L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Mother's little helper

 

Xabier Olarra

 

        Igande arratsaldero zuk ere beharko duzu segur aski astelehen goizean patarrean gora jasotzen hasi beharko duzun harri-potor izugarri hori heltzeko kemena emango dizun zerbait. Sisifo gizajo orok bezala badakizu harri hori ez duzula nolanahi eramango mendi gailurrera, ez dela bizkarrera txokolate ontza bezala jasotzeko moduko eta beharko duzula zerbait, ez indarrak hartzeko, baizik eta indarrak hartu behar dituzula buruan sarrerazteko.

        Askok eta askok, orain dela gutxi arte, astelehenerako uzten zuten lan hori, eta, izpirituko gogo-pizgarriei baino haztagarriago zirenei fede gehiago zietelako edo, uxualari kontutxo batzuk esaten zizkioten ahapetik, ezpainak bi milimetro baino gehiago hari hurbilduz, pentsakizunak xuxurlatzerakoan basoaren hustasun eta edariaren gardentasunetik haien begirada hutsetan barrena burmuineraino sartzen zitzaien hatsak behar adinako kemena ematen zien arte.

        Baina lan hori benetan nekeza izaten zen, basoaren eta edariaren gardentasuna irentsi ahala bakarrik argitzen bait zitzaizkien burmuin lausotuak eta horrela biltzen zuten zezenak trapu gorriari bezain itsuki beste edozein egunetakoa baino oraindik neketsu eta astunagoa izan ohi den asteleheneko lanari ekiteko kemena.

        Zuk, ordea, pizgarri arrunt horiei muzin egiten baitiezu, eta izpiritualagoen eske zabiltzanez, hemen ematen dizut zure arimarako bazka goxoa, Liburuen Liburua eta Liburu Gorri guztiak bazterrera edo sutara boteak dituzkezunez, horien ordez zerbaiten beharra izango duzula etsita nago eta. Hona hemen, dosi ttipietan irensteko zenbait pilulatxo, bereziki igande arrats edo astelehen goizetarako erabat apropos eta egokiak.

        Ez inoiz ahantz Kafkaren beste hura: "...gerta litekeen guztia gertatzen da, baina zinez gertatzen dena bakarrik gerta liteke". Jaiotzeko zer pekatu egin duzun, existitzeko zein krimen, zeure buruari galdezka hasten zarenean, eta maiz gertatuko zaizu segur aski, hona hemen zenbait euskarri sendo, hurrengo pausoa emateko aina kemen behintzat emanen dizuna:

 

        JUSTIZIA:

        "(Mundu honetan ezer ere ez dago bere lekuan, eta oroz gain mundua bera. Beraz, ez da zertan harritu giza-injustiziaren ikusmiraz. Berdin hutsala da gizartearen ordenamendua onartzea zein arbuiatzea: nahitaezko zaigu haren onerako zein txarrerako aldaketak pairakortasun etsiaz jasatea, jaiotzea, maitasuna, klima eta heriotza jasan behar dugun bezala". (E.M. Cioran, Breviario de Podredumbre, Taurus, madrid 1972)

 

        IDEALA:

        "Aski dut norbait etsaitzat hartzeko egiazki idealaz, etorkizunaz, filosofiaz mintzatzen entzutea, 'gu' segurtasun doinuz ahoskatzen aditzea, 'besteak' ahotan hartu eta haien interpretari sentitzen dela somatzea. Haren baitan tirano hutsegina, ia borrero ikusten dut, goi mailako tirano eta borreroak bezain higuingarria". (Ibidem)

 

        AMODIOA:

        "Amodioaren funtzio bakarra da asteko gainerako egunetarako eta betiereko betikotasunerako zauritzen gaituzten igande arratsetako jaiak, krudel eta neurtezinak, jasangarriago bihurtzea". (Ibidem) "Bi listuren elkartzea... Sentipen guztiek glandulen mixeriatik ateratzen dute beren absolutua. Ez dago nobleziarik ez bada izatearen ukapenean, paisaia deuseztuz mendean dituen irrifarrean!" (E.M. Cioran, aipatu liburuan). Bizia burtzorabioan sortzen da eta asperduran desegiten" (Ibidem).

 

        ABERRIA:

        "Orduan beren kapel luzeak paratzen dituzte eta hitzaldi bat botatzen digute, karraxi batean, honela: 'Alproja koadrila! Gerra da!', esaten digute. 2 zenbakidun aberriko alu horiei erasoko diegu eta kalabera lehertuko! Tira! Tira! untzian badugu behar den guztia! Denok batera! Baina lehendabizi ongi entzun nahi dut zuen oihua: Gora 1 zenbakidun aberria! Urrundik entzun dadila! Oihurik handiena egiten duenak, domeina eta Jesus Haurraren xingola hartuko ditu! Eta itsasoan zurrundu nahi ez dutenek, doazela lehorrera harrak bazkatzera, han hemen baino denbora gutxiago behar baita!" (Louis-Ferdinand Céline. Voyage au bout de la nuit).

 

        OROTARIK:

        "Bai amets gaiztoa izan nuela lehengo batean! oso gizon gaiztoa, dongea, bihurtua nintzela egin nuen amets, nolaz?, ezin nion antzeman. Burutik oinetarainoko izaki basa nintzen, giza-haragi zati apaindu, trakets, krudela. Gizena nengoen, eta antza, gauzak ondo baino hobeto zihoazkidan. Esku baldarretako behatzetan eraztunak nerabiltzan dizdizari, eta zilbor paretik zintzilik, baldarkiro, gantzezko duintasuna erraldeka. Aginduak emateko eta neure apetei asebidea libre uzteko baimen guztiak banituela sentitzen nuen. Aldamenean, ongi hornitutako mahai gertatu batean dipsomania eta irrika izigarria sortzeko moduko gai diztiratsuak zeuden, ardo eta likore botilak, hala nola jaki hotz finenak. Aski nuen eskua luzatzea, eta noizik eta behin horixe egiten nuen. Laban eta sardesketan nire etsai terreatuen malkoak zeuden itsastsiak eta basoen klin-klin hotsekin batera konta ezin ahal gizagaisoen intziriak entzuten ziren; hala ere, negar-malkoen lorratzek farrea eragiten zidaten eta etsipenezko intziriak, berriz, musika soinu ziren ene belarriendako. Oturuntza alaitzeko musika behar nuen eta hantxe neukan. Itxuraz, besteren ongizatearen bizkar negozio bikainak egina nintzen, eta horrek barne-barneko gozamen bazterrezina sortzen zidan. Ah! Hura gozamena neure kideko zenbait aidean zintzilik utzi izana! Eta txintxarria hartu eta deitu nuen. Agure bat sartu zen..., barka, arrastaka sartu zen —bizitzaren zuhurtzia zen—, eta arrastaka nere boteteraino iritsi zen, haiei musu ematera. Eta nik utzi egin nion izaki doilor horri. Pentsa ezazue une batez: esperientzia, oinarri leial eta zintzoetarikoa, neri oinak miazkatzen. Horri esaten diot nik aberatsa izatea. Eta gogoak eman zidalako, berriro deitu nuen, ez dakit ongi non, baina libertitzeko irrika bortitza sentitzen bainuen; eta neskato xamur bat agertu zen, ni bezalako libertino batentzat mauka ederra. Haur-errugabetasuna zela esan zuen, eta nere alboan zegoen zigorrari ezkutuka begiratuz, musuka hasi zitzaidan, ezin sinesteko moduan bizkor arazi ninduelarik. Izialdura eta galbideratze goiztarra nabari zituen bere orein-eme begi ederretan. Ase nintzenean berriro deitu nuen eta gazte lerden, eder, baina pobrea sartu zen: bizitzaren alderdi seriosa. Nere zerbitzraietarik zen, eta nik, betoskoa jarriz, urdanga horri, nola zuen izena?, ah! bai, lanerako gogoa, pasa erazteko esan nion. Handik piska batera ahalegina sartu zen, eta gizon zintzo horri, sasoi hobereneko gorputz horri bai gustora eman niola zigorkada ozen bat bere aurpegi baketsueta ernearen erdian: farrez lehertzeko modukoa! Eta hark, lehia, sorburuko energia kreatzailea bait, txintik atera gabe jasan zuen. Gero alferkeriazko imintzio harro batez ardo basokada batera gonbidatu nuen, egia, eta inozo alaenak lotsaren ardoa urrupadaka edan zuen: 'Tira, neretzako lanean has hadi!', esan nion, eta berak obeditu, Gero birtutea azaldu zen, bihotza izoztua ez duen edonorentzat edertasun txundigarriko eme-irudia. Nigarrez sortu zen; belaunetan eser erazi nuen eta senperrenak egin nizkion. Bere altxor preziatua, ideala, ebatsi nionean, irri-zurizko ateraldiak entzun eraziz eta nik txistu egin orduko, jainkoa bera agertu zen: 'Nola? Hi ere bai?', oihu egin nuen, eta izerdi-patsetan esnatu nintzen... Hura poza amets txar bat besterik ez zela ohartzean! Ene Jainkoa, oraindik bizitzan zerbait izatera heltzeko esperantza geratzen zait! Ametsetan dena egon ohi da eromenaren muga irian! A ze begiak jarriko lituzkeen Krausek, kontatuko banio". ( Robert Waiser, Gustav von Gunten, Alfaguara, madrid 1988)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.