Amodio amatiar bat
Pott Potter
Joxe, Joxe, zortziak dira, oso berandu zabiltza!
bai, badakit, bart ere ez dut begirik itxi eta. Gauero berdin! Zerbait egin beharko dugu, nahikoa zait hainbeste istilu; haur honen karraisiak zoratuko naute. Hau besteak baino txarragoa datorkigu
zu beti izan zara ero bat, ez orain bakarrik, eta aspalditik dakizu nire iritzia honetaz. Baina zuk kasorik ere ez, zoro handia, beste ume bat egin nahi, eta gero beste bat... ezin ase inola. Gaurtik ez da pasako.
Jakina, sei haur izanez gero, berdin zait beste dozena ere ekartzea.
Entzun al didazu?
Bai, nahi duzuna egin ezazu
Joxe gosaltzen ari da presaka eta andrea sukaltarrietan dabil bere ontziekin. Kafesnea zurrutaka, ogi koskorra hartuz, agurra ematen dio emazteari. Ate ondoan dagoela entzuten du:... eta ez ahaztu biltegitik pasatzean txerri haragia beti bezala agintzea.
bai, bai, geroarte Manoli
Joxe eta Manolik duten harategia plazan dago. Biek bertan lana egiten dute baina Manoli beranduxeago etorriko da etxean gelditu baita semea zaintzen. Orain dela ia hogei urte hementxe bertan ezagutu ziren igandeko arratsalde euritsu batetan musika entzunez. Urte batzuk pasa ziren eta gero ezkontza. Baina gero datorren bizitza ezin esan hain erraza denik. Zer egin? Hortxe komediak!... Bizitza aurrera doanez gero hala edo nola konpondu egin behar. Joxek denbora asko pasatzen du Gure Alai sozietatean, lagunen artean afaltzen du gauero. Lasai afaldu patxada onean, purutxo bat erre eta lotara hurrengo eguna arte. Oheratzen deneko, Manoli lotan egoten da. Baina orain sukaldean dago. Ez du beta handirik, lanera joan behar du berehalaxe eta. Eta orain labaina handi bat zorrozten ari da.
Herriko plazan bertan arkitzen da "Manolita" harategia. Zuhaitz batzuk eta kioskoa aldamenean. Sarrera gorriz pintatuta dago.
Nolakoa da tripotxa hori?
Hoberena, badakizu, beti bezain ederra
Kilo erdi bat orduan
Hau da eguraldia hau
Bai neska, hirugarren astea holaxe eta segitzeko itxura du
Nor da hurrengoa?
Ni izango naiz orain
Gibelik ba al duzu?
Hara! hementxe dator Manoli
Egun on
Manolik zekarren paketea mahai gainean utzi du eta gabardina eranzten ari da. Buruarekin baiezko bat egiten dio Joxeri, baina honek ez du ezer ikusi gibela xerratzen ari da eta. Pisatu du eta paper batetan biltzen ari da.
Doscientas cincuenta, esaten dio bere aurrean dagoen andreari paketea ematen dion bitartean. Andrea irten eta gero bere emaztearengana bueltatzen da, haren begietara begiratuz.
orduan, zer? galdetzen dio.
lasai egon hadi, dena eginda zeok
Paketea ireki eta hustu du. Haragia birrintzeko makina bueltaka hasten da. Makina horren barruan sartzen du Manolik berak ekarritako pakete horretan zegoena.
...eta odolkiren sasoia denez gero, odola ere probetxa dezakegu. Arratsaldean ekarriko dut, ahaztu egin zait eta; badakizu zer gertatzen den dena presaka egiten denean...
Joxek ez du ezer esaten, geldirik dago, bere buruak gauza asko nahi du pentsatu, baina dena batera ezin da, ez da posible, nahaste handia du. Manolik txartel bat idatzi du eta dendako atean, kanpotik, ipintzen du:
PIKADILLO FRESKUE ERE
BA ZEOK
|