L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren blaga (Non gertatu han ostatu) (1978-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—kritika literarioa—

 

Ross Mc Donald-en nobela grisa

 

Pott bandako infiltratua

 

        Duela urte bat eta TVEri oraindik eskertu ez diogun despiste batean, Jorge Luis Borges-ek zihurtatzen zuen nobela poliziakoa "makinatxo" bat bihurtzeko arriskuan zegoela. Eskritore arjentinoaren baieztapenari xit aproposa deritzat Ross Mc Donald-i buruz mintzatzean. Ross Mc Donald ifarramerikar "nobela beltz" haundiaren epigono bat da: Chester Hymes bezala, Dashiell Hammet eta Raymond Chandler-en oinordeko berantkor bat besterik ez dugu. Baina Hymes-ekin gertatzen den bestela, Mc Donald-ek ez dio jeneroari ezer berririk gehitu. Hymes.i dagokionez, esan daiteke berriztatze bat suposatu zuela, zenbait elementu aldatzean: halegia, protagonistaren izaera (Grave Digger Jones eta Coffin Ed Johnson ez dira detektibe-humanista-bakarti-erromantikoak, polizia paranoiko pare bat baizik), sozial giroa (Harlemgo "lumpen" beltza), narrazioaren erritmoa (bortiztasun zoro batek astindutakoa), etab. Ross Mc Donald, aitzitik, Hammet eta Chandler-ek asmaturiko klitxeei atxikitzen zaie, hala "heroe"-aren izaiera (Lew Archer ez da Philip Marlowe edo Sam Spade-ren estereotipo bat baizen) nola geografia edo sozial testoinguruari dagokionez (Californiako burjesia).

        Hala eta guztiz ere, Mc Donald-ek ezaugarri bat aurkezten du propiotzat: "Berrezagumendu"-teknika. Haren obra gehienetako hari nagusia "family plot" bat da, zeinen misterioa argitzen da ahaideen arteko azken berrezagumendu baten bitartez: Denetakoa dugu: ama ahanzkorrak, aita prodigoak, seme neurotikoak, etab., etab. Hau, noski, ez da gauzak konpontzeko biderik orijinalena ("anagnorisis" grekoa baita, "Odisea" eta hainbat trajeditan erabilia...) Gainera, usatu da nobela poliziakoan, baina ez Ross Mc Donald-en maiztasunarekin.

        Bestalde, Hammet eta Chandler-en nobeletan, morala dialektikoa bada, ezpada on ez gaizto oso batere aurkitzen, bakoitza bere egoerak eta inguruak baldintzaturik agertzen bada, Ross Mc Donald ikusmira ia mitiko batetara itzultzen bide da: Krimena ez da, haren obretan, sozial egoera baten ondorioa, famili kate batetik zehar hedatzen den maradikazio ia bibliko bat baizik. Senitarteko osoa lehen pekatu (orijinal?) batez kulpadun eta kutsaturik agertzen zaigu.

        Adibide hau etengabeki errepikatzen da. Hain ohizko eta monotono den oinarri baten gainean, Ross Mc Donald-en nobelak oso aspergarriak izango lirateke, humore zentzu fin batekin kontatzen ezpalu beren egileak, Nobela pikareskoa Quevedoari edo "comedia de capa y espada" delakoa Lope de Vegari bezalaxe, Nobela beltzaren adibidea Mc Donald-i humore erakusketa bat egiteko aitzakitzat zerbitzen zaio. Honela gertatu ohi da "literatura epigonal" onenean: egilia gai momifikatu batez baliatzen da, baina honetaz konturaturik, urruntasun ironiko bat hartzen du, humorearen bidez.

        Ross Mc Donald aforismoaz zerbitzen da eta ez gaizki, halafede. Ejemplu gisa aipa daiteke haren nobela batez eginiko firma bat (bi ikus dezakegu espainolez: "Harper" eta "Con el agua al cuello"). Lehenengoko sekuentzia batean, lagun batek dio:

        —Baina, baina ni... pertsona on bat naiz...

        Eta Harperek (Archer (Paul Newman)) ihardesten dio:

        —Hondoa, txo, pertsona onez beterik dago. Hemen bakarrik igaten dira orioa eta putasemeak.

        Ezin uka esaldi batzuek Literatura oso bat beste balio dutenik.

 

        ROSS MC DONALD-EN ESPAINOLEZKO BIBLIOGRAFIA BAT

        Alianza Editorial

        — "Selecciones del Séptimo Círculo".

        — "La mirada del adiós".

        — "Dinero negro".

        — "Costa Bárbara".

        — "El enemigo insólito".

        (Kontuz! itzulpenak oso txarrak dira!)

        — "El hombre enterrado". Ed. Bruguera. Novela Negra

        — "El caso Galton". Edi. Bruguera. Novela Negra.

        — "La forma en que algunos mueren". Ed. Alfa. Buenos Aires.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.