konkretu baten defentsarekin. Hizkuntzak ez du, edo ez luke izan behar, kolorerik. Hizkuntza komunikazio tresna bat da, eta beste betebehar askoren artean ere eritzi desberdinak defendatzeko aukera ematen digu. Hizkuntza batek aurrera egin eta gizartearen onespena jaso nahi badu, ezin du batzuren propietate bihurtu. Euskera guztiona da. Baina benetan.

        Baina aurretik esandakoa ahaztu gabe, zertxobait gehitu nahi nuke. Hizkuntza batek, nola ez, baditu ere bere detraktoreak —kosziente eta inkoszienteak— eta norbaiten notoriedadea euskeraren aurka egin izan duenean eman den bitartean, beste batzuk —ikuspegi politikoarekin berriro ere— demokrazia, legalidadea, diskriminazio eta antzeko hitz komodinekin bildu dituzte beren "arrazonamenduak". Badakigu.

        Hauei ere —inportantzi gehiagorik eman gabe— aurretik aipatu dudan gauza bera. Hizkuntza bat ez da beste batekin kontrajartzen. Hizkuntza bat, tresna bat gehiago, ezagutzeak bere baitan du balorea. Ez da kolore arazo bat, aberastasuna baino ez da, gauzak adierazteko beste modu bat, bakoitzak eman nahi dion mailakoa, bakoitzak nahi duen bezala erabili ahal izateko. Hortan datza hizkuntza baten handitasuna, bere posibilitate guztietan.

        Bukatzeko, pasadizo bat kontatu nahi nuke. Gertatutakoa. Baina protagonisten identitatea, filme amerikarretan bezala, ez dut ezagutzera emango. Debate batetan gertatu zen. Bertan, euskera eta gaztelera erabiltzen duten zenbait idazle ziren partaide. Halako batean, gazteleraz idazten duen horietako batek zera esan zuen: "Nosotros los escritores, los que hacemos literatura..." Ez zuen gehiago esateko denborarik izan, honela erantzun bait zion euskeraz idazten duen horietariko batek: "Beno, nik badakit zuk zer idazten duzun, nola, zein literatura mota egiten duzun... Nik hori badakit irakurri dudalako; baina zuk nola esan dezakezu nitaz gauza bera ez badidazu inoiz irakurri, euskera hutsean idatzi bait dut?"

        Ikuspegi elebidun batetatik hitzegin nahi nuke, baina elebitasunak, nahitanahiez, hizkuntza bat baino gehiago behar izaten du.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.