L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Poeta onentzat konfitura fina

(Rimbaud — Untzi Ordia)

 

Mikel Lasa

 

        Literaturan, bizitzaren ordenu guztietan bezala, badira eztabaidak ritornello monotono eta temati gisa etengabe errepikatzen direnak inoiz soluzio batera iritxi gabe. Horietako bat da artearen mailan kontrajartzen dituen bi teoriak: artea arteagatik deritzana alde batetik, eta arte konprometatuarena bestetik.

        Egia esan, aitor dezadan, eztabaida honek ez nau inoiz erakarri, eta norbaitek horretaz galde egin didan bakoitzean ez dut jakin zer esan, aurkako bi muturretarantz tiratzen duten indar bien artean paralizaturik geratuko banintz bezala. Are gehiago, gaiak desosegu larri bat sortzen du ene baitan, problema korapilotsu bat askatu nahi eta soluzio on bat eramango ez gaituen planteamendu okerra behin eta berriro egiten ari ote garen susmoak eragiten digun ondoezaren antzekoa; kurpil zoro batean arrapaturik gaudeneko sentzazioa. Eta ez da arritzekoa zeren, hitz pedante bat erabiliz, oxymeron baten aurrean aurkitzen gara: eztabaidaren bi muturrak, planteamendu honen ikuspuntuaren arabera, une berean indar berberarekin inposatzen zaizkigu. Eztabaidak ez du beraz irtenbiderik, antinomia edo kontraesan logiko baten modura planteiaturik dagoenez.

        Kasu hauetan, modu hain zetatian itsasten zaigun planteamendua baztertzea da hoberena. Hartaz beste egin, eta burua hustu ondoren berriro arazoaren uherrean murgildu, eta planteamendu desberdin batetara eramango gaituen jausia egitera ausartu.

        Arte hutsaz ala konprometatuaz hitzegin ordez, ez ote litzateke hobeago artearen zertarakoaz galde egitea? Edo, hobekiago, galdera horren kutsua ignaziano xamarra denez, ironi eta malezi pixkat erabiliaz beste era baliakide batean egin dezagun: artea arriskutsua ote da ala ihardun inokuo bat da?

        Une honetan, gaia murriztea proposatuko nuke: arteaz oro har hitzegin beharrean, hemendik aurrera poesiari lotuko gatzaizkio. Murriztapena ez dugu alferkeri intelektualaren kariaz egiten, ez eta matazaren muturrak hau idazten duenaren harira biltzearen alde. Bada arrazoi historikorik sinplifikazio hau zilegitzen duena: poesia da, hain zuzen ere, arte guztien artean aldaketa historikoei sentiberena zaiena; poesiaren eboluzio sozialak une historiko desberdinetan beste arteen bilakabidea aldez aurretik markatu du. Bestela esan, bada guttienez 150 urte poesia bere bilakabide historikoan bihurgune batera iritxi zena; bihurgune bat zeinera beste arteak gerora heldu diren edo heltzear dauden.

        Poesia ihaurdun arriskugarria ote da beraz?, edo aitzitik, mingabea? Galderak ez du beti ihardespen berdina ukan. Platonek poetei buruz zuen eritziak nabarmenki adierazten du garai hartan poetaren figurak zuen garrantziaz. Platon izan da poeten mamua, zeren oker ulertuz bere lege proposamen delako hura, zeinen arabera poetak Errepublikatik deserritua izan behar zuen, poetak mespretxatu egiten zitueneko uztea oso hedatua baitago. Poetekiko Platonen eritziaren adierazpen egokia, hain zuzen, kontrakoa da: bere eritziz poesi garaia , maila goreneko filosofia eta iragarkizuna bezala, ezin lor daiteke jainkotiar zoramenaren etorriaren poderioz ez bada. Poetak, orakuluak, videnteak eta jakintsuak zoramen horren partaide direnez bezanbatean lor dezakete jakinduri ezkutua, mitoen eta misterioren ezagupena. Platonek, etorriaren jainkotiar zoramena ederresten zuen une berean, errezelo haundiz begiratzen zuen baita ere: "Era honetako gizonen bat —esaten du— guregana baldin badator bere artea erakustera, bere aurrean ahospez makurtuko gara, izaki sakaratua, izugarria eta lilluragarria bailitza; baina ez diogu utziko gure artean gera dadin. Mirraz gantzatu eta txindolezko koroe bat ezarriko diogu buruan, eta beste hiri batera bidaliko". Platonek ongi ulertu zuen gaur egun ia inork ulertzen ez duena —segur asko garai honetan ulergaitza delako—, alegia, poeta onak arriskugarriak direla.

        Platonek aipatzen zuen arriskua plano bakoitzean ulertu behar da: politikoan alde batetik, uste baizuen Greziaren gainbeherakada politikoarekin zerikusia bazuela; eta konzientzi moralaren planoan: "bere desegitean ere —idazten du Hegelek— Atenasen espiritua haundikiro agertzen zaigu... Tragediaren aurrean, ez da ezer haundi eta miresgarriago Atenastarrek beren moralitatea hilobiratzeko erakutsi zuten arraitasuna eta axolagabekeria baino".

        Hau Platonen garaian gertatzen zen. Eta Italiako rezazimenduan errepikatu egiten da berriro: energi artistiko sasoitsuena desegite politiko eta moralarekin batera gertatzen da hemen ere.

        XX gizaldian, Pessoak, jatorrizko poetaren ofizioa birreskuratu nahiz, "um criador de mitos" izateko asmoa agertu zuen; baina bere ahaleginak, politika mailan, porrot izugarriak gertatu ziren:"Desagertuaren" etorrera antolatuko zuen interregnoa defendatzen zuen baina objetiboki defendatu zuena Coimbrako irakasle triste ezagun haren luzaroko diktadura ekarriko zuen kolpe militarra izan zen. Pessoak bere ankasartze izugarria ikusirik, gizon luzidoa izaki, bere kreazioaren kaosa gainbegiratzen duen jainkoaren algarak egin bide zituen... Mito sortzaileaz gain, Pessoak "indisciplinador de almas" bezala ere ikusten zuen bere burua. Baina hau besterik da, eta honetan litekeena da asmatu izatea, gaur egungo poeta bati ahalmen hori geratzen zaion neurrian bederen.

        Aintzina irudimen poetikoa desengitzaile zen eta irudimenaren energien leherketak hiriarentzat amenazu bat suposatzen zuen. Gaur egun, onenean, poetarentzat bakarrik dateke arriskugarri, gizartearentzat batere ez eta irakurlearentzat ezer gutxi. Jainkotiar zoramena, poeta modernoaren baitan zoramena "tout court" bilakatu da.

        "Como fenómeno social de nuestro tiempo (del último siglo y medio tal vez), el poeta constituido socialmente en un tipo que la sociedad cada día resulta menos capaz de asimilar dentro de sus estructuras funcionales, es uno de los hechos de la vida más extraños y moralmente angustiosos. Su existencia se funda en el hecho sociológico frecuente de la supervivencia, más allá de la época de su vigencia, de formas de vida agotadas y sin función en el presente; el poeta como tal, es en nuestro tiempo un fósil, un ser privado, propiamente un idiota" (Joan Ferraté, Dinámica de la poesía).

        Gordinago ezin esan: Ferraté-ren epai borobilak ez du glosarik behar; hala ere, ezin gainditu nire harridura kanporatzeko irrika (gure barrunbean aspaldidanik ebidentzi bezala ikusten genuena explizitatzeak dakarkien harridura baldin bada ere). Bestela esan: poesiaren funtzio sozialaz geratu den guzia, zerbait geratu bada, aintzina desagertutako kulto loriotsu baten arrastoak besterik ez dira.

        Baudelaire-kin, poeta, bere marginazio sozialaz jabeturik, bere burua out-sider bezala nabarmentzen saiatuko da; garai bateko kortesauak dandy itxura hartuko du, flâneur, apache eta konspiratzaile bihurtuko da... Status sozial baten beharrez, poseak eta itxurak hartuko ditu edo hartzera behartua izanen da. Bere ahotsa kapitalismo garailearen baitan sortuaz doan inteligentsia berriaren esparru hertsira mugatuko du, eta gero eta gehiago irakurle gizabanakoari zuzenduko: "Toi hypochryte lecteur / mon semblable, mon frère..."

        Verlain, ia espanturik gabe egoera berrira egokitzen da. Rimbaud-ekin gertatzen da okerrena: Parisko barruti literarioetatik jaurtikia, bere jatorri ilunaz jabeturik ("Argi eta garbi konturatzen naiz arraza beherekoa izan naizena betidanik. Ez dakit errebolta zer den. Nire arraza ez da inoiz oldartu ezpada larrutzeko: hala nola otsoek beraiek erahil ez duten piztiari"); ofizio eta sari oroetaz gabetua ("Ez du ezagupenik, ez du inoiz lanik egingo. Sonanbulo bizi nahi du"), poeta izatearen inutilitateaz ere oharturik ("Festa guztiak paratu ditut, arrakasta guztiak, drama guztiak. Lore berriak, asturu berriak, aragi berriak, hizkuntza berriak asmatzen ahalegindu naiz. Horra non aurkitzen naizen nire irudipenak eta oroitzapenak lurpera beharrez. Artista eta kontalariaren ospe ederra pikutara joana!").

        Baudelaire kapitalismoaren kultur krisiaren espektadore izan zen, Rimbaud haren biktima era guztietan, gerora sortuko ziren poeta madarikatuen artean lehenetarikoa.

        Poesi modernoaren beste alderdi kezkagarri bat bere azpian hartzen duen errealitate eremuaren murriztapen gero eta haundiagoan datza; errealitate murriztapena, objektibitate galera, hizkuntza poetikoaren autonomia hutsaren faboretan. Poesiaren abstrakziorantzako prozesoa historikoki azter daiteke aspektu aunitzen bitartez. Azterketa hau eruditoentzat utzirik, are kezkagarriago eta deitoragarriago gertatzen da poeta beraien reakzioa poesiaren errealitate galtzearen aurrean. Luis Cernuda gaztelaniar poeta handiak, bere buruaz mintzo dela, poeta hasi berriaren izuaz mintzatu zaigu, poesia erabateko bokazio bezala jarraitzeko deliberoa hartzeko aukeraren aurrean gizarteak exklusiboki onartzen dituen beste lanbideei uko egitera beharturik aurkitzen denean: "Entreveía también que yo servía a algo que, en mi caso, no admitía se le diera devoción secundaria ni contrapartida: la poesía. Tenía además horror a lo que el mismo Rimbaud ha llamado la mano, el acomodamiento espiritual a un oficio o profesión, y comprendía, no sin terror, ya que la sociedad exige tal acomodamiento de los que deben de ganarse la vida, que nunca tendría esa mano". Eskua delako hori Cernudak Rimbaud-engandik hartu zuen zeinek hitz hau desteinuz erabiltzen baitu beharra edo lana adierazteko. Rimbaud-ek ere poesia idazten hasi zenean, artean bere bokazioaz aderretsirik zegoenez, axolagabe eta arro lana arbuiatu egiten zuen: "Ofizio guztiak iguintzen ditut. Ugazaba ala behargin, oro baserritar, doilor. Luma darabilan eskuak goldea darabilenak aina balio du —Eskuz beteriko mende hau!. Nik ez dut sekula nire eskua izango". Bene-benetan ordea, lanari buruzko poeta bien jarrera oso da anbiguoa, biengan ofizio eta jakinduri guztien kontrako iguina nabari da eta, poesiaren ofiziorako hautatuak izanaren urguilua: "Tu vates eris", bere egiten du Rimbaud-ek aintzinako orakuluaren sententzia. Lanak beharrarekiko menpekotasuna dakar, eta ofizio bat ikasi egiten den jakinduria da; aitzitik poeta autodidakta da izan, zeren "jainko batek ezarri baitu bere bihotzean kantuaren forma guztiak". Baina aldi berean, poetak errotiko bilustasunaren larridura somatzen du, ezgaitasun eta deskalifikazioarena, ezerezaren aurrean datzan izakiarena.

        Larridura honek bizitza guztian lagunduko dio, nola itzalak gorputzari, bere obraren balioaz jabeturik egon arren ere. Cernuda-ren zenbait poemei darien mingotasuna (poetikotik ezer gutti duen mingostasuna) eta "Desolación de la Quimera"-rantz urbilduaz batera areagotu egin zitzaiona, inutilitatearen konzientziatik zetorkion. Rimbaud-ek errebantxa hartu zion poesiak bultzaturik erori zen irrealitateari, errealitate latz inmediatoan gorputz eta arimaz murgilduz, modu berean lehen poesian murgildu zen bezala: "Ni, nire buruari aingeru edo azti eritzi diodan honek, moral orotatik aske, lurrera jaurtikia, behar baten bila, eta errealitate latza kausitzera behartua. Baserritar hau!"; "Bizitza latza, astoen pare desiratzen du besterik gabe".

        Bada egungo poesian beste zenbait alderdi sospetxagarri. Lirikaren nagusitasun ezinbestekoa beste genero poetikoen kaltetan, eta batibat epika berri bat sortu ezina joera redukzionista baten zantzu nabariak dira. Gure garaiari dagokion epika ez postizo bat eraikitzeari buruz XX mendeko poeta nagusien porrota (Eliot, Pound, Pessoa, Machado, Auden...) inpotentzi hori azpimarratzera dator. (Porrot eztabaidagarria egia esan, kontutan hartzen badugu beste epika berririk ez dela posible pietas sentimenduaren argi saturniarrean bainaturiko epika nihilistaz aparte).

        Irrealismorako joeraren beste fenomenoa, romantizismoaz geroztik nabarmenagotzen ari den lengoaia arauemaile eta lengoaia poetikoaren arteko distantziamenduan datza. Ez dago dudarik XIX mende guzian aldentze hau guztiz produktiboa izan zena, poesiari sakontasun eta aberastasun haundia ekarri baitzion, baina duda gutxi dago baita ere, inpertinentzi linguistikoak muga batetik haruntz inkomunikaziora daramala zuzenean. Muga hori surrealismoarekin ikutu zen, ondotxo ikutu ere, eta harrez gero egiten den poesi askok komunikazio maila minimo bat ez du lortzen: polisemia eta hermetismo indibiduala belar txar ugaria bezala hedatu da poesiaren eremuan.

        Hildo beretik jarraituz aipa daiteke ohizko arau poetiko formalen abandonoak ekarri duen laxokeria. Gaur egun prosarengandik poesia bereizteko daukagun aspektu formal bakarra bertsoaren lerroa orriaren eskuineko hertzak mugatzen ez duelakoan datza... Errima izan zen estreina baztertua bilusketa honetan. Oroz gain musika aldarrikatzen zuen Verlain bera hasiko da errimaz trufatzen:

 

                O qui dira les torts de la Rime

                Quel enfant sourd ou quel negre fou

                Nous a forgé ce bijou d'un sou

                Qui sonne creux et faux sous la lime?

 

        Erritmoak eta metrikak, errima baino osagai zindoagoak izanik, laxokeri berbera jasan dute. Ohizko ereduen baztertzearekin, poeta bakoitzak, poema bakoitzak bere erritmoa bilatzen saiatzen da, onenean ezarritako ereduak baino konplexitate maila handiagoa lortuz, eta txarrenean (gehienetan gerta ohi dena) prosaren lautasunean eroriz. Itzulpen poetikoen ugalketak, zeinetan helburu hizkuntzan baliakide metrikoak bilatze ahaleginik ere ez den egiten, joera hau errebortxatu besterik ez du egin.

        Neurriz gaineko libertade honen aurrean, ez da gogorregia egungo poesiaren anomiaz hitzegitea; mugarik gabeko, libertadeak dakarkion anomia alde batetik, eta bestetik errealitate printzipioaz beste egiteko poeten joeratik datorkion anemia, zeinen adierazpen antipatikoena poesia idazterakoan poetak "poetaren aide" iguingarri delako hori hartzeko sasi premian datzan.

        Poeta, une oroz, porrotaren aurrean aurkitzen da: alferrikako hitzarena, inautentizitatearena, ez heldutasunarena. Ulertzekoa da batzuk behin-behineko edo betirako ixiltasuna aukeratu izana. Besterik ez du esan nahi Rimbaud-ek, Aro Batez Infernuan, jaurtiki zuen oihuak: "Plus de mots".

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.