|  
              
               
 
 
Eurite haroetako gogapen ezteusak
 
 
 
Orkesta bat isiltzeko lain indar banu
 
ez nintzateke hibaiondora joanen 
 
zumitzezko bardaxkaren bila.
 
 
 
Behi txahal eginberriari 
 
orruaka ari denean 
 
kumearen ahoa erroan falta zaio.
 
 
 
Zu eta ni bat bagina
 
ezinen ginake elkarri so gera.
 
Elkarri so geratzen bagara,
 
zuk ni eta alderantziz, 
 
irentsiko ginake ezereza sortuaz. 
 
Ezerezak ezereza baino ezin dezake sor,
 
hortaz ezereza gara. 
 
Baldin eta deuseza bagara 
 
honelako lelokeritan nahasten garalako 
 
izanen da.
 
 
 
Zein den sendoagoa
 
janaren plazera ala aldiz barauarena.
 
 
 
Doakie miresmenik beroena 
 
heuren historia ahantzi duten herriei. 
 
Historia harroak ez baitu 
 
bera ez beste jainkosa, azti, sorgin, mysteriorik onartzen.
 
 
 
Jimuren sendatzean 
 
orok autobus bat alogeratuta, 
 
puxika gorri, hirinezko orhe, 
 
bolanderazko soinekoz jantzirik 
 
abiatuko gara 2 urteko bihotza 
 
eta 50 urteko haragia soinean daukatenen 
 
lurraldeak agurtzera.
 
 
 
              
              |