Txantxangorria: kristau herri
melenga honen sinbolo garbia
Patziku Perurena
Euskal mitologia edo paganismo zaharrean, ez duzue sekula santan aurkituko txantxangorriaren edo papogorriaren aztarrenik. Euskaldunak oso berrikitan hartua du ahotan txoriño ahul honen sinbologia. Beste mila hegazti ederrehak maiz ageri badira ere, nekez aurki daiteke hegaztiño txatxu honen aipamenik. Ez, ez du lekurik, ez leienda ez kantutegi zaharretan. Euskal sena, berez basatia eta naturala dena, humanizatu, kristautu, abertzaletu eta iraultzaletu ahalean etorri da txori ttattar honenganako sentiberatasuna. Beraz, euskal senarekin eta muinarekin deus ikusirik ez duen xoriño eskaxa da papogorria.
Euskal Nortasunaren Animaliak izeneko liburua, Mikel Azurmendik burutua da, orain dela urte pare bat. Eta, hain zuzen, liburu honen hasiera Salbador Zapirainek (Atañok) idatzitako Txantxangorri Kantaria liburuko hitzaurrearen pasarte batzuk erabiliaz egiten da, hegaztiei dagokien aurreneko atalean. Hona bertako pasarte bat edo beste:
"Udazkenean, gauzak urritzen asten diranean, udarako aukerak ekarri zituen txori betizu guziak aldegiten ditek; ez txantxangorriak. Au orduan ere kantari sumatuko dek. Eziñean bearbada, baña ez dik bere lurrik utziko; emengo eskeren edo lukabiren batean sortuko uan, eta bizia emen utziko dik. (...) Txantxangorria ondo ixil ta pakean bizi dek gaxoa, eta, iñori sasirik eskatu gabe, denak poztearren kantatzen dik. Ark ere, ordea, etsai gaiztoak izaki, eta aien atzaparretan erortzen dek askotan".
Pasarte honek ederki erakusten du lehen esan dudan humanitarismoa, abertzalismo eta zera guzi hori. Beste hegaztiak betizu, edo beste modu batera esanez, basati eta libre; txantxangorriak, ordea, eziñean bearbada, baña ez dik bere lurrik utziko (abertzaletasuna); ixil, pakean, gaxoa, iñori saririk eskatu gabe, denak poztearren (humanitarismo ahul eta sentsibleria ugari) etabar, etabar.
Mikel Azurmendiren liburuak, orohar, badu aipatu ditudan alderdi guzi horien kutsurik aski, baina, liburua irakurri ahalean ederki frogatzen da txantxangorriak oso leku eskasa hartzen duela euskal nortasunari dagozkion hegaztien artean. Izan ere, ezin zitekeen bestela izan. Dena den, hona hemen aipamen bakan horietariko batzuk:
"Kukua, udaberriko soldadua; txantxangorria, neguko soldadua".
A. Zabalak jasotako esaera zaharra ez, baina, oso berria esanen nuke nik.
"Txantxagorria txantxate/ Birigarroa alkate/ Txepetxa dela bitarte/ Zozoa kartzelan sartu dute". Hau ere, oso aspaldi ez dela A. Zabalak jasoa.
Honelako aipu oso berriez aparte, nik ez dut sekulan deusik aditu izandu papogorriari buruz. Jakina, mundu guziak badakiena, kukuak txantxangorriaren kabian erruten duelako eta kukukumea honek hazten duelako kontu hori entzun eta ikusi ere bai, baina, bestelako leienda eta mito paganorik santa sekulan ez.
Artikuluaren buruan, txantxangorria kristautasunaren sinbolo garbia dela jarri dut, eta, hain zuzen, txantxangorriari buruz ezagutzen diren leienda bakanak, kristau kutsu nabarmena dutenak dira. Hona Azkuek jasotako leienda bi:
"Andra Maria Kalbarioko mendian Semearen eriotze-bitartean negarrez zegoela, altzoa zikindu omen zion txepetxak, eta txindorriak (txantxangorriak, alegia) berehalaxe zikin hura kendu egin omen zuen, eta orduan Yesusen odol-xorta erori zitzakon paporat. Hartako du izentzat papogorria".
Hau Behenafarroan jasoa. Baina, Bizkaian jasotako beste honek ere, harako Aitaren eskubialde eta ezkerralde hura dakarki gogora:
"Txantxangorria, norberaren eskumako aldera badator, barri ona dakar; ezkerrekora badator ostera, barri txarra".
Alfer alferrikakoak direla uste dut leienda honi egin liezazkiokeen irazkinak. Argi eta garbi ikusten bait da, Jesusek gurutzean adierazten duen sinbologia berbera ordezkatzen duela txantxangorriak kristau ahul, errukitsu eta sofrituaren gogoan.
Ikus ditzagun, esate bateko, Emeterio Arresek txantxangorriari jarritako bertso batzuk. Atlantikoa berrogeitalau aldiz gurutzatu zuen tolosar menturazale, pilotazale eta poeta hau, antiklerikal samartzat omen zeukaten bere garaikoek, baina, bertso hauek leitzea aski da, oso bestelakoa izanen zela igertzeko.
Papar txiki ta gorritxa bor-boil
ler egiteko zorian
jardun-gai oso kupigarriaz
beterik daukazunean,
ainbeste negar... eresi xamur...
azanpa guzik batean
ez dakit nola kabitzen diran
zure kolko pollitean.
O, txori gaxo, sotil, pollita,
biotz erien laguna,
txiruliruka negar ugari
eztiro dariyozuna,
zu zera beti txantxangorriya,
zu zera txantxan-iztuna,
alakoxe gauz maitagarri bat
erakusten diguzuna.
* * *
gidari zintzo gertu bat izan
nai bazenduke bezela
gure alboan zabiltza beti
txoritxo maite-maitena.
Ain txukun, apal eta geldiro
jarraitzen zera kantuan
* * *
naigabe pranko banatuagatik.
Bertso hauetako diskurtsoa, ez esan niri ebanjelioetakoa bezalaxekoa ez denik. Erabiltzen dituen hitzik adierazgarrienak ikustea besterik ez da horretarako: (1) kupigarriaz/ ainbeste negar... eresi xamur. (2) gaxo/biotz erien lagunai negar ugari/ maitagarriro. (3) gidari zintzo (Jesus bezala) /maite-maitena. (4) txukun, apal/ naigabe... Hitz hauek denak, ez esan niri kristau sentsebleria ahul eta indargabe baten adierazgarri ez direnik. Ez esan niri, hemen txatxangorriak Jesus gurutziltxatuaren irudia berbera hartzen ez duenik.
Konpara dezagun guzi hau, orain berriro argitara diren txantxangorriari buruzko bertso batzurekin. Manuel Lasarterenak dira ondoko pasarte hauek:
* * *
berez kariñosoa
kristau maitalea,
gorrotorik gabe
ta pakezalea,
Ori da biotz ona
duen señalea.
* * *
txori onek neregan
zula konfiantza.
Badet elkar maiteko
degun esperantza.
* * *
guk ere mundu txar au
genezake ondu,
txantxangorriak aiña
maitasun bagendu.
* * *
Nik txori guzietan
bera det maitena,
barrengo naigabeak
kentzen dizkitena.
* * *
Au nola ez egiñ
zuri txantxangorri
maitasun utsa zeran
txori gaxo orri.
Ez esan niri, hemen ere Emeterio Arreseren diskurtso berbera nabari ez denik: (1) kristau maitalea/ pakezalea/ biotz ona. (2) konfiantza/ elkar maiteko/ esperantza (fedea, beraz). (3) mundu txar hau ondu/ txantxangorriak (Jesusek aiña) maitasun bagendu. (4) maitena/ naigabeak. (5) maitasun utsal gaxo... Alfer alferrik litzateke ezetz esatea, begi bistakoa bait da elkarren arteko antza.
Hiru kristauren aipamenak erabili ditut hemen: Atañorenak, Emeterio Arreserenak eta Manuel Lasarterenak; hiruak gizatasun haundikoak, abertzale jator, apal eta zintzoak; eta ikusi duzue ederki, nola hiruek diskurtso berbera darabilten. Eta, hain zuzen, sentsiblekeria humanitario, kristau eta abertzale honen diskurtso berbera jaso du geroztik ETAren inguruan sortu den iraultza giroak. Izanez ere, ugaltzen joan bait da txantxangorriaren irudiaren erabilpena. Ez dut datu zehatzik eskuartean, baina, edozeinek froga lezake inoiz baino ugariago erabiltzen dela gaur txantxangorriaren irudia, bertsolariei jartzen zaizkien gaietan, gartzelakoan etabar (Amurizari jarri zioten hura lekuko).
Txori ahul mixerable honek "gure folklorearen aparteko onginahia" duela omen dio J. Alustizak, hala dio behintzat Mikel Azurmendik bere liburuan, eta txori txar hanen konpainia estimu txarrean edukitzea, kaskailukeria eta setakeriaren seinale omen litzateke. Barka biezat Mikel lagunak, baina, kaskailukeriaren eta setakeriaren seinale ez, baina, bizi indar natural eta eder baten seinale, esanen nuke nik. Izanez ere, txantxangorriak sinbolizatzen duen sentiberatasun beraxka eta melenga ez onartzeak, ez bait du esan nahi inor kaskailu eta setoso denik prezisamentean. Eta, honekin, iritsia dela uste dut neuk nahi nuena esateko ordua.
Mikel Azurmendiren liburu honek adierazten duen gisara, gaurregungo euskal kultura, orohar, txantxangorri ahul mixerable batek sinbolizatzen du. Literaturatik hasiz, jaun eta jabe den Atxagaren lana, maitasun txuria, ternura, errukia eta berak mila bider ahotan erabiltzen duen afekto humanitarioz estalia dago; gainera, berak esana du, nahiz besteren (Itoizen) bidez: txantxangorria naiz.
Musika arloan zer esanik ez. Hiru talde modernillo hartuz: Itoizi buruz nahikoa esan dut; Ruper, Atxagaren lagun/monagillo gisako zerbait; eta beste bat hartzeko, Imanol: bere kantu guziak, tristura, amodioa, nostalgia eta beste mila erromantizismo txuri eta melenga adieaziko dizute.
Eskulturan, denen aitapontekoa hartuz: Oteiza, bere burua noiznahi saltzen duen jainko frustratua besterik ez da, bere errebeldia apurra eta bizi indar pixarra, beti miloi mordo baten truke ematen dituena.
Pinturan, hoberenak ere, gurutze formarik hartzen ez duen koadro oro abstraktua dela esanez defendatzen dira. Edo zuetako inork ikusi al du euskal pintoreren bat, bere tresneria arrastaka duela bide bazterren batetan edo sasi zokoren batetan edo mendi tontor traketsen batetan paisaje ederren bat pintatzen ari dela? Ez? Orduan, seinale benetako pintorerik ez dugula.
Ez, kristau maiteak ez! Bukatu ziren kultura eta jakintza guziak irentsi ondoren urdin hutsez jantzitako lur gordinari begira geratzen ziren kreatura zoragarri haiek. Bukatu ziren erromantiko gordin, beltz, natural eta eder haien garaiak. Beltzez jantziko da modernillo asko, baina, bere sentsibleria milinga, txuria eta beratxa estaltzeko baizik ez. Arrano Beltzaren izenean lokal asko zabalduko da, baina, txantxangorri errukitsu, txintxo eta umilak baizik ez dira sartuko barrura. Etabar, etabar...
Nik, ordea, ahulkeria guzi horretatik kanpora bizi nahi nuke. Eta ez prezisamentean Mikel Azurmendik uste duen bezala, kaskailu eta setoso hutsa naizelako, baizik eta bizi indarra beste leku batetik datorkidala sumatzen dudalako. Bakoitzak nahi duen bezala izateko eskubidea du, eta herri honek ere bai, baina, ni ez nau batere betetzen txantxangorriaren sinbologia honek, hain zuzen ere, sinbologia honen beste muturretik bait datorkit neure bizi indar eder eta naturala. Hauxe utzi nahi nion garbi, neure pentsamoldearekin harrituta legokeenari. Besterik ez.
|