L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Eskolaren kontra

 

Carlota

(Etika irakaslea)

 

euskaratzailea:

Patxi Apalategi

 

        Beste ezer baino lehen esan beharrean nago, ezertaz koxkailoxorrorik ere ez dakidala. Hori bai, batxilerra egin nuen, Filosofiako karrera ere bai, baita Institutoko Agretatutarako oposizio librea ere, eta irakaskuntza-lanetarako baremoan konputagarri ez den beste zenbait ikasketa bakan.

        Ikasketa-urte horietatik guztietatik apenas gorde dudan nozioren bat edo beste. Lau zenbaki-erregela funtsezkoak bakarrik dakizkit, baina hauek aplikatzeko ere paper ugari eta boligrafo bat behar ditut. Ortografiako akatsik gabe idazten dut eta dexente ongi irakurtzen dut; sei urte nuela ikasi nuen, Quijotetik etengabe diktaketak egitearen poderioz.

        Nire inguruan dudan orori buruz sentitzen dudan jakinmina, jaio nintzanetik daukat, eta oraindik ere ez dut galdu. Solas eta hitzaspertuetarako artea tabernetan ikasi dut, zurrutean egiten duten eta, sarritan mozkortzen diren emakume eta gizonezkoengandik.

        Etxekoei jaten eman beharrak eraman ninduen, nire hizjarioa soldata mixerable baten truke eskeintzearen bidenabarretan barrena. Eskola-maixtra naizenez, pobrea naiz. Eta pobreziak nekez sorerazten du birtutea, aiztitik bai ordea hosti-txarra eta mingoztura. Gure Ospetsuen menpekotasun pedagogikoei buruz Filosofiaren historiak eskeintzen dizkidan exenplu ugariek, bixigarri eta zuzpergarritarako balio izan ordez moteldu egiten naute.

 

        Kultura kesitoka

        Eskola-"komentu" hauetan zerbitzatzen den kultura, patata-tortilazko pintxo baten antzekoa da, askotan irenstezina gertatzen da. Txerrijan zaperoa, alegia. Baina kontutan eduki beharrezkoa litzateke, ikasleek ere gurearen antzeko elikaduraz gozatzen dutela. Inozoren artean dabil jokua.

        Jainkoaren Probindentziak, oso lanpetua nonbait beste eginkizun batzutan, ez du zaintzen Estatuaren periferiako kultura. Elikadura honekin, eta bakoitza bere mantalez babesturik, pentsamenduaren, zientziaren, kulturaren historia osoa kesitoka zerbitzatzeko lanbide noble eta eskergari aurre egiten diogu. Alegia Gizadiaren Historia osoa pintxotan.

        Eta bezeroa konforme geratzen ez bada, betiko kamarila exekutiboa txintxo-txintxo etorriko zaigu era egokiz amonestatzera. Seinalatu behar dut, harrera eskubideari buruzko erreserbarik ez dagoela. Ikasleak lau aldiz errepika ez dezan, alegia laurpika ezin izan dezan, Legea enkargatzen da.

        Kulturaren kamareroak gu gara. Eta jakina da: edozein momentutan ipurtzulotik eman diezagukete. Gremio honetan lanean bota ditudan hamalau urteetan, bere ezjakintasun propiala aitortzen ausartzen ziren dozenerdiren bat ofiziokiderekin apenas topo egin dudan.

        Hori bai, irakasleen gelek amairik gabeko sinodoak dirudite, nongo elkarrizketei "jakinduria zoldatsua" bait darie, Estatu-Arkidiakono Agregaturen gradura altxatuak suertatu direnek, eta beraiek bakarrik, erabiltzen duten jakitatea.

        Irakaskuntza-zentruetan indarreango errealitateaz abstrakzioa egitea lortzen baduzu, bide ona hartu duzu. Baina zaila da. Ia ezinezkoa da begiak ixtea eta, "ekipo pedagogiko" berri batek boterea hartzen duenean, eskeintzen zaigun trabestismo zurikeriatsu eta arbitrarioaren karnabala ez kontenplatzea.

        Penagarria da ikasleei sinesterazi beharra ikastetxean iharduera extra-eskolar asko egiten direla, jainkoengandiko eta gizonengandiko oro konputatzeko eta deskonputatzeko makinatxo asko ditugula, oso azkarrak garela eta sari ugari irabazten ditugula, presentagarri egon behar dutela, zeren eta ministro jaunak edo bere morroiek bisitatu behar bait gaituzte, delegadua hautatzen saiatu behar dutela, baina kalifikazio-batzarretan ez dezatela adarrik jo eta ez daitezela zirin aspergarri izan, ez dutela tabakorik erre behar, isilik egon behar dutela..."Isilik, koño, isilik!, ministeritza-programa osoa asteko bi ordutan esplikatu behar da-ta".

        Jakinduria sanozko giro honek kutsaturik, ikasleek komeni den eran aplikatzen dute hau norberak bere egoera pertsonalera, eta erabakitzen dute ezen, eskolan baliagarria den gauza bakarra, matematikak ikastea dela, zeren horretan nabarmentzen bait dira gutxien ortografiako akatsak, eta gainera beren arrazonamenduaren fruituek hurrikalmendurik gabe emaitza Bakar eta Egiazko batetara eramango dituzten garantia eskeintzen bait die. Hainbat mixeriaren artean ikasleei nekoso egingo zaie entzuteko, maitatzeko eta besteekin batera gozatzeko gai diren pertsonak bilakatzea.

        Eskola-instituzioa, familia baino are ondikozkoagoa da. Honetan "pater-familias" halaxe da barrabiletatik ateratzen zaiolako. Eskolan ordea, gainera, jakitun izateagatik.

        Celestinatik hasi eta integraletara arte eskolaren historia, amairik gabeko monologo, sasijakinduria eta harroxkokeria mortalen zerrenda izan da. Bertan aurkitu du etzangua kulturaren aspekturik baldresenak, demokraziarekin nahiz demokraziarik gabe.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.