L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott (barnean dio: Pott bandaren blaga) (1978-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Emilio Cao-ri buruz

 

        Aurreko POTT-en alean —hirugarrenean esan nahi dut— Amancio Pradaren diskoak aipatu genituen gaingiroki.

        Oraingoan ere, Jainkoa medio, beste autore bat aipatzera goaz: Emilio Cao.

        Santiago de Compostela-koa —ez duk nonnahikoa!— hogei eta bost urte eta disko bakarra oraingoz (1).

        Emilio ezagutzean harritu nauen lehen gauza bere musikarekiko planteamendua da. Izatez, profesionala da eta adoleszentziatik musika arloan ibilia. Dena dela musikak oso modu partzial batez bakarrik mugatzen du bere bizitza. "Nik ez zekiat zer pasatuko den hemen bi urte barru. Abididez, orain pintatzen hasia nauk eta agian hurrengo hilabeteotan guztiz liatuta ibiliko nauk honetan. Baina apur bat atzera begiratuz gero, musika adoleszentziatik konstante bat diadala ikusten diat. Gauza bat duk, ordea, nire expresio beharretan konstante bat izatea eta beste bat duk, ordea, nire jendearekiko harremanetan konstante bat izatea. Balitekek momentu batean interesatzen ez zaiguken produkto bat eskeini beharra rollo honetan segitzeko. Orduan ebaki egin behar duk eta honek ez dik esan nahi heure bideak huts egin dianik, ez eta guttiagorik ere, gertatzen diana duk merkatuaren egiturak dena jaten ahalegintzen diala."

        Emilio Cao musika mailan kokatzeko lehen kontsiderazioak, kritika ofizialari dagokionez behintzat, lehen aipatutako "Fontes do araño" bere lehen disko horretatik datoz. Bertan, hain zuzen, Alan Stivell musiko bretaindarrak egindako ohar bat agertzen baita diskoa goraipatuz. Stivell! musika keltaren erregea! Beste kontsideraziorik gabe, berak, horretara lotu da kritika Emilio Cao aztertzean: Emilio Cao-musika kelta. Ia berak zer dioen horretaz:

        "Zer esango diat musika keltaren arazoari buruz. Jende ofizialistak rolloaz jabetzen ari dituala ikusten hasten haizenetik, ez duk bakarrik mesfidantza edukitzekoa manipulazioa garbia duk jadanik. Ume ttikiak bere nortasuna baiezteko ohean txiza egiten duen moduan (barre) orduan heuk ere txiza egiten duk. Zer diozu? Kelta naizela? Ba ez."

        Kritika molde hauetatik aparte ba dira, nik uste, Emilio kantariarengan bereizgarri batzuk eta horietako bat, dudarik ez, bere eszenari lanarena da. Lehengo urtean errezital batzuk eman zituen Euskal Herrian. Ikusi zuenak behintzat, honen berri ba du. Izugarri magnetikoa da jendaurrean eta gauza bat oraindik: guztiz pop dela, halegia. Bere planteamendu estetikoa ez da soilik itxura tradizional bati lotzen. Emilio rockero bat izan da. Mila konjuntotan ibilia bajoa jotzen...

        "Rockero izan nauala eta (iraganean ari gaituk hitzegiten eta neuk ez zeukat garbi nire rockero garaia pasatu diadanik). Dena dela guzti honetan gauza inportante bat zegon: plazer maila. Musika plazer bat bezala hartzen duk, eszenariora igotzean inportanteena gozatzea duk eta jendeari gozaraztea. Niretzako hauxe duk hain zuzen rockero izan dena definitzen duen neurria. Bestelako kantariek oso ikusmira intelektualizatua edukitzen diate, esannahi politikoa soilik...".

        Baina hik ez duk planteatzen hire lana ikusmira rockero batetatik. Nola planteatzen duk. Musika tradizionala egiten duk? Folklorista haiz?

        "Nik ez diat planteamendurik egiten (barre). Beste jende bat duk rollo horik markatzen dituana. Morroi honek folklore egiten diala eta beste honek ez. Situazio horren aurrean egiten diadana baieztatu baino gehiago, ukatzea duk. EZ, ez, nik hori ez... nola? ah! hori... ez, ez, nik hori ez.... Inork ez dik mugatzeko interesik. Oraindik badago publikoaren artean horrelako joerarik duena. Ez haute ikusten aldaketa posibilitate amaigabe batekin. Lan mota batetan guztiz murgilduta ikusten haute. Erabat kuadrikulatua. Joera hau gero aprobetxatu egiten duk: produkto bezala askoz ere errentableago eta zehatzago. Morroi honek musika dodekafonika egiten dik. Ongi. Musika dodekafonikoaren katalogoan sartzen diagu eta kitto. Ez baduk musika dodekafonikoa ez keltikoa egiten, zer egiten duk, ordea? galdetzen diate... Nik jolasten nabilela uste diat. Folklorearen elementoekin, nire infludentzia rockeroarekin jolasten ari nauk."

        Amaitzeko, nire partetik ohartxo bat egin nahi dut Emilioaren nortasunari buruz. Bere musikan garbi agertzen denez, Emiliorengandik nagusitzen zaidan sentsazioa orekarena da oso sakonki saiatzen da arlo guztietan lasaitasunera ailegatzeko eta neurriak ondo hartzeko. Ekilibrioa beraz, maniura eta mandolina, kalaka nahiz zarrabeta jotzen duenean. Eta kantua.

 

        1) "FONTE DO ARAÑO" (Ar iar aren iturria). (Novola)

        Alan Stivellek aurkeztutakoa, Emilio Cao-ren lehen L.P.a da. Hamar tema agertzen ditu. Zazpi Emilio berberarenak eta besteak tradizionalak berak apainduta. Maniura lanak nagusitzen dira gehienbat, nahiz eta ahotsak oso lan fina egin.

        Beste hiru musikokin agertzen da: Bernardo Martinez (flauta); Xose Ferreiros (gaita, eta galiziar perkusioa) Anton Seoane (zanfoña, xilofoa). Emiliok bere aldetik ahotsa, koroak, maniura eta kalaka erabiltzen ditu. Kantatutako hitzen artean, batzuk bereak dira, eta miresgarria da zer nolako modu zaharrean eginak diren (entzun, adibidez, "Na noite de San Xoan" izenekoa).

        Oso disko fina izanagatik, gure gustuko azkoz ere freskoago azaltzen da jendeaurreko emanaldietan.

 

        2) "MILLADOIRO" (Novola)

        Galizia musika berriari buruz ari garela disko hau aipatzea beharrezkotzat ematen dut. Diskoan dioenez: "Santiagoko bideatik zehar baziren toki batzuk zeinetan erromesek harrixka bat botatzen zuten, horrela besteek botatakoen artean pila handiak eginaz. Pila hauk "illadoiros" deitzen ziren, erdi haroko Europaren infludentziak eta bibrazioak jaso genitueneko lekuko ixilak."

        Disko honetan, Emilio Cao-renean aipatutako Anton Seoane eta Xose Ferriros-ek hartzen dute parte Rodrigo Roani-rekin batera.

        Izugarrizko instrumento pila, zahar eta beti, jotzen dute oso disko interesantea lortuz: okarina, gaita, galiziar perkusioa, zarrabeta, gitarra, kalaka, pianoa, flautak...

        Jementxe ematen diagu, txo, berri zahar bat. Apirilaren 21an, hospitalean koman zegoala SANDY DENNY hil zian. Fairport Conventioneko hasierako formazioetan ibilitakoa. Folk-rockaren erregina. Tertziopelozko galtza gorri barik, Jimmy Hendrix-en izpiritu berbera zian. Entzun zak ahal izanen gero bere konposizioak zituan: "Who Knows where the times goes" (nork daki benbora nora doan) eta "Fotheringay".

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.