Poloniar literaturaz
Poott Poootter
Nahiz eta oso ezaguna ez izan Poloniar literatura interesgarrienetakoa dela esan dezakegu, ikusten badugu zer egin den Europan azkeneko berrogei urte hauetan. Literaturatik at dauden arrazoiengatik Poloniako idazleak ez ditugu ezagutu orainarte. Eta orain ere nekez irakur daitezke hemen, itzulpenak falta zaizkigulako. Zorionez, hasi zaizkigu agertzen nahiz eta banaka izan. Engungo Poloniar literaturak leku garrantzitsu bat behar du izan, literatura hau beste adozein bezain on eta interesgarri baita. Lan tiki honetan aipatuko ditugu, laburki, idazle famatuenak, bi gerra tartean hasi zirenak lehenbizi ikusiz. Hasi baino lehen, gauza anekdotiko bezala, Poloniak bi Nobel sari irabati dituela esango dugu. Bata Henryk Sienkiewicz da, nahiko ezaguna bere "Quo Vadis?" aspaldian erdaraz argitaratu zelako. 1.905 ean hartu zuen saria. Eta bestea Wladyslaw Reymont; honek 1.924 ean. Bere "Nekazariak" nobela ezagunena da baina guk hemen hobe ezagutzen dugu bere "Lur prometatua", orain dela gutxi zinean ikusi baikenuen Andrzek Wajda-k egin zuen bertsioa nobela honi buruz.
Aurrera segi baino lehen ezin utzi aipatu gabe autore baliotsu bat, nahiz eta beste mende batekoa izan. Baina nobela honek merezi du aipatzea. Ez erdarazko liburuetan eta gutxiago auskarazkoetan, ez dago holako zerbait aurkitzerik. Idazle honen izena Jan Potocki da, Europan zehar ibili zen konde erdi erromantiko bat izan zen, azkenean berak prestatutako zilarrezko bala batez bere burua hil zuen 1.815 garren urtean. Nobela honen izena "Zaragozan aurkitutako eskuskribu" da. Nobela hau erdi fantastiko erdi irreala da; eta Alfonso van Wordenen gertaerak Espanian zehar kontatzen dizkigu liburu honetan autoreak. Zati ezberdinak ditu, errealitatea eta irrealitatea nahasturik doaz, gauza makabro, erotiko, pikareskoak era baditu, horrorezko nobelekin antza handia du gauza askotan, eta kritiko askorentzat literatura fantastikoan sekula idatzi den maisulana da.
"Literatura gustatzen zait literatura barruan nire izate berberan baino bizi gehiago dagoelako, nire ustez. Bizitza hor dago, errealitatean sekula egongo den baino kontzentratuago. Eta irrealitatea da kontzentrazio horren prezioa", hola zioen Witkiewicz-ek eta nobela hau guztiz ados dago esaera horrekin. Nobela honek ("manuscrito encontrado en Zaragoza". Jan Potocki. Alianza Editoriial) merezi du irakurtzea, frantsezek esaten zuten "joie de lire" delakoa sartzen baitigu gorputzaren barruan. Mundu berri eta ezezagun bat erakusten digu liburu honek.
Bi gerraren arteko giroa aztertuz nobela mailan, hiru idazle printzipal aurki ditzakegu: Witkiewicz, Bruno Schulz eta Gombrowicz.
Stanislav Ignacy Witkiewicz guztiz interesgarria da. Margolari eta kritikoa izan zen, eta idazle bezala 4 nobela eta 36 antzerki obra idatzi zituen; hauetatik 22 bakarrik gordetzen dira. Kokaina hartzen zuen pintatzeko, eta gaur "arte Psykodeliko" deitzen den horren zalea zen. Antonin Artaud.i aurreratuz forma hutsaren teoria landu zuen bere "forma berriak pinturan" liburutxoan. Varsovian jaio zen 1885ean eta 1939an suizidatu zen bigarren gerra mundiala hasi zen hilabetean. Nobelista bezala bi lan garrantzitsu ditu: "Agur udazkenari" (1927) eta bestea "Aseezintasun" (1930), berau onena delarik. Liburu hau kritika eta ironiaz beteta dago. Witkiewicz-ek ez du
nobela artelan bat bezala ikusten, baizik eta Barojak edota Sthendalek esaten zuten bezala, gauza guztiak sar eta nahas daitezkeen zaku huts bat bezala. Obra honetan esaten digu nola txinoak Europa guztia bereganatuko duten (nahiz eta oraindik ez gertatu), Polonian ez dira oraindaino sartu, baina laster gertatuko da hori eta Polonia hil zorian dago. Txinotarrek komunismo berri bat jarri dute, komunismo horren bereiztasuna ondo zainduz. Adibidez, Alemaniaren konkista prestatzen dute zigor bezala, zeren ez baita behar bezain komunista txinotarren eritziz.
Liburu honen protagonista Genezyp Kapen da. Hasieran irakurtzen dugu: "Genezyp Kapen-ek ez zuen esklabotasuna ametitzen inolaz ere. Txiki txikitandik zetorkion gauza bat zen". Eta nobelaren bukaera honelaxe da: "Orain Genezyp ero bat zen, zeharo jota zegoen. Derrigorrez ezkondu zuten txinatar neska batekin..." Ironia nabaria da.
Witkiewicz-ek liburu hau 1927an bukatu zuen; 1939an alemanak eta errusoak Polonia inbaditu zuten, eta Witkiewicz esandako gauzak betetzen ari zirela sinestuz, publikoki suizidatu zen. Liburu honen eskaintza ere argigarri iruditzen zaigu, bere nortasuna nolakoa zen ikusten laguntzen baitigu, apur bat behintzat. Hola dio: "Nik, neure helburua aukeratzean, eromena aukeratu nuen".
Liburu honek gaur egungo literaturan toki berezi bat du. 1930ean azaldu zen, eta 1957arte ez zen berriro argitaratu, eta horregatik da, hain zuzen, hain ezezaguna. (Stanislaw Ignacy Witkiewicz, "Insaciabilidad". Barral. Serie Rescate).
Witkiewicz-ek esaten zuen: "Leherketa handi bat egin dezakeen jaurtikigai bat bezala naiz soro erdi batetan abandonaturik. Baina oraindino ez tiro egiteko kainoirik ez eta hori egingo lukeen pertsonarik. Neronek bakarrik ezin dezaket egin, jendea behar dut". Berak bizi zuen egoera latz hau. Bakardade handi bat sentitzen zuen. Ez zen ongi komunikatzen jendearekin.
Baina ezagunagoa da mundu guztian bere antzerki lanengatik. Gaur bertan eta Poloniatik kanpo, Rozewicz, Mrozek eta bera dira ezagunenak (eta gero Gombrowicz, seguru asko).
"Mesprezio denbora".ren esperientziak ikusita gero, burjestikien balore-mundua nola desintegratu eta hondatu den ikusiz, gaur egungo neurosi sozialak eta nihilismoaren lorpenak ikusita, Witkiewicz ez da lojikoa, arrazionala, ez da burmuin bat, oinharrizko indar bat baizik. Harentzat teatroa eta pintura bat dira. Bere kuadroak teatro obrak dira, mihise batean eratuak. Bestalde, bere teatroa imajina geldi batzuetan eraldatzen da, eta harrrizkoak balira bezala, bizitzaren ametsa berregintzen digute behin eta berriro. Artearen eta bizitzaren aurrean, Witkiewicz-en jarrera trajikoa da esentzialki. Bere existentzialismoaren nagusitasuna gerra ondoan eta munduaren ikuspundu kafkianoa ikusiz gero, argiro nabaritzen dugu orain Witkiewicz aitzindari edo profeta bezala. Teatroan ere aitzindari agertzen zaigu, kontzeptzio iraultzaile den obra oparo batez; egoera eta pertsonaia itxuragabeak jartzen dizkigu eskenan, mundu ameskaitz bat arkituz. Bere obren lojikak ez du zer ikusi handirik berak hainbat gorrotatzen zuen teatro "normalaren" lojikarekin, noski. Witkiewiczek superatu egiten ditu garbi orain arte izan diren teatroaren mugak. Bere eskuetan dena berria iruditzen zaigu. Trajikoa eta groteskoa nahastu egiten ditu. Bere humorea ere guztiz mingotsa da. Bere obren pertsonaia femeninoak kezkatu egiten gaituzte bere okerkeria asaldagarriekin. Emakume goizaspertuak dira. Gizonak, obren protagonistak, zezen baten indarra dauka ia beti.
Akzioa mundu hipotetiko batetan gertatzen da, exotismoz sendoki kutsaturik herri eta arraza guztiak arkitzen diren bidagurutze batetan. Gauza guzti horik argi ikus daitezke bere "Eroa eta moja" obran. Obra hau, autore honen tipikoenetakoa da. Protagonistak, alkondara bortxatzaile batez jantzita, esaten du: "Makina bat infernutar ba dabil ene barruan. Eta nik ez dakit noiz lehertuko den. Batzutan oinaze honek ez duela gehiago jarraituko sinesten dut. Makina aurrera doa eta burmuina lehortzen ari da. Horregatik artistek erokeriak egin behar dituzte. Zer egin martxan dagoen eta inork gelditu ezin duen motore batekin?..."
Hitz hauek adierazten digute poeta, pintore eta pentsalari honen espirituaren barruko egoera. Gizon hau artearen zorotasunagatik ukituta zegoen, pentsaeraren hiragatik. "Non-saturatio" da Witkiewiczek erabiltzen zuen hitza. Berak jarri zuen modan hitz hori. "Aseezintasun". Guk behar genukeen aseezintasuna.
Witkiewicz-en obra batzu:
Nobelak: "Agur udazkenari"
"Aseezintasun"
Teatroa: "Zapatariak"
"Eroa eta moja"
"Ama"
"Urezko oiloa"
"Lokomotore eta bat"
"Tropikal erotasuna"
|