L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott (barnean dio: Pott bandaren blaga) (1978-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Huts

 

Untzi bat itsasoratzeko prest, irtetzen ari da, hodeiertzeruntz alaiki abiatuz, batek ez du nahi gehiago atzera begiratu, dena hain beltza baita, etorkizuna bakarrik posibilitate bezala, zabalki barreka konplizitate keinu batez, ongi aukeratu zenuen, kakaren artean, balentasun eta erabaki asko behar izandu zen, baina hor zeok, atzekoa ezabatzen ari da, ia ezer ez da ikusten, ahaztu zen dena, orain aurrera begiratu behar, oraingo une honek etorkizunaren alde egiten du, arrakastaren, hospearen alde, eta orduan haruntzagoa, bizi berri bat, askapena, atzean gelditzen dira ezbaikorrak, bekaiztiak, oraindik harriturik dauden adiskideak, kritika eta autojustifikapenak, atzetik geratzen ari da lorratza, untziaren hatza itsaso gainean, norberaren garaitiaren lorratza pertsonen eta gauzen barnean, erabakiaren garaipena da, arriskatzen denarentzat da mundua, merezi duenarentzat, azken finean; atzean gelditzen da betiko bizimodu monotonoa, ohi bezalakoa, zentzurik gabekoa, porrot iraunkorraren zapore horrekin, panpinakeriak amaitu ziren, amaitu zen pailazo baliogabe bat izatea, dena hautsi eta ahaztu, Odyssea hasten da, arraia honetatik aurrera bakar batzuk bakarrik, hautatuak, atzetik besteak, koldarrak, salduak, aspalditik erdilofan eta inkontziente dagoen jendetza... untzia nabigatzen itsas zabalean, bakartatean, inguruan inor ez, arriskua zelatan soilik, jarrai, aurrera jarrai, egunak eta gauak geldiro pasatzen, une laburra duda-mudatan, baita damutasuna ere, segurtasunik gabeko une iraunkorra eta hor barnean sosegurik gabeko zera hori barruan sartuta, baina gaua doa eta badator eguna, argitasuna, norberaren segurtasuna, itzultzen ari den fidantza, dena inbadituz, garaitiaren ordua da, portu segurora ailegatzeko garaia, azkenean!, harrera apoteosikoaren, oihu herritarraren eta ezagutzaren ordua, fama eta hospearena, omenaldi eta hitzaldi handien mementua, kargu publikoena, jira eta bidaiena, eta baita bizitza errazarena, erosotasuna eta ezarkuntza, urteak pasatzen diren bitartean, eta bizitzak aparte baztertzen zaituenean, eta nekea eta oroitzea, aholkuak gazteentzat, hirarik gabeko atzebegirada, mineri unea, kontuak ateratzeko ordua, eguneroko bizitzan behin betiko finkatzeko ordua, garaiz altxa, lana, jan, lana, ibilera, berriketan lagunen artean, berriro irazkin mila bider hitzegindako gauza berbera, buelta etxera, afaria, besaulkia, oroitzapenaren bakartatea, ohea, logabetasuna, eta gero gau guztietako ameskaitz hori, iluntasuna, lainoa, portua, portutik ibilera, aurrean itsaso guztia, untzi bat itsasoratzeko prest, irtetzen ari da...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.