L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hizkuntza? Kultura?

 

Joxean Sagastizabal

 

        Bizi egin behar, eta aspaldiko gizatalde isolatuak bakoitza bere erara moldatu ziren irauteko, aurrera jotzeko; bizibeharrari emandako erantzunen multzoari kultura deitu zitzaion.

        Siuxentzat elurra zakur ikaragarri batek azka egitean sortu zen, Manitú Handiak agintzen zuen zeruetan eta paradisua bisontez betetako lautada berde freskoa zen, siuxek kultura bat zuten, bizitza beraiena zen modu batean entenditzen zutelako.

        Kultura modu askotara adierazten zen, sinesmenak, ohiturak, artea e.a., eta noski, hizkuntza bat zen honen adierazpenik nabarmenenetakoa.

        Gaur egun, eta ez dakit nongo oihanetan gizaki zuria ikusi gabeko zazpi indioak salbuespen, ez dago gizatalde isolaturik, eta begibistakoa da erabateko uniformizazioruntz doala mundua, komunikabideen eraginez, ondorioz, bizibeharrari berdin erantzuten diote kanadiarrek, lekeitiarrek eta txinoek, desberdintasunak anekdotikoak direlarik ikusmena duenarentzat.

        Hizkuntza gelditzen da, hizkuntza da izan zen gudarostearen azken soldadua, baina hizkuntzak gaur aidean daude, ez bait dago eutsiko dien kulturarik, ez bait dago ezer atzetik, azpitik, oinarrian, itzal hutsal halakoak, gaurko hizkuntzak. Gaur egun "La Cultura Española" esaten dugunean, nere uste apalez, españolek egindako artelanez ari gara, eta artea lehengo kulturen osotasunaren parte bat zen, "Cultura Española"-z hitzegitea tontakeria da, españolek ez bait dute modu berezi bat mundua, bizitza ulertzeko, eta euskaldunek? Ez, noski. Beraz, "Euskal Kulturaz" hitzegitea tontakeria da, izan zenez ez bagara ari, behintzat. Ni euskalduna naiz, eta ez dut munduarekiko kosmogonia berezirik jaso nere herritik.

        Hizkuntza gelditzen da, itzal hutsala, zutaberik gabekoa, geure nortasuna aldarrikatzeko amorruz eutsi nahi eta behatz artean ihes egiten digun entelekia.

        Zer dira ba gaurko hizkuntzak, kulturaz gabetutako itzal horiek? Ba itzulpenak, itzulpengintzan datza eguneko "Kultura Unibertsala". Artikulu hau euskeraz ari naiz idazten, gazteleraz idatz nezake, nere elebitasuna erabil nezake "Euskal Kultura" sortzeko eta "Cultura Española" sortzeko, nere burua errez engaina nezake, "Kulturilak" elkar itzuli besterik ez ez dutela egiten ikusi nahi ezean. Ez dago kultura alemanik, yankirik, inglesik, toki geografiko desberdinetako jendeak egindako gauzak daude.

        Euskera itzulpen bat da, gaztelera bezalaxe, beste guztiak bezalaxe, gaurko gizakiek hizkuntza-ugaritasuna txilipurdika inkomunikazio ergel bati eusten diote, elkarrekin ez ulertzeaz, "desberdin" izateaz harro-harro. Hizkuntza itzal hutsal erabiliz jartzen diogu gure buruari adjetibo famatua "euskalduna, español, catalan, english, français, german, italiano" eta alai antzean gelditzen gara.

        Euskalduntzea, berreuskalduntzea...; irakaslea naiz, euskera irakasten dut, alegia. Ikasle askoren aurreratze-prozesua jarraitu ahal izaten dut, eta bai, hasiera batean "soy Luis, de Pasajes, soy municipal y tengo treintaidós años" esaten zuen, eta egun gogaingarri batean "Luis (edo Koldo kasu grabeetan) naiz, Pasaiakoa, udaltzaina, hogeitamabi urtekoa" esateko gauza izan zen, eta zer? Luisek hizkuntza hotz triste batean hitzegingo du, zainik gabeko artifizioan, bere gaztelera itzultzeko kapaza da orain, besterik ez duelako egiten "euskaraz" ari den guztietan. Luisek ez du orain komunikatzeko lagun gehiagorik, ez dagoelako euskaldunik erderaz ez dakienik (bai badakit baserri hartan gazteleraz ez dakien agure bat dago, baina begira! "Diario Vasco" irakurtzen du egunero.)

        Euskarak, biziko bada, milaka euskaldunberri behar ditu, eta euskaldun zaharrak, noski; euskaldunberriak "Luis" berriak izango dira, eta euskaldunzaharrak, gaurkoak ikusi besterik ez dago, inguruko hizkuntza indartsuen zamapean, kultura unibertsalaren bonbardeopean, azken berezitasun tantoak galduz doan mintzaira gero eta uniformizatuagoa, itzulpen batekin gero eta antza handiagoa duen euskara bat hitzegingo dute.

        Beste hizkuntzekin berdin gertatzen dela esan dut lehentxoago, eta hala da, baina horretan euskera bada berezi. Euskara "sozialki beharrezkoa" egin behar omen hiztun berriak (Luis berriak) ager daitezen, alegia, jendea ikastera bultzatu behar da, nork ez du entzun "behartu" aditza maiz? Eta hau denak gudarostearen azken soldaduak iraun dezan, gerra orain dela hamar mende gutxienez galdu genuela ikusi nahi ezinik, gezurrezko, ilusiozko apartekotasunari eutsi nahian, gure itzulpena zutik egonerazi nahian.

        Euskeraren aldeko borrokan gastatzen diren diru eta kemenak, sortzen diren haserre eta tentsioak merezi al du?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.