Ni aldekoen kontrakoa naiz
Patziku Perurena
Jainkoak bestek ez daki euskararen aldeko zenbat zeremonia farragarri egiten den urtearen buruan gure herri festazale honetan. Eguna joan eguna etorri, beti bada parodiaren bat, euskararen-aldeko froga gainditzeko edo, antolatzen digutena. Asteburu askotan, egun berean, bizpahiru lekutako parodietan hartu behar izaten du gainera jende askok parte, benetan euskararen alde dagoela erakutsiko badu. Euskararen aldeko antzezle ari garela bihurtzen ematen du euskaldunak. Eta honelako zeremonia antolatzaileek, berriz, zenbat eta antzezle gehiago sortu, orduan eta pozikago, euskararen faboretan gero eta jende gehiago ari delako uste osoan. Ez dute onartu nahi nonbait, euskararen alde ari izateak hutsak, pasibotasuna eta kontzientziaren lasaitasun besterik ez dakarrela.
Oso erreza da Bateginik kanpainan parte hartzea. Oso erreza da Korrikan parte hartzea. Oso erreza da Nafarroa Oinezen parte hartzea. Oso erreza Herri Urrats, Araba Euskaraz, Ibilaldia eta nik dakita zenbat zeremonia gehiagotan parte hartzea. Oso erreza bai. Errezegia. Baina, zer mesede egiten dio euskarari, esate baterako, Zangotzako ikastola batean euskaraz egiteko, Euskal Herri osoad, nahiz euskara ikasi ez ikasi, Bateginik kanpainaren alde mugitzen bada eskerrik beroenak emanen zaizkioneko taktika erabiltzeak? Nik argi eta garbi ikusten dut erantzuna. Ongi da Zangotzako ikastolari laguntzea, baina, horretarako Euskal herri osoari inoiz euskararik ikasi gabe bizi izateko aukera eman behar bazaio, aze porruak ateratzen ari garen. Eta ustez euskararen "salbadore" lana egiten ari direnek, horixe bakar bakarrik eskatzen diote herri honi: izan zaitez euskararen aldeko, sekulan ikasiko ez baduzu ere, edota dakizuna ahaztuko bazaizu ere. Egizu zeure antzerkitxoa, eta bale, horrekin aski duzu, kontzientzia lasai eduki dezakezu. Ustez kontzientziatze lana egiten ari direnak berak dira, kontzientziarik eta motibaziorik sor ez dadin aitzakiak, zeremoniak edo parodiak antolatzen dituztenak. Egia esan far egiteko gogoa ematen du alde batera. Eta bestera ere bai. Ez bait da zertan negar eginik.
Baditut ezagunak eta lagunak ere, Bateginik, Korrika, Nafarroa Oinez, eta beste mila zeremonietan parte hartzen dutenak. Sekulan ez zaie burutik pasa ere egin izanen euskaraz benetan deus egiterik, baina, kuidau gero honelako zeremonien aurka zaudela esan! Agudo altzako zaizkizu zu baino euskaldunago, zu baino iraultzaleago direla esanez. Eta hainbestekoa izan ohi da beren gauzak arrazoitzeko ahalmeha, non berehala espainolista edo EEkoa zarela esanez moztuko dizuten zure iharduna. Barkatu egin beharko didate nik hala pentsatzea, baina, jende klase horixe da euskararen oharkabeko etsairik okerrena. Eta jende klase horri (nahiz euskaldun nahiz kastellano) bazka emateko bestetako ez dira egiten Bateginik, Korrika, Nafarroan Oinez eta beste zeremonia guzti horiek. Jende hori gisa honetako zeremoniak eta parodiak antolatzen dituztenek sortutako fruitua da: Jende horri deusetan sinistu ere egin gabe, deus benetako koherentzia batez egin gabe, jainkoaren moduan sentitzeko aukera ematen zaio herri honetan. Baina, errua, noski, ez da jendearena; jende horrek bere burua jainkotzat edukitzeko aitzakia izan dezan, horrelako parodiak geroz eta gehiago eta maizago antolatzen ari direnena da errua.
Gauza bat utzi nahi nuke argi eta garbi. Sekulan ez naiz izandu horrelako zeremonien aldekoa. Euskarari, mesede beharrean, kalte latza egiten dioten uste osoa bait dut. Egunetik egunera argiago ikusten bait dut, horrelako zeremonien inguruan izugarrizko frustrazioa sortzen ari dela euskarari buruz. Eta deskuidoan norbaitek honelako festakizunen batetan ikusten baldin banau ez dezala behintzat jainkoagatik ere euskararen alde ari naizenik pentsa. Horixe bakarra falta nuke orain. Gaupasaren bat edo mozkorraldiren bat galanta joan izanen da, behar bada, behin baino gehiagotan, baina, hortatik euskararen aldeko ekintza batetan partehartzen ari naizela uste izatera bada alde ederra ene maiteak. Ez nuke nahiko, egunen batetan kaxka erorita bazterren batetan gera nadinean, nitaz inork zera esan dezan: euskararen aldeko ekintza guztietan hantxe izaten zen. Alderantziz baizik: sekula-santan ez zuen euskararen aldeko ekintzetan parte hartu izandu; euskara bizi eta senditu zuelako erabili zuen, eta horixe opa zien beste euskararen komediante fustratu guziei ere.
Halare, azkenaldi honetan egin didaten burlarik haundiena hauxe izan da: zinez bazaude euskararen alde sina iezaiguzu autografo bat, esanez utzi didate buzonean papertxo bat. Aze palentia, eta atzetik far egiteko modua, hori egin duenarena ere! Ni hizkuntza guztien alde nago nornahik senti eta erabil ditzan neurrian. Baina, zinez euskararen alde naizela firma eskatzea, oraindik herri honetan egin didaten gauzarik lotsagarriena iruditu zait. Eta zertarako izanen, eta Europara eramateko! Deskuido santuan, Bateginik kanpaina honen berririk izaten badute Europan, ez dute farra gutxi eginen gure kontura! Orain arte ez zuten zalantzan jarriko Euskal Herrian, kabala den inor behintzat ez zela euskararen kontra izanen, eta orain euskararen alde (alde bakarra eh!) 300.000 firma ezin bildurik gabiltzala entera daitezenean farra egin behar. Nola ez dute bada eginen farra! Nork ez luke eginen? Orain arte sikira etxe barrenean bertan ari zitzaizkgun etengabean hil kanpaiak joka. Orain, berriz, etxekoa aski ez dela, kanpora doazkigu. Aze poza hartuko dutena Europan hemengo kontuak aditzean. Latza da gero, latza denez! geure ezinak bazter guzietan salatzen ibili behar hau. Noiz ohartuko ote gara geurok ari garela geure burua hondatzen eta desegiten.
|