Jimu
"Toki guztietan, izakien eta
gauzen zurrunbiloak bakarrik"
(Céline)
Txerri tarteko saltsa
jakiña,
lokatza, hatsa, kiratsa
eta erdi erdian
nire hutsa,
putza,
nire hutsaren barnean
hotza,
hotz eta ilun
iluntasunetik zintzilika
soka,
sokatik zintzilika
ni,
baina ezin ihes egin
txerritegi honetan, zikinkeria tartean, kaka mordoak. Ura kolore goibelez, txokolate urtsua dirudi. Belaunetaraino igo zaigu. Orain oinez hasiko naiz, plasta-plasta berriz ere, eta zuri botako dizut piska bat, mokordotxo bat bakarrik, aurpegira, elurrezko bolatxoa balitz bezala, ez beldur izan gizon, beste bat botako dizut berriro beldurra gal dezazun, badakizu, ohiturak gauza asko lasaitzen du, plof, koño, berriz ere asmatu dut, beraz galdu duzu, kendu hadi hortik berehalaxe txoko horretan ni eseri behar naiz eta. Orain jabe. Bai, badakit eseriz gero aho ondoraino igoko zaidala, eta zer, ohitura handia dut, ez zara gogoratzen nola behin batean ankaz gora egon behar izan nuen eta buruz behera egon nintzen ez dakit nik zenbat ordu, egun, urte, segundu, bai, hamar segundu egon naiteke hegaz itsaso honen gainean Fenix hura bezala edo hobe, askatasunaren usoa imitatuz, gero erori behar noski, nola iraun, altxako naiz, beharko, baina ni aurrera beti ikusten baititut errotak jira-biraka, ni naiz erraldoi handiena, trebeena, hoberena, baina txikiena zure ondoan, ez naiz ezer zutzaz konparaturik, zu nire erregina, zutzaz ari naiz beti, oraintxe bertan koroatxo bat eskainiko dizut, ia nolakoa prestatzen dudan, hemendik zati bat eta hortik beste pixka bat, holaxe dotore dotore, porlana bezala moldatzen da, jakin beharko duzu amodioak erabiltzen duen kolorezko zintekin horniturik dagoela, nere ilusio guztiak hor doaz, eta zuretzat da, zuretzat bakarrik izango da, zu nire mundu honetako motore bakarra, zuk biziarazten nauzu, zuk alde eginez gero zer ote? Bueno ixilik, hitzak baino hobe ametsak. Bali, kaka zaharra!. Ni naiz hemengo jabe. Zuk ezagutzen duzu ezta? Andre zoragarri eta xarmanta, benetan, ba al dakizu nola konkistatu nuen? zer, esan dizudala hogei bider gutxienez? bueno ba ixil hadi eta entzun iezadazu holako bentura miresgarriak ez dira egunerokoak eta. Pentsa ezazu momentu batez, gizon luze, sendo, eder bat, ni noski, esplorador traje krema batez, guztiz beltzaren, begirada gogorra, ezin jasan daitekeen begirada, harro harro sartzen naiz hotel hartan, "L'Etoile du Sud", atea indartsu bultzatuz, kafea jendez beterik, giro zaratatsua, ke handia, aldamenean dauden pertsonak ezin ikusirik barraraino noa, kamareroak beltzak izerdi darielako traje zuritan sartuta, pianista burusoilak bere hortz handiak erakusten ditu, "not here, not, anywhere", jotzen ari den bitartean, hiru bentiladore handi sabaitik zintzilika astiro astiro bueltakada ari dira lurrean dagoen harea pila ez dezan, bai ondo esan dizut parea, desertuko harea legorra, zeren jakin beharko duzu ni Fort Lamy-n nengoela, armak trafikatzen hasi eta segidan hango jabe handienetariko bat izan nintzen politikan sarturik, hainbat jopu ere banuen, gaur bat eta bihar beste zapal nezakeen nahi ez gero, halaxe, ikusten al duzu?, zangoa altxa eta holaxe, eh, bai? bueno aurrera orduan, whiski botila bat hartuz huts aurkitu dudan mahai batera noa beste mahai batetik enbajadoreak konplizitatez beterik dagoen irripar bat bidaltzen didan bitartean. Eseritzen ari naizenean hantxe ikusten dut lehenengo aldiz, fita luze batez tabako usaintsua ari da erretzen koñaka kopa baten aurrean, jaka zuria, gona zuri luze bat eta bota beltzak baina haren begirada nirea baino askoz gogorragoa, ene begi tarteko puntu horretara ari da begiratzen fermuki, ni ere berdin, altxatzen naiz, bere ondoraino heldu arte erdi barrez noa,
esan ohi da begi beltzek begi beltzei deitzen dietela nahiz eta topa egiteko momentu hori heltzeko mundu erdian zehar ibili behar.
klase askotako begi beltzak badira eta faltsuak ez dira zaileenak topatzen.
zureak ez dira halakoak izanen, nireak haien atzetik joan direnez gero.
ni, ostera, ez naiz higitu hemendik.
Ixiltasuna. Ixiltasunak egiten duen hutsuneak ideia guztiak irensten ditu. Baita gauza guztiak ere, mahai hau, kafea, hotela, hiria, desertu hau, eta berriro hutsune handi bat. Eta ixiltasuna. Eskua hartzen diot, irribarre batez lagundurik.
Ba al dakizu begiek duten komunikazio indarrak itsaso mugagabe bat heda dezaketela amets eta ilusio guztiak bizi daitezen betiko?
Beharbada.
Ba itsaso horren erdian gaude. Zurrunbiloak herrestan eramango gaituzte nonbaitera. Berdin zait edozein tokitara heltzera.
Nahiago dut hegoaldera. Han amets eta errealitateak askoz azkarrago bat bihurtzen direlako.
Ze berriz ere hasi al zara gezurra dela edo ez dakit zer dela esaten? Ixil zaitez, bestela kriston ostikada hartuko duzu. Esaten dizudan guztia egia da. Hau da zuri gertatzen zaizuna, potroetaraino sarturik dagoen inbidia besterik ez duzula. Hara, begira, altxatu da neska xarmant hori eta bagoaz biok, ttipi ttapa holaxe.
Nire aurrean dagoen gizon hori bai dela arraroa!. Bakarrik eta hizketan. Zerbait ari da esplikatzen baina nori?. Ontzi barruan, kaxa baten barruan, soslai ikusten dut, ezkerrera begiratuz, likido ilun, txokolatezko bezalko belaunetaraino heltzen zaio, ahoa astintzen du hizketan ari balitz bezala, besoak erotu den errota bat dirudite, eta ibili nahi du, hargatik oinak mugitzen ditu baina; egitan esaten dizut, geldirik dago. Ez da mugitzen, benetan, zeren delako ontzi horrek bi metro bakarrik baititu luzeran eta beste bi zabalean eta kaxa horren sabaia buru parean datorkiolako.
Hala dela ematen du. Hau ere itxura berdineko ontzi baten barruan. Lehengoari so eginez, ia geldirik eta bere buruari hitz egiten; bere eskuinean dagoen beste gizon batek etengabeki aztertzen du. Bere kaiolatik begiratzen ari zaio. Orain paper bat irakurtzen ari da. Oinak hezeak, bustirik sentitzen hasten denean usain kiratsua bere kaiola inbaditzen hasten da.
|