Poema liburu batetarako hitzaurregai bat
Pott bandako apatrida
Boutade batzuk gora edo behera, bere gauzak kanporatzen argitaratzen dituanaren pentsamenduak ez dira kontrapasa dantzatzen hasteko modukoak izaten normalki, ene kasoan bederen ez dira behintzat horrelakoak izaten, ez dira. Virginia Wolf, bere liburuak ateratzen zituen bakoitzean, lur jota geratzen omen zen. Kasu arrunta, berea ere.
Hitzaurrea egitea ere, egoera urduritsu horren adierazgarri dateke. Nolabait, despedida bat zaigu. Orain arte gure baitan ur berotan bezala egon den zerbait bota aurretik, kale hotzetara jaurtiki aurretik geure buruari eskaintzen diogun azken une laburra. Trena abiatu baino lehen "oraindik bi minutu dauzkagu" delakoaren antzeko zerbait.
Nolabait ere, ba dirudi literaturaren zereginak (gizartean behar lukeen postua, noski) faltsuztatuak daudela. Egilearen eta irakurlearen arteko rendez-vous bat omen da liburu bat argitaratzea, baina ez da hori inola ere, ez da zeren eta norbaitek faltsiki egiten baitu zita horretan. Agina biak egiten dute poto, egileak eta irakurleak. Jakina, hitz asko xahutu eta alferrikaldu da egindako literaturaren kanporatzeaz, eta egite horren gorabeherak aztertuz. Hemen ere xahutuko dira, eta zera esanez, literaturgintza epaile-epaitu bikotearen jokuan galtzen dela esanez. Liburu hau botatzerakoan ere ez nau uzten sentimendu honek, ez, ez ditut arkituko irakurleak epaileak baizik, eta eskerrik asko. Zenbait zirkostantzi berezitan, gure herrionek zerbait osatu, moderno eta beste edozein herriren mailako izateko nahiak sortzen ari denetan esate baterako, areagotu egiten da literaturgintzaren egoera tamalgarri hori, herri edo kultura edo dena dela bat eraikitzeko puntuan ierarkiak asmatzea baita, antza, biderik lasterrena. Ierarkia, konpetibitatea. Ez da beste filosofia hedatuago eta indartsuagorik zerupean, eredu eskurakoiena da hain zuzen, betikoa, ia eternala makina baten ustez, eta mediokreak, pattalak garenez gero ezin da asmatu beste zubirik parabisurantz. Irakurle ideiala ez litzateke gonparaketetan ibiliko eta gozatzea litzateke bere desio bakarra. Haur batek ez du bere jostailua gonpara edo klasifikatzen, kondenatzen. Jostalaria eta epailaria ez dira etxe berberan bizi.
Euskal Herrian berehala jakiten da idazle bakoitzaren euskararen nolakotasuna; amets txar batetan zera ikusten duzu, tipo bat, lapitza eta papera eskutan, zenbat aditz sintaktiko erabiltzen dituzun kontatzen. Baina ez zara horretan bakarrik epaitua izaten aztertua fosile bat bazina bezala zeren ahalegin asko galtzen baita nori zeri kopiatzen diozun jakiten, edo zein iturritatik edan duzun argitzen. Zein tokitan koka ahal zaituzten jakiteko. Gure kasoa aipatu berri dut, inork besterik ez dion bitartean Euskal Herrian gaudelako. Zer esanik ez, Madrilen ere ortotsik dabiltza zakurrak. Madrilen, Parisen.
Irakurlea epaile denean, magistraduei dagokien tokia betetzen du, han goian, eta ez da jabetzen nola bada norberaren erlatibotasunaz, bere ideien unibertsaltasun ezaz, eta bere pentsakera eta ideoloqia aurrez
erabakiak kontrajartzen dizkio bestearen lan horri. Justiziarik ez da inon, dagoena arbitrarioa da. Literaturaren plazan, halaber. Nabokov, Borges, hara hor bi arbitrario sinpatiko. Baina ba dira ez direnak ere, sinpatikoak ez direnak esan nahi da. Epaile-epaitu bikotea, honi dagokion konpetibitatea eta ierarkia literaturgintzaren ardatz ba dira, jakina, gizartekera berezi batean kokatzen dugula geure aktibitate hau. Espektakuluaren gizartean. Honen barnean, berorren filosofiaz ornitua. Harreman faltsuztatu bat lehen esan bezala, non azken finean, edonon eta edonola, merkantzia azalduko den. Merkantzia huts bat liburua. Eta egileok ere gogoz sartzen gara zirku horretan. Sariketa literarioak, prolifikotasun bitxi bat, photoak. Zein absurdoa.
Gure kasoa. Begirada bat bota diezaiogun gure panoramari. Ezin esan gure artean montaia komertzial handirik ba denik, apenas ezer. Berrehun liburu saltzea heroitasuna den lur batean ezin gerta horrelakorik, ez bait dabil dirurik tartean. Baina herri humilak omen direnetan ere koskortzen dira filosofia berberaz elikatzen diren egoerak, joerak eta ekintzak. Geure kritikaren azterketa nahiko adierazgarri gerta dakiguke. Hemen bada, bai, kritika bat edo izen hori hartzen duen zerbait. Den kritikarik kaltegarriena dugu, jaunak.
Errepika dezadan: hemen ez da montaia handirik, bankuren batek egin duena salbu. Baina hemen Euskadi Ofiziala sarritan deitu izan dudana errealitate boteretsu bihurtzen ari da azken aldi honetan. Euskadi Ofiziala, España ttiki bat. Euskal polizia, euskal katedratikoak, euskal eliza eta euskal tituloak. Euskadi ofizialak, sustantiboa dagoen bezala utziz, adjetiboaz kezkatzen da bakar bakarrik. Horregatik behar dira, euskal star literatoak. Batzuk horretara prestatuko dira, noski. Borrokatuko gara posturen bat hartzen. Aipaturiko kritikaomen horrek horretara garamatza. Gure kritika, kritika arbitrario bat da, mafia (eta ez magia) arazo bat. Balore literarioak bost axola, ideologia edo arrazoi taktikoak edo elkarrekin egindako bazkariko autobonboak. Zenbat gauza ez diren esaten herri honetan...
Arbitrarietate hau erakustearren, Amaia Lasaren kasoa aipatuko dut: ezin ikusi inon bere azken liburuaren aipamenik. Zer esan nahi ote du honek?... bere liburuak ez zuela informazio bat merezi edo inoren ardurarik?, ezpairik gabe ez. Gertaera honek bi gauza adierazten du, bata, hemengo kritikoei zipitzik ere ez zaiela inporta literatura (zeren, bueno ez, ez noa esatera ezer, literaturzaleek, inon badira behintzat, konprenituko naute) eta bestea, poeta hau ez dagoela mass mediataraino heltzen den mafia batetan. Beste adibide bat, hildo beretik: Lasaren kasu hau salatzen zuen artikulu bat idatzi zuen norbaitek egunkarian (eta gauza xelebre bat eskatzen zuen beste zentzuzko batzuen artean, ia ez al zuen merezi photo bat liburu handi batean, joder, ez al daki photoak txoro kontuak direla edo zer) baina artikulu horretan ez zen aipatzen Manu Ertzilaren kasoa, berau kasu paraleloa delarik. Zergatik... artikulu horretan ere literatura ez zelako arduren putzu. Ez zen literaturzale baten kexa, ideologi kide edo zer dakit nik batena baizik. Eta beste arlotan?... zineman?... Zabalaren "Axut" filma (izen hau merezi duen bakarrenetakoa edo bakarra) erretenera bota dute, duzue. Bilbaon ez da oraindik ikusi ahal izan. Mediokreren batek bideratzen du gure patua.
Kritikaren eginbehar arbitrarioak gaiztotu egiten du beraz literatur bidea. Ez naiz objetibitatea eskatzen ari ez naiz ezer eskatzen ari, bestalde gauza errazago bat baino: finezia apur bat.
Berrikusi dezagun orain, hasieran aipaturiko giro hori. Ez dela irakurlerik esan dut. Epaile joera dagoela. Goazen aurrera.
Begien bistan dago gizonak sentiduen bitartez hartzen duena bere adimenduaren bitartez konprenitzen duela, eta jakiten zer den sentiduek eskainitakoa. Halaber dago begien bistan, eguzkia bezain argi, operazio honen erlatibotasuna; ez daude munduan bi pertsona "baso" hitzari esanahi berbera ematen diotenak (Opus edo alderdi politiko batekoak ez badira bi pertsona horik, jakina). Eta garbi dago baitaere pertsona horrek aurrean duenari baloraketa bat ematen diola. Beraz, pentsa daiteke, epaiketa gauza oso normala da. Gustatzen zait edo ez zait gustatzen. Tipo hau kankailu bat da edo ez da. Txarra da, akojonantea da. Bai, epaiketa gauza normala izan behar du, eta horregatik da, behar bada, hain gauza gogorra liburu bat kaleratzea, edo filma bat aurkeztea edo dena dela. Zeren epaiketa hau naturalena izanik ere, arbitrarioa baita halabeharrez. Historiarik ez duen, eta denbora luzez egindakoari egiten zaionean bereziki. Adibidez, bi urtetan nekez egin den poetika bi urteko barne denbora, adina duen poetika gau batetan likidatzen baitu irakurleak, ez perspektiba eta ez kristorik gabe. Bi une, gau bat. Ba da hor alderik. Bestalde, gure buruak ez dira egoten alienaziotik kanpo edo urrun, eta errealitate gauzaztatu, kosifikatua ukaten dugu banderaz. Arbitrarietateari buruz ikus egunkariak, eta artikuluak, eneak barne. Baina epaiketa hori berehala bihur daiteke desnaturala ere. Eta hauk, epaile desnaturalak, aipatu nituen nik. Horregatik esan dut: epaitu-epaile bikotea, konpetibitatea, ierarkia, espektakuloa. Epailea magistradu batekin gonbaratu dut, hots, boterea duen zerbaitekin. Boterea, bai, hau da kakoa. Ez ahalmena, kontuz!. Boterea, erdarazko "dominio" hitza bezala erabiltzen dut, kontzeptu negatibo bat, diktaduraren boterea negatiboa den bezalaxe. Ahalmena, kreatibitatearen auspoa dateke. Hortik zehar, Trias.engan aurki ditzakezue kontzeptu horik.
Ipin dezagun beste adibide bat: orain dela hilabete batzuk arte, haurrei zein zen bere ipuinik maitatuena galdetzen ba zitzaien, "Heidi" erantzuten zuten. Gauza jakina da, edozeinek onartuko dit hau. Epaiketa hori, ordea, desnaturala da. Ez da, zehazki mintzatuz, haurren epaiketa bat, boterearena telebisioko zuzendariarena, kasu honetan baino. Botereak hautatzen du ipui hori, eta promozionatzen bere tresnak eta ze tresnak! direla medio. Gaur umeak ez dira zuzenki umeak gizon ttipi batzuk baizik baina kontenplatu egiten du zer den umearen bizitza (Heidi da "benetako" umea). Botereak esaten du zer den ume bat. Zerk influentziatzen du gehio ume bat filma horik baino?, bere experientzi zuzenak?... ikusi egin behar. Batez ere bere experientzi zuzena, bere benetako errealitatea irudi horik berak direnean (Teleikusle dira umeak ere). Eta adinekook, zer egiten dugu lanean bizitza pusketa utzi eta gero?... kontenplatu bizitza omen dena. This is Amerrikka, Los cuarenta principales, Autobiografia de Fulano, Como perdi aquello.
Arestian aipaturiko adibidea, Heidiz txoratua dagoen haurrarena, tarte edo urruntasunaz ikus dezakegun fenomenoa da. Baina ez da maila horretan bakarrik ematen. Espektakuloa da nagusi. Literatura moeta asko hedatu bada, arrazoi extraliterario eta gainera, boterea dagoela tartetik jakina bategatik izan da. Lehen esaten zen: Opusek triunfatu badu, frankismoaren gurdira igon zelako izan da. Baina ba dira beste gurdi frango, ez denak frankismoarena bezain boteretsuak, baina gurdi azken finean. Literatu pila bat, txar askoak, erori zaizkigu izurrite baten moduan alderdi politiko konkretu bati apartenitzen zutelako, edo ziotelako. Gurdiak.
Euskal Herrian, euskaraz egiten dugunok lau katu gara. Ba da azeriren bat, baina tira, lau katu. Lau katu horien arteko errealitate kulturala arras sinplea izan behar du derrigorrez. Baina ez da horregatik positiboa, horregatik bakarrik ez behintzat. Elemendu positibo askoz jantzia, baina ez horietaz bakarrik.
Elementu horien artean, epaitu-epaile eta beste elementuak. Negatiboak. Hemen ere, epaiketa eta literatura bera bitartekotua, mediatizatua, dago. Botereak behartzen du egile honen edo haren zabalkuntza. Ez bakarrik batzuk dirudunak eta besteak gizarajo batzuk direlako. Kritika arbitrarioa delako ere bai. Botereak, hemen, beste izen bat du, Euskadi Ofiziala deitzen da. Mafiak, baloraketa estupidoak, propaganda eta beste hortikan sortzen dira. Arrazoi desliterarioak nagusi. Horregatik esaten nuen ez dagoela irakurlerik, ez amesturiko irakurlerik bederen.
Euskadi Ofiziala. Ondo. Baina nola definitzen duzu zuk Euskadi hori, ez da aski insultatzea, gauzak neurtu egin behar dira, hori esaten dit etxeko batek. Saia gaitezen horretan ere, atxiki diezaiogun horri ere, Panaderitoren moduan.
Politikoki, kontzeptu horren barnean sozialdemokratak sartuko lirateke, peto peto. Horiek ez dute amesten gizarte euskaldun klase gabea, eta aurrerakoia bizitzaren kontzepzioan. Bere alternatiba bakarra zeretan labur genezake: Madrilen bezala Cortes batzuk lehendik ere ba zeuden Bilbao aldean, baina tira baina gureak. Gurea, hitz majiko bat. Horregatik esaten nuen: españa ttiki bat. Ez noa ni hemen sozialdemokrazien xehetasun ororen berri ematera, eta bat aipatuko dut: populismoa, interklasismoa. Denok anaiak gara. Batasuna. Halere, anai kontu hau bitxia da beti, Bibliak ere esaten du, Cain mato a Abel que era su hermano. Tendentzi arraro bat dagoke; Afrikan ere independentzia ostean anai pobre guztiak nagusiak likidatzen ditu. Bidaiakide den anai burjesak aurrrena oraina lapurtzen dio besteari, eta gero fusilatu egiten du.
Sozialdemokrazia bat, guretarra eta abar, hauzoko bat baino hobea dela pentsatuko du askok. Baina beste askorentzat, hori ez da aukera on bat, ez bata eta ez bestea sino todo lo contrario. Aukera hori zerako hura bezalakoa da, zer duzu nahiago gosez ala egarriz hiltzea?... motel motel, ez duk azukre koskor ederra hik eskaintzen diaken proporzioa!...
Politikan sozialdemokrata ez diren asko ere, fronte planteamenduz ornitzen dute bere plangintza kulturala. Populistak hemen ere. Euskara klarian esateko: ande o no ande, caballo grande. Denok anaiak gara, euskaraz izkribatzen den oro ona da, ondo dago. Aski da. Kultura nazionala egin, jaso edo indartu egin behar da. Baina jasotzeko moduan dagoke bitxitasuna, eta desberdintasuna. Esate baterako, ofizialak ez dute kaosik nahi: literaturan, kasu, plangintza bat eskatzen dute. Zer behar da?... kuzina liburu bat, bada has¡ beharko da hori egiten ere.
Funtsean, ez da errespetatzen indibidualitateak bere kabuz aporta dezakeena, hori nahasmendu bat litzateke. Populista batentzat, aldez aurretik emandako kultura definizio baten barnean sartu behar da produkzio intelektual guztia. Esate baterako: euskara indartu eta zabaldu egin behar da. Konforme. Baina: beste guztia horren serbitsupean jarri behar da, literatura, zinea edo pedagogia edo kaka zaharra. Bada ez jauna, ez gaude konforme. Bakoitzari berea: literaturan, lehenengo gauza literatura egitea da (jauna jauna, zenbat aldiz). Eta gero, ba dira, besteak. Kulturaz esaten da: zera da, komunitate batek errealitateari erantzuteko, berorri transformatzeko egin den hura. Laburtuz, gizonaren lan oro kultura da. Baina guk nahiago dugu beste hau, ez baitago definizio neutralik: egoera ekonomiko batetan, komunitate batek eguneroko bizitza antolatzeko egiten duen ahalegina. Eguneroko bizitza, oraingoa.
Euskaldunen kultura zer den, eta zer izanen den, historiak esanen du. Itsasoan goldez hildoak egiten saiatzea, alferrikako lana da. Eta kultura bat bide bat egin dezan, bide konkretu batetik joan dadin bermatzea, halaber da alferrikako gauza. Generalitatetan egon gintezke ados, baina hortik aurrera jai.
Zenbaitek ba omen daki zer egin behar den, zein programaketa kultural eraman. Guri gauza apalagoak jakitea ere asko kostatzen zaigu. Pena bat.
Baina horrenbeste dakiten horik "bakoitzak bere apurra, guztiok ekin diezaiogun iepa, Euskadi da inportanteena etab" esaten dutenean hots fronte planteamendu borobila egiten dutenean zerbait oker susmatzen dugu. Berak nahi duten kultura, kultura Bat da, kultura moeta bat. Esate baterako, populista denez gero, anbiguitate bat izanen du. Anbiguitate hori, halere, itxurakoa da ezinbestean, azpitik talde indartsuenaren haizea dabil auspotzen dirudunena etab planteamendu hori, bai, hor dator gure anai burjesa. Sozialdemokrataz betetako herri batetan ezin gerta bestelakorik. Ikusiko dugu noren eskutan geratzen diren ikastola haik, (exenplu bat jartzearren). Poema bat kanporatzean beraz, arbitrarietate naturalaren gainetik, ofiziala ere arkitzen du poetak. Ez dira poeta baten problema bakarrak. Ba du beste problema asko, baina oraingoz ixiltzea hobe, ezpaita artikulu bat amaitu behar publikoari insultatuz. Eta bukatzera noa hurrengo puntuan, gehio esango dugu hurrengo bertsuan.
|