L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Tabakozaleen aurkako gurutzadaren kontra

 

Juan García Hortelano

 

euskaratzailea:

Patxi Apalategi

 

        Zientziak aurrera doazen arren, indibiduok guztiok salbaitzaile-jendetzaz inguraturik aurkitzen gara. Beren bizitzak gure aberria, gure arima, gure gorputza salbatzera ematen dituzten hainbat eta hainbat pertsonaren bokaziozko ehoskorkeria sinestekoa ere ez da.

        Ordaindu ezezik pairatu ere egin behar izaten den eskuzabaltasun hau, solidaritatez mozorrotu eta misiolari-autoritarismoz elikatzen da. Aski da pertsona bat hiritar gisa fitxaturik, katalogaturik, saskildurik, desaktibaturik, manipulaturik eta konformaturik eta etsirik (baita atseginez asebeterik ere) aurkitzea, bere bizitza pribatuak eta bere bizitza intimoak erredentore asekaitz hauen irritsa kilika dezan.

        Zientzien aurrerapenari esker, laster zilegi izango zaigu gure zergetariko parte baten xedea hautatzea, gure betikotasunerako salbazioaren alde ahaleginetan ari diren espezialisten askotariko eskeinteren artean. Harik eta momentu hori iritsi arte, eta betikotasun horretan sartu beharreko unea beranduxeagotzeko helburu onuragarriaz, gure bronkioen eta biriken salbaziorako eguneroko prediku laikoak entzuten ari gara.

        Gurutzada honen helburuak eskierki finkoagoa dirudi, baina bere metodologia ez da batere diferentziatzen azken mendeetan erabili izan diren paternalismoetatik, Eugenio D'Orsek, kontserbadurismoaren sindrome histerikoak jotzen zuenetan, goratzarretzen zuen "misio-politikatik".

        Erretzaileen, pipatzaileen, fumadoreen, tabakozaleen kontrako gurutzada, somazio tradizionalaren ildotik artikulatzen dela, alegia: oharterazpena, bereizkeria, debekua. Predikuetarako beldurraz baliatzen da eta, ekumenikoki, askotariko erremedio zientifikoak eskeintzen ditu, horrela esate baterako belarri-gingil bat zulatzea edo borondatea erabiltzea. Setatiak, oraingoz, zerga bidez zihoztatzen dituzte, bide luzetarako garraioetan markaturiko erreserbatan jarrerazten dituzte, bide laburrekoetan zeharo debekatzen da biziomolde hori, taxietan taxistaren esku uzten da erabakia, eta eskuduntza duen agintedunaren esku areto itxi geroz eta ugariagotan. Fumatzaile pasiboaren figura sortu denez gero, erretzaile aktiboari kutsatzaile asesinoaren papera leporatu zaio.

        Modaren ikuspuntutik, honek ere kontatzen bait du eta ez gutxi, hazturu atzerakoia eta arraseko arruntkeria da.

        Salbatzaile publikoek adeitasunezko abegiz begiratzen dituzte molde honetako berbajarioak, betiere sarrera fiskaletan edo hautes-aiduruetan murrizketarik eragiten ez duten arte behintzat. Honako eta halako puntutan Gizateria parte baten oso osoko osasuna mehatxatzen duten zentrale nuklearrei buruzko oharterazpenez aberriko hormak estaltzeko beharriki ikusten ez den bitartean, ez dago inolako eragozpenik zigarro-erosleari pakete bakoitzean ohartxo bat ipintzeko, pozoina saltzen zaiola jakin dezan. Hori bai, misiolari sutsu horiek lortuko balute hautesle-zentsua oxigenatzea, erretzailearen egoera heroinazalearen egoerarekin homologatuko da. Eta soluzio bila hasi beharra izango da.

        Soluzioak proposatzea baino lanbide arbuiagarriagorik ez dago, baina ni behinepein bat edo beste proposatzera beharturik suertatuko naiz, zeren eta are gutxiago gustatuko bait litzaidake labaina bat erostera eta "celtas" motzen pakete bat lortzeko erabili behar izatera beharturik gertatzea.

        Nik ez dut aldarrikatuko, aurrez abisatzen dut, zientziak inolako ahaleginik egin behar duenik nikotina kaltegabeko bihurtzen, zeren eta lehenagotik txanda hartua bait dute minbiziak, infartoak, boterearen eskizofreniak, neurosi autoritarioak eta baita katarro arruntak ere. Halaber ez zait komenigarri iruditzen tabakoaren aldeko gurutzadari ekitea zeren eta gehiegikeria bilakatuko bait litzateke plazere bat, txikiena izanik ere, predikatzea, mundu honetara ahalik eta gutxien gozatzera etorri den jendeari.

        Baina oraindik soluzioen garaia heldu ez bada ere, mehatxuen ordua jo duela dirudi. Has bitez beraz ikaraz eta dardarka fruitu eta barazki irensle horiek, txandalez jantzitako korrikazale horiek, bainugelako bizikletazale horiek, igandekume himalaiero horiek, botikazulo muturluze horiek, ofiziositatearen profesionalak eta gaizbeldur profesionalak, salbatzaileak eta askatasun-hiltzaileak. Egun batez aurki daitezke beraiek bakarrik bizi direla, Iparraldeko herrialde batetan, non ez bait da erneko ke-belarrik, ez mahastirik, ezta ziurtasunen lainoaren kontrako inolako babesbiderik.

        Noski ere noski, irtenbide independentista honetara heldu baino lehen, abantailatsuagoa litzatekeela bi aldeentzako, oldarkorkeriak bazterrean utzirik, tregua bat sinatzea. Beste experientzia historiko batzuk gogora ekartzen baditugu, oraindik ikusteko dago zientzien aurrerapenak, interes ekonomikoek edo tribuaren izuikarek edozein momentutan ez ote duten deskubrituko ezen, arnas-bideko gaitz ororen sorburua, esate baterako klorofilan datzala.

        Beraz, gauzak dilindan dirauen arte, eta gizakumea erremediorik gabe iragan eta joan beharrean-den arte, erre dezagun bakearen pipa. Ez iezadazu zakurrik axatu, eta nik ez di zut begietara kerik ufatuko, gehienbat ere nire keaz zure ideiak lausotzeko arriskutan jarriko nintzatekeelako.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.