Osaba Franz
euskaratzailea:
Xabier Olarra
Sortaraziak gara, baina ez heziak, beren astapitokeria guztiaz, gure sortzaileek, sortarazi ondoren, gure kontra iharduten dute, gizakiraren baldarkeria deusezkorraz eta izaki berri honek hiru urte bete baino lehen dena desegiten dute beronen baitan, zeini buruz ez baitakite deus, gehienez ere, eta hau baldin badakite ez da gutxi, arinkeriaz eta itsumustuan egin dutela, eta ez dakite, honenbestez, krimenik larriena burutu dutela. Erabateko ezjakintasun eta bilaukeriaz, gure sortzaileek, hots, gurasoek, munduratu gaituzte eta behin hor garenez geroztik ezin dute burutu gurekin, gurekin burutzeko asmo guztiek porrot egiten diete, aidoso etsitzen dute, bainha beti beranduegi, beti desegin gaituen unea aspaldi joana denean, zeren bizitzaren lehendabiziko hiru urteetan, bizitzaren urte erabakiorrak, zeinetaz, halaz guztiz ere , gure sortzaileek, guraso diren heinean ez dakiten deus, ez duten deus jakin nahi, ezin duten deus jakin, gizaldi eta gizaldietan dena ezjakintasun honen alde egin baita, gure sortzaileek, ezjakintasun honen bitartez desegin eta deuseztu baikaituzte, eta desegin eta deuseztu beti bizi guztirako, eta egia esan munduan beti izaki desegin eta deuseztuekin egiten dugu topo, eta bizi guztirako beren lehendabiziko urteetan hauen sortzaileek desegin eta deuseztuak, guraso ezjakin, bilau eta ilustrazio gabeak izaki. (...)
Gizaki berria beti bere amak animalia baten gisara erditua izaten da soilik, eta beti ama horrek animalia baten gisara tratatzen ohi du eta hondamendira eramaten (...)
Direnak direla izaki berrien hezketan erabilitako bitarteko eta metodoak, beren hondamendirako heziko dituzte, haien hezlarien ezjakintasun, bilaukera eta arduragabetasunaz. (...)
Ez dago inolako gurasorik, izaki berrien sortzailetzako kriminalak baizik, zeinek dihardukaten, beren zozokeria eta astapitokeriaz, beraiek sortutako izaki horien kontra, eta beren kriminaltasun horretan gobernuek laguntzen dituzte, hauei gizaki ilustratu, eta ondorioz bere garaierekin benetan ados dagokeenik izaterik ez bait zaie komeni, zeren, jakina, izaki hori hauen helburuan kontrako baita, eta hau dela-eta, milioika eta inpirioka buruberak sortarazten dituzte behin eta berriz eta sortaraziko oraindik dozenaka urtetan eta segur aski ehundaka urtetan, behin eta beriz, milioika eta inpirioka burubera. (El Origen. Thomas Bernhard. Ed. Anagrama 77-78-79 orrialdeetan)
Era zeharo mekanikoan eta irakasleen portaera sonatuaz eta irakasleen astapitokeria ezagunaz, desegiten zituzten ikasle gisa haien eskutan utzitako gazteak beren irakaspenez, zeinak ez baitziren Estatuaren agintariek manatzen zizkieten txikizioa eta suntsipena, eta debruzko ondorioz, deusezpena besterik. Irakasle haiek gaisoak baino ez ziren eta haien gaisotasunaren gailurra klaseak ziren beti, eta zozotu eta gaisoak ziren soilik, zozotu eta gaisoak institutuko irakasleak direnez, zeren egunean egunean erakusten dutena eta beren biktimaren gainera hustutzen dutena ez baita zozokeria eta gaisotasuna besterik, eta, egiaz, izpirituaren gaitz kontsidera daitekeen ikasgaia, duela zenbait mende usteldua, zeinetan edozein ikasleren pentsamendua ito egiten baita ezinbestean. Eskoletan eta batez ere bigarren mailako ikastetxe diren irakaskuntza ertainetako kolegioetan, ikaslearen nortasuna, ikasle honen baitan etengabe sartzen diren ezagupen ustel eta alferrikakoen ondorioz, antinortasun bilakatzen da. (...)
(...) eta bada garaia galbide zentru horiek nola desegin daitezkeen pentsatzeko, benetan desegin egin behar baitira, aspaldidanik gizatasunaren galbiderako lekutzat hartuak izaki, argi eta garbi halaxe direla frogatu dutenez, direlako bigarren mailako eskolak deuseztu egin behar dira, mundua askoz hobeto egongo litzateke direlako bigarren mailako eskola, institutu, lizeo etabarrak deuseztuko balira eta lehen mailako eskoletan eta unibertsitateetan zentratuko balitz, zeren oinarrizko eskolak ez duen ezer desegiten izaki gaztearen baitan, ez duen ezer deusezten izaki horietako baten nortasunean, eta unibertsitateak zientziarako gai direnentzat diren, eta bigarren mailako irakaskuntzarik gabe ere unibertsitaterako gai diren, baina bigarren mailako ikastetxeak deuseztu egin behar dira, zeren haietan gazteriaren zati haundi bat galdu egiten baita, derrigorrez galdu behar eta.
|