Arratsalde hartan
Hermano Pott
Betaurreko beltzak zituen Ioanek Errosaritoren urtebetetzean, "majestic" ezaugarria zetorren sudurgain zubian. Jakearen goiko patrika ahotik atera eta mahai gainean utzi zituen une berean ohartu nintzen. Bat batean xokolatearen lurrinak nonbait lausotu zituen sakelera berbihurtuz. Sei pertsonok arratsaroa nolabait goza nahi genduen, xokolatez edo gabe; umeei buruz bakoitzak beha eta isilean haurzaro iraganera edo galdura itzultzen ginen Brizard anisaren erresumin nagian.
Bostak!! Alabaina ama etorri gabe laguntza agurretik.
Ama betiro izan da ahazkoia baldin eta inon ezer ahaztekorik badago. "Ahora recuerdo..." hori zen bere gutun ororen hasera ezteusa. Erregen zigilua jartzeko agintzen zidan ea behinipein mezulariek kontutan har ditzadan. Agindu bezain agudo eta gustoki betetzen nuen esana, postategi aitzinean hats ezez atxikitzen nituen santuak kolore horizko gutun azaletan, Europako monarka andanaren buruak oro nintzen mutiko xumearen eskuetan. Ostera aita dohakabea gerlan hil zitzaigun doi ene hazia amagandurik zuela. Eta halarik ere amak ez ninduen galerazi, aldiz beste, amodio ezabatuak eni so jarri zituen. Segurua ez izanarren Intxortatik Lemoamendira bitartean odolustu omen zen aita zena. Egun batzutara agiri labur bat bide zela eroritakoez jabetzen zirenek jakinarazi zien fameliari, orriburuko gurutze beltza aski zen iadanik ohartzeko. Bai, baina bai, dudetan nahasia bait nago hortaz. Martin Burdintxori entzun ahal izan diot hordia dagoelarik "besteengana" pasa zela inoren ustegabean eta orain aldiz Portugalen bizi dela markesa zital baten pikopasak xurgatuz. Biharamunetan Martini deus ez zitzaion oroitzen salbu eta nahita sekeretua ostentzen bazidan. Eta gauden gaudenean benturaz baletor? Ustez ez letorke hutsik hainbeste urteren itzulian, gainera arratsalderoko Chobil egina baino ontsa bizikiago litzateke nonbait. Amarentzat bere otoi eta erreguen emaitz helduegia, ene anai-arrebentzat Ameriketako osaba ezezaguna, bederen haren arpegi urratzak amaraun artean ahantziak zeuzkaten nekienez; neretzat berriz, ez baikinen egundo bizitzan gertatu, betidanik ezauguratu izan nuen leizatea eta gaztainondoak bere iherraz ezintzen zidana. Finean markesa legoke lekutik eta unetik erabat landa.
Han zegoen bada xokolatea guztion erdian, ikatzezko beroki baten bere haboroan batzen ginduzeneko antzera; eskola urteez oroitzen naiz, Salamanca-ko maisuez, erregela haien zorrotzaz eta zela ez bada zoritxarrezko erhaztunaz. Bazuen hai orene hartako xokolate hark zerikusia guregan nahiz eta pentsu honi amor eman nahiez, oso bigarren mailakoa izanen zen eta nagiz azaldu haren aitzinean, baina hau funtsean gugan zegoen, alpertasuna gure muin beraren atalik nagusiena baizen. Xokolateaz, berriz, ez dakidan usarioari jarraituz hirintzua egiten zen gurean, beharbada gosete garaiko aztarnak.
Itxoinak itxoin ama ez da ageri etxerantz. Ea zoaz bada Antton zerbaitetan gertatu bada ikustera. Pantxiken dendan ez bada engoitik, joan zerera, Pitxerresaren kafera. Baldin eta han badago era zaitez erakartzeko, eta ez badator linburtu zaitez bere hitzen artetik luzatu ez gaitezen zure zaintzan ere. Hospa dezagun hospatu behar dena eta kitto zeren eta bestalde umeak laster etxerako gogoan egongo bait dira.
Bosterditako itzulia nintzen, amarik ez ordea. Bera han geratu zen beste alarguntsen laguntzan, heurak heuretara ongi bai ongi konpontzen ziren. Deirik ere ez nion egin kafeko ataritik etxeratzea aurreratuko nuelakoz.
Xokolatea berberotu zen zegokion neurrian, oraingoan ostera ilunagoa iritzi nion eta halaber burruntzalian ezpain sendoagoak mamitzen zituela zerbitzearren zutitu nintzenean. Umeentzat, zeinek guztira lau bait ziren, mahai apal bat bazterrean jantzi nien nagusiogandik berezi eta bateratsu begimendean zirelarik. Begiluzez katiloek gainezkatzeko tamainan betetzeko eskatzen zizkidaten. Har ezazue den hau, esateko pontuan nengoen baina... sabelak atzera ninduen. Ondoren beste mahira, non han ginen nagusiok, zerbitu nuen arretaz. Begi miraz hausteko taza finak itxuratu nituen ez lehendabiziz zenbat geratuko zitzaidan behatu barik.
Eskerrik anitz Antton, aski ez sobera ere bazait honenbestez. Errosario horrelakoxe berba politekoa azaltzen zen, pontu hortara iristen bere bizitza guztian saia bait zen eta arraziorik ez zitzaion falta senarra, han presenta bai zena, zidargilea izaki. Ene arreba dotorea ez izanarren berez hainbeste barau, urlimoi eta faxaz lirain ez baina gurakoi agertzen zen jendaurrean, batez ere senarra ez galtzearren zelakoz eta nago. Biluzik ikusi nahi nuke soin haren atal abailduak, ezikara eta desgogoa fruitutzat zituelarik, ze desitxuran gertatzen zuten. Ez nuen, ez, beraganako samurtasunik egundo izan; era berekoa zen ihardespena.
Beste pixkatxo bat hartuko duzu bada. Pittin bat baino ez da geratzen!! Hondarrera atxikia ere jaso genduen ogi zerrak asetuz. Halaber beste halako eltze bat irentsiko zen inork ok egin orduko. Gutizia hutsa besterik ez ginen, halako moldez nazka eta higuina sentiaraziko genion han zeinek ikusten ginduenari.
Eta hara non ustekabe zoriontsu batetan agertzen zaigun San Blas boteila sabel bati atxikirik. Gerri luzezko edalontzi ozenen artean egin zuen bere kokatzea. Goitik adurra eta behetik gernua dariolarik gerta ginen une batetik bestera hain zen handia beratua gure baitan. Ene koinatua latz xamarra izanarren arruntki, bazekien noiz xehetu eta leundu harritxidortzen uzten zuen zeharbidea.
Neri ipurditxo bat baino ez eh!!. Zorabaiatu egiten nau berehalaxe. Bizar urdindun sandu honek zer ote!. Noiz eta zerbitzen nuen unean berriketa hausten zen ardo goxoaren ikara ikusteko edo agian Abadinora, gaztarora, zihoazen korronte hartaz bat. Ondoren berbaroa hasten zen bat batean, ahoa ezinesperoan eta hatzak mahiko zurean dantzan. Iloba Suikara urreratu zitzaidan zuhurtziaz amak ez zedin ikus, belarrira hau zeraustan, lehenxeago Asierrek atea ireki ziola agure bati, bizar luzeak zituela eta hebaindu antza hartu zietela. Halere gizaixoa eta erruki ematekoa ez zela, goxokiak eman zizkiela, eta bai!! ikastolako euskara barik beste euskara lehor eta zedendu batetan galdegin ziela ea amona non zen, noren semealabak ziren, heurak erantzun bezain laster, luzatu barik bestetan, kaferantz abiatu zela.
|