L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren blaga (Non gertatu han ostatu) (1978-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Haurra

 

Benjamin Pott

 

        1.— Lur hontan ate bat irekitzen den bakoitzean haur buru bat jaurtikitzen dute, samatik odola dariola. Burua asfaltoaren kolpeaz erdibitzen da eta har bat ateratzen zaio. Harra bere burua janez loditzen da. Gero eta gehiago handitzen da bere burua janez. Azkenean globo baten tamainoa hartzen duenean aidera igotzen da. Gero eta altuago doa. Ehun bat metrora heltzen denean lehertu egiten da berehala eta puntu zuriek estaltzen dute oskarbia eta elurra balitz bezala erortzen dira. Baina haginak dira. Erortzean asfaltoan tinkatzen dira oro artez. Laster, loratzen hasten dira haginok. Aunitz koloredun lorak ernetzen dira lur guztian barrena.

        2.— Lur hontan ate bat bigarrenez irekitzen denean haur zango bat botatzen dute odola dariola. Zangoa saltoka hasten da. Banan bana lora guztiak zapaltzen ditu. Ixterrean odolbatua du, oinazpian ere, haginak zapaltzeagatik, zauri handi bat sortzen zaio. Une batetan, zauria zango osora hedatzen zaio eta sai bat bihurtzen da. Saiak hegatsez egiten du. Baina hogei bat metrora heltzen denean, eritua balego bezala kolpatu eta jausten hasten da. Lurra burrunbaz jotzen du eta hondatu egiten da. Berehala, hantxe, zuhaitz bat hazten da. Agudo. Sagarrondo bat dirudi.

        3.— Lur hontan ate bat hirugarrenez, azkenez, irekitzen den bakoitzean, burua eta zangoa falta zaizkion haur bat irtetzen da bilutsik. Jauzika, beso biak aurreruntz luzatuak eta noragabe. Itzulinguruka. Hainbat bider ondotik pasatu ondoren zuhaitza kausitzen du. Sagar helduak ditu gainean. Abar bat mozten du dorpeki eta ixterrean sartzen, falta zaion zangoaren ordez. Beso biekin hartu eta higitu egiten du arbola. Ez da erortzen sagarrik. Berriz astintzen du, bortxaz, eta sagar handi eder bat erortzen zaio, zehazki, samara. Barre algara bezalako hots estraino batzuk entzuten dira. Bereak direla dirudi. Asfaltoa erori diren horriez estaltzen ditu bere gorputzaren parte erojenoak. Barre algarak hedatu eta ozendu egiten dira. Eta haurra errenka abiatzen da eremu zabalotatik barrena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.