L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren blaga (Non gertatu han ostatu) (1978-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Max Agirre

 

Apatrida

 

Basoaren erdi aldean deskantsatzen zuen etxe handiak, autobidea haruntzago zegoen. Bertatik abiada presadunez pasatzen ziren autoen zarata pinu artean emarotzen, eta galtzen zen, eta etxeraino heltzen zeneko ez zen beste gizartekera baten oihartzun urruna baizik. Nekazari eta industri langilez, eta berauetaz bereziki, osatzen zen herrialde horretako biztanle piramidea, eta beste leku askotan bezala elkarrenganako inbidiaz bizitzen ziren denak. Automobilistek, esate baterako, paraje horietatik zehar pasatzen zirenean, aspaldi galdutako patxadaz pentsatzen zuten bizpairu minutu barru. Huri handitako tipoak nekazaritza, natura eta beste zenbait bizikera beraiei falta zaienaz ihurtzirik ikusten dute, patxada eta lasaitasunez beterik. Baina konfunditu egiten dira, jakina. Basoa ez da haden pausatoki. Etxalde hura, adibidez, ez zen egoitza lasai bat.

        —lehen ondo asko geunden

        esaten zion afalondo hartan etxeko nagusiak bere emazteari. Ardo basoa urduritsu zebilkien hatzamar artean, eta ezpainak eta kopeta bere kezkaren markaz iluntzen zitzaizkion. Mahaiaren bestaldean, emazteak ere ixiltasuna gordetzen zuen, eta haur ttipiari ipurtondoak garbitzen neurriz gaineko arretaz saiatzen zen. Seme zaharrenak aski zuen aitari begiratzearekin. Honek bakar hizketari jarraitu zion.

        —joan den astean bi zerri hil zitzaizkigun, honetan berriz beste hiru, eta laster batere gabe geratuko gara. Orduan izango dira komerik. Eta nola hil diren jakingo bagenu sikira, edo nor den hiltzailea...

        —Max Agirreri ahots legun bat ipini zion esaldiari. Zuk ikusiko duzu, baina ene ustez,... esan nahi zuen leguntasun hark.

        —eta zertarako bwhar dugu detektibe zikin bat gure etxean, ez dute ezer konpontzen eta etxeko despentsatik ez dira ateratzen, detektibe bat ekarriz gero adio gure urdaiazpiko eta ardoak. Basoko etxe handikoak xuhur fama zuen, helkorrarena. Hospe ha arrazoizkoa zen oso. Baina handik egun batzuetara, areago gaiztotu zen egoera bi txerri berri lehengoen bidetik joan baitziren mundu nekagarri honetatik. Zirkostantzi arraro berberetan. Gizona kinka larrian arkitu zen, eta bere emazteak bere esperantza sekretuak berritu zituen. Zeren Max Agirre hospetsua baitzen maitale gisa, eta hemen bait zetzan emaztearen ardura, ardura sekretua baina hain normala bestalde, hain normala bere kasoan. Xuhurra xuhur edonon, dio esaera zaharrak.

        —gauzak honela daudelarik, astakeri baten gorabeherak ez nau gehio izorratuko. Gaur bertan ekarriko dut Max etxera.

        —ikusiko duzu nola harrapatuko dituen zerri hiltzaileak, hamar egun nahiko izango ditu.

        Eta emazteari ttittik gogortu egiten zitzaizkion esatearekin bakarrik. Seme zaharrena ere poztu egin zen, nobedadeagatik edo. Betiko legez geratu zen bakarra haur ttikia izan zen, berari bost axola noski.

        Max Agirre, buru koadratuko haragi mendi bat, ofizio askotako langilea zen. Errementari oaregabea, beldur zioten lekuko abelgorri guztiek eta nahiago izaten zuten perrarik gabe ihiltzea Max.en eskutan bere oinetakoen arazoa uztea baino. Segurugilea gainera, eta lehen aipatu dugunez, bertako maitale ofiziala. Ezkongaia, neska gazteen esperantzaren zutabe eta emakume ez hain gazteen esperantza galduaren konformitate eramangaitzaren aringailua. Ezin esan hitz gutxitan non aurki zitekeen bere xarma, baina kontua da bere zakila sona handikoa zela, eta hori da guri inporta zaigun gauza bakarra, besteak ez datoz harira. Basoko zikoitza berarengana etortzen ikusi zuenean ahoa bete mihinez geratu zen Max. Bere harridura handia izan zen. Arazo apartekoa beharko zuen izan, bestela zer dela eta etorri patrika-hestu hura detektibe bila. Perratzeari utzi zion, eta eskegita zegoen idiak suspiriatu egin zuen arinduraz.

        —zer dela eta zu hemen

        —arazo grabe batek nakar

        —itxoegin lan hau bukatu arte, eta zurekin naiz. Bidean kontatuko didazu.

        Ezkerretako begi eta belarriz gizonaren kexak entzuten zituen. Eskubitakoekin, ordea, ameslari diztira bat elikatzen zuen. Ez alferrik basoko etxekoandrea mardulenetariko bat bezala ikusia zegoen. Heldu ziren eta Max Agirre bere zereginetara abiatu zen, despentsatik buelta bat eman eta gero. Aurrean zuen arazoa ez zirudien errezenetakoa: zazpi zerri eder, gogorkeri itxurarik gabe asesinatuak bi astetan. Tripa ondo bete ondoren zerritegira abiatu zen.

        Apotea aspaldiko ezaguna zuen, eta kopetilun eta asko galdua arkitu zuen. Esan zuenez, norbaitek pozoindu egiten zien ura edo janaria. Ez, ez ziren heriotzea naturalak izan, izkutuko eskuren baten eragina baizik.

        —zeozer egin, Max, bestela ez dakit nola bukatuko dugun denok ere.

        Eta etsipenezko imintzioa egin zuen. Eta ez zen gutxigorako, azken boladan eta beldurra zela medio ezinezkoa baitzuen larrua jotzea. Ohitura ezagatik edo, zera honek lur jota uzten zuen gizarajoa.

        —ez al duzu inoren susmo txarrik.

        —behar bada oiloak

        —oiloak?

        —bai bada, gure etsai naturalak,... eta nik esaten dudana, oilo batek nola erail lezake gure tamainoko bat?... pozoinaren bitartez bakar bakarrik. Hitzegin oilarrarekin, hori izanen da hoberena, azken finean denok arrak gara eta konfiantza behar dugu izan elkarrekiko...

        —hitzegingo dut bihar bertan. Baina etxekoren bat edo inor ikusi al duzue hemendïk janaria lardaskatzen.

        —ez, inor ez, beti bezala alde horretarik. Esan dizut, joan zaitez oilotegira.

        Baina berandu zen zerbait egiteko. Etxeraino ailegatuz, bere inbestigaketaren berri eman zion etxeko jabeari.

        —oraindik ez dezaket ezer esan. Baina ba dut pista bat, eta galdera bat egin nahi dizut aurrera segitu baino lehen: ze ordutan aukitu zenituzten zerrien gorpuak?

        —beti goizetik

        —horixe, nik pentsatzen nuen bezala. Bada, adiskide, lana denon artean banatu beharko dugu. Derrigorrezkoa deritzait zerritegian zelatari bat ipintzea, ezen, hiltzailea gauez aritzen da.

        —eta nola egingo dugu hori?

        —zu hasiko zara, eta gau erdia eginen duzu. Gero zure emaztea joan dadila ordu pare batetarako. Eta gero ni jarriko naiz, goizaldean.

        —eta zergatik ez zara zu joaten gau guztirako. Horregatik pagatzen eta gobernatzen zaitugu

        —nahi duzun bezala, baina gau eta egun lan egin behar badut, tarifa altuena kobratuko dizut, eta zuk ikusi. Beste tarifa nahiko merkea da, baina altuena...

        —ez nekatu gehio, ni hasiko naiz eta oraintxe bertan.

        Mahai osoa berarentzat bakarrik hartuz, bapo afaldu zuen Max.ek. Intrigatua zegoenean, gosea ugaldu egiten zitzaion. Emakumeak irrifartsu serbitzen zion, eta paregabeki mugitzen zen lapiko eta zartagi artean. Sototik ardo botila zaharrenak erreskatatu zituen detektibearen odolaren onerako, zeren ardoa odola baita Erosen semeentzat. Munduko feminista guztiak bere onetik aterako lituzken afaria bukatu zenean

        —oraindik lau ordu dauzkagu guretzat

        esan zion Max.ek munduko gauzarik naturalena balitz bezala. Emazteak ez zuen besterik nahi. Eta han joan ziren eskilaratik gora, puzkarka eta antsika, han eta hemen estrapozo eginez. Egin beharrekoak komeni bezala egin eta gero, elkarrizketari eman zioten Moustaki aurrena eta Borodinen kuartetoa gero, entzunez.

        —zer iruditzen zaizu zuri, esan zuen Max.ek

        —oso ondo, oso ondo espezial

        —ez, ez dut esan nahi hori. Erailketaz ari naiz, nor izan ote da?... apoteak zera dio, oiloak izan direla

        —seguru, seguru oiloak izan direla, oso putak dira oiloak bai,

        —emakumea! nola zaude hain seguru!

        —ez dakit bada, ez diegu autopsiarik egin, nola ene senarra hain den gesebakoa, hain ergelea, hain zakilmotza

        —ez ezazu elkarrizketa desbideratu berriro...

        —ez bada, ez duela dirurik autopsietan gastatu nahi, hori esan nahi nuen

        —eta seme zaharrena

        —ez, ez, seme zaharrena santu bat da

        —eta ttikiena

        —bai zera, ez du behar beste denbora

        —ijito kastakoa dela esaten da hortik, eta nola kastak asko tiratzen duen beti...

        —a, ijito hura, ez dakizu nolakoa zuen, bueno, ez naiz ari konparatzen

        —erremediorik ez duzu, beti toki berberara zoaz

        —barkatu, Max

        —barkatua dago, baina esan, zenbat hortz dauzka ttiki horrek?

        —hiru hortz bakarrik

        —bueno, ondo dago jakitea

        —zergatik?

        —bihar bertan aztertuko ditut gorpuak, eta inon hiru hortzen markarik arkituko banie zerriei, lepoan edo...

        —baina horrelako hozka batek ezin du hil zerri bat

        —ijitoaren hortzak badira bai, haundigoak ere ikusiak dauzkat

        —oso gizon konpletoa zara, Max

        —bueno, bueno, orain deskantsatu egin beharko duzu. Hurrengoa zure txanda da, aprobetxatu gelditzen zaizuna. Ondo lo egin.

        Hurrengo egunean, gosari oparotsu baten ondorenean Max Agirre oilotegira abiatu zen. Bere gorputz handiak oilarraren inbidia esnatu zuen.

        —esan esan, galdetu nahi duzuna ene burkide maitea

        esan zion oilarrak era dotorean, bere lumak ferekatzen zituen bitartean batek daki zein pentsamendu likitsekin.

        —apoteak dioenez, zuetako norbait da erailea

        —bai zera, apotea txotxinduta dabil aspaldi honetan, badakizu zer esaten duten hortikan,... erectio matutina ez duela aspaldi honetan ezagutu, hortik atera kontuak...

        —nahi duzuna, baina hori ez da arrazoi bat, horrek ez dizkizue erruak kentzen

        —akusazio hori txorakeri bat da, menopausiaren fruitu, ez al duzu irakurri Hyte informea?

        —ez, ez, zergatik esaten duzu hori?

        —insatisfakzio sexualak makina bat suizidio ekartzen duela, noski. Eta apotea dagoen bezala, neskatxak edo zer astakeri egitea ez da harritzekoa

        —ez zait iruditzen, heriotz gehiegi hain denbora gutxian

        —bada, nik ez dakit. Baina gu behintzat bakean bizian gara, eta lovea egiten dugu, ez warra.

        —dena den inbestigaketa ttipi egin behar dut oiloen artean, inportarik ez ba dizu

        —nola bada, aurrera aurrera

        Hamar oilo inguru pasa ziren Max.en begi aurretik. Den denak espezie horri dagokion indiferentziaz mintzatu ziren. Oilo guztiak bere izeba zaharraren oroimena ekarri zioten detektibeari, baina ez zekien ondo zergatik, edo hobeto esanda, ez zekien nor zen lehenik, izeba ala oiloak, bere asoziaziotan. Oilarrari arrazoi eman baharrean arkitu zen.

        —dena dela ez aldegin hemendik, eta egunero presentatu nire aurrean,

        esan zion

        —hala egingo dugu, eta gainera gauza bat eskatu nahi nizuke

        —esan bada

        —zera, Kamasutra irakurri berria dut, eta jakina, puntu batzuk argitu nahi nituke zurekin batera

        —ederto, erantzungo dizut behar bezala

        Bai, gure detektibea hospetsua zen oilarren artean ere, eta harro sentitzen zen hori zela eta. Baina erailea?... ez zuen ezen aurreratzen, alde batetik apote ahuldu eta menopausiko bat, bestetik oilar segurua, bestetik ijito kastako haurra, nahasketa bat zen guzti hura. Bere susmoak, halere, haurrari buruzkoak ziren. Hiru hortz, pentsatu zuen bere gisa, hiru hortz pozoindu behar bada. Horrela zegoela, etxeko nagusia inguratu zitzaion begizulo ederrez ornituta.

        —ez dut inor ikusi, eta nire emazteak berdin. Zer egin behar duzu orain?

        —zure, ejem, haur ttikienarekin hitzegin

        —ez daki hitzegiten oraindik

        —berdin da, ikusi egin nahi dut

        —hau erokeri bat da, esaten nion nik neure emazteari...

        —bueno, bueno, nahi duzuna egin, konforme ez bazaude...

        —ondo dago, baina azkar arkitu hiltzailea, bestela...

        —bestela, zer?

        —joan zaitez ipurtzulotik hartzera

        Benetako grina zen gizon harena, izugarri tiratzen zion diruak, aurpegian ikusten zitzaion. Baina jende gehiena era horretakoa zen, eta Maxek ba zekien horrelakoak toreatzen.

        Haurra sehaskan zegoen lo, eta detektibeak bi txalo emanez iratzarri zuen. Haurrak begi bat zabalduz behatu zion, serio, guztiz kabreaturik. Detektibea txorakerik egiten hasi zen, bestearen farra soreraziz ahoa zabaleraziko ziolakoan. Baina umeak ez zion sinpatiarik, inolaz ere, eta ezpainak ez zituen deserantsi nahi izan. Gainera, zabaldutako begi bakarrean antipatia bizia nabaitzen zen. Etorri bezala joan zen handikan Max, haurraren hortzak ikusi gabe.

        Etxetik ateraz, bere pausoak inguruko txabolarantz zuzendu ziren, badaezpadare txerri hilei behatuko zien ea bertan argirik ikusten zuen.

        Zazpi zerriak zerraldo zeuden hileran jarrita. Ixiltasun handia zegoen handikan, eta argia piztu zuenean are eta ixilagoa iruditu zitzaion tokia. Gorpuen mugikortasun eza ikaragarria zen. Lehen begirada batetan ez zuen ezer bilatu, baina garbitasun apur bat egin eta gero haitako lepo batetan aurresentitu zuena arkitu zuen: hiru marratxo gorri eta labur, hiru zulotxo bezala lepoaren erdi erdian.

        Beste lepoetan ere hiru marratxoak arkitu zituen, lerroz lerro, bata bestearen atzean ipinitako heriotz seinale niminoak. Bai, heriotzea ez da beti arropa diztisatsuz jantzita etortzen batzuetan, kasu honetan bezala, aipamen bat bezain arina izaten da bere karroza.

        Pentsakor itzuli zen Max etxerantz. Gaua zen beriro. Nola liteke?... esaten zion bere buruari. Haur bat, oraindik hitzegiten ere ez zekien haurra zen hiltzailea, ikaragarria zen.

        Afalorduan, seme zaharrenari galdera batzuk egin zizkion.

        —zure anai ttikia, non egoten da gauero?

        —sukaldean uzten dute beroagatik

        —eta zure ustez, atera al daiteke hemendik bere kabuz, bera bakarrik

        —bai noski, badaki oinez, nahiz eta disimulatu egun beti. Badakizu, sehaskan eta arrekonkonean ibiliz, gehio dibertitzen da. Oso tipo listoa da ene anaia

        —bai horixe. Ondo dago, eskerrik asko. Orain joan zaitez ohera, zure amarekin hitzegin behar dut

        —ez, ez noa ohera. Aitak berarekin egoteko agindu dit, zerritegia zaintzen...

        —zerritegia zaintzen?... a, bai, bai, joan joan orduan zure aitarengana

        Haurra amaren besoetan ailegatu zen. Betiko muturra jarri zion Max.i, ez zuen disimulatzen bere antipatia. Inguratu zitzaion, eta beste preanbulorik gabe, hatza luzatu zio ahorantz. Espero zuen bezala, haurrak hozka egin zion amorruz. Detektibeak Via Lactea osoa ikusi zuen, eta bere hatzean hiru txulo gorri geratu ziren garbi garbi.

        —ba al dakizu —hasi zen Max hitzegiten, geldiro geldiro, odola zupatzen zuen bitartean— zein kastigu ematen zaion zazpi zerri alebosia eta aurremeditazioz hiltzen dituenari?

        —baina ume ttiki honi nola egingo diote ezer bada

        —haur ttikia ez da hiltzailea izan. Izan zitekeen —eta gorrotoz behatu zion umeari— baina ez da izan. Zu izan zara, andre, eta zuri dagokizu zigorra ere.

        —baina...

        —oso ondo egin duzu puztia, baina azkenean huts batek galdu zaitu. Ni ia sinestua nengoen haurrarekin, zeren haur honek hori eta gehio egin bait dezake, baina begira ene hatzari...

        Hatzak hiru seinale gorri erakusten zituen, bi goi aldean eta bestea hauen azpian.

        —zelatari bezala egon zinen lehen gauean, nik esan nizkizunak kontutan hartuta, hiru txulo egin zenizkion zerri bakoitzari. Baina lerroz lerro, hileran. Eta hor harrapatu zaitut. Putakume hau, eta barkatu, izan balitz hiltzailea hiru txuloak hatzean bezala azalduko ziratekeen. Ez al da egia?

        —bai,Max, hala da

        —jakina

        —eta orain zein zigor hartuko dut...

        —zazpi urtez egon beharko duzu txerririk jan gabe

        —ai ama!

        eta purrustika eta antsika hasi zen emakume gizarajoa. Haurra, panorama ikusiz, bere kabuz abiatu zen sehaskara, loa baita munduko gauzarik inportanteena eta bera jakitun baizen horretaz.

        —baina ez zaitez larritu. Ez dut ezer esanen, bion artean geratuko da hau. Niregatik egin zenuen hau, ezta?

        —bai, ez nekien nola lortu zu hona etortzea. Eta hori asmatu nuen

        —konprenitzekoa da, andre

        suspiriatu zuen Max Agirrek, inoiz izan den detekteberik arrenak.

        —bueno, altxa ezazu burua. Hemen ez da ezer pasa. Bihar gezur bat esanen diot zure senarrari, ez dela erailketa gehio izanen zihurtatuz

        —nola eskertzen dizudan

        —ez dezagula denborarik gal, joan gaitezen ohera, aprobetxa dezagun azken gaua...

        Azken gaua, esan zuen Maxek, eta oso ondo esan gainera. Hurrengo egunean hil zen bere etxeko ohean, ijito kastako haurrak egin zion hozkak sortutako septixemia zalapartari bat zela medio. Goian bego Max Agirre, genuen euskaldun detektibe bakarra.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.