L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kontra to-a

(Edo auxen da gai zalla ta luzea esaten)

 

Inazio Mujika Iraola

 

        Antzeko era batean hasiko litzateke bertsolari zaharren bat Porrotek aurrera eraman nahi duen monografikoaren gaia jarri izan baliote: "Idatzi-kantatu zerbaiten kontra", zeren zerbaiten kontra idazten hasiz gero, ororen kontra idaztea bait litzateke aproposena. "Zeren alde gatxarek pa?" esango luke gure osaba zahar difuntuak.

        Ezin dugunez gauza bat bakarra aukeratu eta horren gainean kristonak eta bi esan, eta ez dugunez bertsolariak bezala, azken boladako ohitura nazkagarri bati jarraiki, hiru bertsotara mugatu beharrik gure saioa, errima librean ihardungo dugu eztarria marrantatu arte edota gorputzak oholtzaren gainean zutik diraueraino. Horra bada nire KONTRA TO-a:

        — Udaran gaudenez, (ohar zaitez irakurle, agian Porrot hau esku artean jaso, neguan, udaberrian edota udazkenean jasotzen baduzu ere, udaran idatzita dagoela, Porroteroen ohitura ez baita dakikezuenez puntualitatea) udararen kontra hasiko gara. Beroa, turistak (japonesak eta gohierrikoak batez ere), hondartza ipurtzuloraino beteak, ensaladilla infektuak...

        — Itsasoa esan eta segituan hondartza jendez betetako bat irudikatzen duten mediokre horien kontra.

        — Hogeitabost gradoz goitikako tenperatura sargoriari, eguraldi ona deitzen dioten kottaduen kontra.

        — Sasoi honetan bizi dugun gorputz gurtze gehiegizkoaren kontra, batez ere gorputz hori norberarena denean.

        — Kontxako barandillaz eta Errealeko bufandaz hornitzen den donostiarrismo merke, kaskarin-eta horteroaren kontra.

        — "Donosti bat bakar da munduan", kanta batetik hartu eta lege bihurtzen dutenen kontra.

        — Urgull mendian gure lotsarako, oraindik zutik dirauen anjelotearen kontra.

        — Donostiako Aste Nagusiaren kontra.

        — Donostiako Sansebastianetan, danborrada, festa militarra bihurtu nahi dutenen kontra.

        — Soziedade gastronomiko edo errekreatibo (ja!) matxisten kontra.

        — Soziedade gastronomiko edo errekreatibo (ja!) tradiziozkoak direlako, dauden daudenean, aldaketarik gabe mantendu nahi dituztenen kontra argudiatzen baitute gainera progresismoaren azken inbentoa dela (jo!).

        — Tabernetako komun zikin eta paperik gabekoen kontra.

        — Momenturik inportunoenetan komunera joan beharraren kontra.

        — Reaganen kontra.

        — Premundial de Ajedrez, Xake munduaurrekoa itzuli duen itzultzaile trebearen kontra.

        — Boligrafoari axota eta kantuari abesti deitzearen kontra.

        — Donostia New York dela uste dutenen kontra.

        — Donostia Bedayo dela uste dutenen kontra.

        — Donostia paradisuaren maketa dela uste dutenen kontra.

        — Galtzarbeak astindu eta "Christian Dior" usainak sortzen dituenaren kontra.

        — Kontra rio.

        — Homosexualak tratamendu pskiatrikoa behar duten gizarajo batzuk direla pentsatzen dutenen kontra, ez bait dakite ze farreak egiten dituzten beren bizkar. Ia ohetik erori artekoak.

        — Fularra lepo bueltan galtza-alkandorak arraro xamarrak eramanik amaneratutzat jotzen zaituztenen kontra.

        — Eskultura, pintura abstrakto baten aurrean "honek zer esan nahi du?" galdetu behar duen bromistaren kontra.

        — Aurreko kasu berberean "hau, hau nere seme txikinak ere egingo luke errex asko" esan arteko onik ez dutenen kontra.

        — Gintonika ez den beste gainerantzeko edari konbinatu eta esplosibo guztien kontra.

        — Demokrazia deskubritu berri dutenen kontra.

        — Oraindik deskubritu ez dutenen kontra.

        — Bera dela hondare ikutuezina pentsatzen dutenen kontra.

        — Hondare ikutuezin guztien kontra, edota hobe esan horiek defendatzen dituztenen kontra, patria eta aberriak barne.

        — Errege, Erregin, Infante eta Infantizida guztien kontra. (Azken hori ez dut konbentzimendu osoz idazten, batzutan behar bait dira infantizidak insektizidak behar diren bezala).

        — "Euskal itxura" omen duten tabernen kontra.

        — Frantses produktuen boikota aldarrikatu eta edozein koñaka, Napoleon eder bat baino nahiago dutenen kontra. (Por tontos)

        — Frantses produktuen boikota aldarrikatu eta Napoleon eder bat lasai asko edaten dutenen kontra. (Por likidazionistas)

        — Liburudendak "Korte Inglesak" bihurtu nahi dituztenen kontra.

        — Liburudendetako dependienteak supermerkatu baterako bezala aukeratzen dituztenen kontra. "La siguiente ...qué quiere usted señora, un kilo de libros? De quién? De Schowob? No, de eso no tenemos, pero tenemos unos filetes Vizcaíno Casas...

        — Politika zirkoarekin konfunditzen duten politikarien kontra.

        — Politika poetikarekin konfunditzen duten politikarien kontra.

        — Hauteskunde aurreko zirko lotsagarrien kontra.

        — Kontra bazterra edo kontra eztarri.

        — Edozein eratako monolinguismoa eredu dutenen kontra.

        — Era guztietako doblajeen kontra: zinekoak (horretarako daude azpitituluak) eta batez ere Euskal Telebistan eta eztabaidetan erdaldunak bapatean itzuli beharraren kontra. Julio Caro esaterako, erdaraz aditu nahiko nuke mesedez.

        — Zine aretoan palomitak zein patatak eta karrapiñadak edo beste edozein moetetako elikagaiak, oso errespetagarriak bestalde, jan gabe egon ezin dutenen kontra.

        — Zine edo Kontzertu aretora berandu joatearen ohitura duenaren kontra.

        — Jakina, soldaduskaren kontra (dakienak badaki!).

        — Gure begi gaixuak lazeratzen dituen eguzki zuriaren kontra.

        — Jefearen kontra.

        — Zezenketaren kontra eta batez ere krudelkeria moeta horren alde daudenek, hemen, botako dizuten "arrazoiaren" kontra. "Nahi duzuna esango duzu, baina ba al dakizu Euskalherrian hasi zela zezenketa?".

        — Futbolera joaten diren energumenoen kontra.

        — Donostian krematorio bat ez egotearen kontra.

        — Gure gorputz galaiak jango dituzten har kabroien kontra.

        — Suizidioa gauza tabua edo lotsagarria kontsideratzen dutenen kontra.

        — Suizidioa morbositatez, erabiltzen dutenen kontra.

        — Euskera gai hartuta, poemak idaztearen kontra (Hizkuntza bat ez da galtzen...).

        — Beti gauza-oso jakinen alderdi negatiboa bakarrik ikusi eta kastigatzen dutenen kontra.

        — Gauza oso jakin horien alderdi negatiboa inoiz ikusten ez dutenen kontra.

        — Leiho honetan ageri da esan beharrean, leiho honetan ikus daiteke esan eta idaztearen kontra eta jeneralean hitzetik hortzera potentziala erabili beharraren kontra. (dakizkidaketete...)

        — Liburu bakarreko gizon/emakumeen kontra.

        — Hau irakurri eta "Redios, lan earra in dik honek" esango duenaren kontra.

        — Hau irakurri eta "Redios", hau egiteko etxean geatzea hobe zian" esango duenaren kontra.

        — Ze letxe! Zure kontra irakurle maitia!

        — Euskara, berarekin hasten dela uste duen idazlearen kontra.

        — Bihotzerrearen kontra.

        — Kafe huts onari esnea botatzearen kontra.

        — Kontra tu, Kontra ti...

        — Ardo beltz onari ura botatzearen kontra.

        — Idazle, kantari, musiko e.a., beren heriotza/jaiotze urteurrenetan bakarrik gogoratzearen kontra, are gehiago afusilatuak izan badira.

        — Pub eta tabernetan musika altu egotearen kontra.

        — Bazkalorduan tabernetan "hilo musical" hortero hori jartzearen kontra.

        — Maitasun kontutan beti gizonezkoak iniziatiba ematearen kontra.

        — Haragi koloreko azpiko-arropen kontra.

        — Azpiko-arropak gainekoak bezain bat zaintzen ez dituztenen kontra

        — Azpiko-arropek erabilera funtzionala besterik ez dutela pentsatzen dutenen kontra.

        — Prostituta edo putei, fulana, una cualquiera, emagaldu, furcia, edota zer esanik ez, puerca edo cerda deitzearen kontra.

        — Gure auzo zarzuela-kantatzailearen kontra.

        — Patioan bizi dugun eskusoinujole baldarraren kontra.

        — Pare-pareko leihoan bilusteko, kortinak isten dituen neska katxarroaren kontra.

        — Aldamenean azken txunta-txunta edo goratagora aditu arte oheratzen ez den agurearen kontra, gainera, gorra izanik, dena altuan komentatu behar duelako.

        — Auzoan bizi dugun eakume baten kontra, zeinak bait dituen bi zakur nazkagarri beste mundura joateko puntu-puntuan eta aszensorean zakur usai nazkagarria uzten digun.

        — Auzoan ere bizi dugun zakur-zaldi erraldoiaren kontra eta batez ere bere jabearen kontra, zeinak "no hace nada, no te asustes" behin eta berriz esaten digun joan deneko hamar urtetan.

        — Gu salbatu nahi gaituztenen ETA gu GALdu nahi gaituztenen kontra.

        — Euzko Abendaren Ereserkijaren kontra.

        — Irratietako programa mustroen kontra (Iñaki Gabilondo, Luis del Olmo zer esanik ez, eta batez ere Caparros eta konpainia).

        — Telebistako konkursitis gaitz errekurrentearen kontra eta batez ere Joaquin Prat denterosoaren kontra eta zuzentzen duen gusto txarreko horterada kontsumista eta ardailtsuaren kontra.

        — Zenbaki erromanoen kontra.

        — Bilboko kaleetan Santa Agedako koroak ibiltzearen kontra, kaxeritoz jantzita.

        — Ohitura erruralak beren lekutik ateratzearen kontra. Laister Gorordok Bilboko Arenalean segalariak jarriko bait ditu. Al tiempo!

 

* * *

 

        Nor dago gure alde?

        KONTRA TO honen puntu guztiekin konforme daudenekin komunikatu bat aterako dugu laister eta firmak bilduko ditugu ondoren. Baina OH!, gure patuaren krudela! Nola egingo dugu horrelakorik komunikatuen eta firmak biltzearen kontra bagaude!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.