L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott (barnean dio: Pott bandaren blaga) (1978-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Poloniar literaturaz (2)

 

        Lehengoan aipatu genuen bezala, bi gerra arteko nobelagintza aztertuz, esan nizuen ezagunenak Witkiewicz, Bruno Schulz eta Gombrowicz zirela. Witkiewicz alde batera utziz, Bruno Schulz aipatu beharra dago orain, nahiz laburki izan. Bruno Schulz 1892 garren urtean jaio zen, Drohobycz-en. Poloniako hiri tiki hau ekialdeko partean dago. Marrazki maisu bezala bizi zen. Bi ipui liburu idatzi zuen: "Kaneladendak" (1934) eta "Sendategia klepsidrapean" (1937). Denbora hartan ez zuen harrera ona izan eta ahaztuta, zokoratuta izan ziren beste hamar urte gutienez. Kasualitate batengatik birrargitaratu ziren. Ordudanik, ipuin hauek herri askotako irakurle liluratu dute, idazle eta artista gehienean. Eta froga bezala, orain dela bost bat urte, zineratu ba bere "Sendategia klepsidrapean", W.J. Has zuzendari delarik. (Has honek zuzendu zuen Potockiren "Zaragozan aurkitutako eskuskribu", baitaere). Schulz-ek, bera bizitzen den tokiko giro probintzianoa eta XXgarren mendeak (hain lardaskero dena XIXgarrenarekin konparatuz) ekarri zigun partzaileria guzti hau, eskaintzen digu liburu honetan.

        Mundu tiki eta probintziano horretan gizabakardadearen grotesko eta ezkor tragedia gertatzen da batzutan, hots, gizakiak txotxongiloak bihurtzen dira. Bruno Schulz-en irudimena, guztiz oinazeztatua, eragin surrealistaz beterik dago. Subkontzientearen barru barrutik sartzen ditu mundu fantastiko baten elementuak, obsesioez elikatuak, Kafkarengandik hain gertu daudenak. Bruno Schulz-en "Manikien tratatua"-k harreman eta antz handiak ditu Kafkaren ikuspen goibelenekin. Bere obrak Kafkaren antza du, giro eta sinbolismo aldetik behintzat.

        Bruno Schulz, idazle eta pintatzaile, itzultzaile eta Franz Kafkaren anaia izpirituala Drohobycz-ko ghettoan hil zen 1942an. Hil zuten. Kalean naziek afusilatu baitzuten.

        Kritiko askorentzat Witold Gombrowicz nobelista onena da, gerra ezkero. Gombrowicz Kielce-ko probintzian jaio zen 1904garren urtean, Poloniako hegoaldean. Varsovian estudiatu zuen abokatu izan nahiean. Hogeitamar urtez liburu bat idatzi ("Nerabezaro baten oharrak") eta geroztik literaturaz bakarrik arduratu zen, beste dena utzita.

        1937an "Ferdydurke" agertzen da. Eta "Ferdydurke" honek orduko poloniar literatura guztia zalantzan jarri zuen. Obra honek irabio, aldakuntza bat suposatzen du, atzerritar zapalkuntz aldi artan Polonian sortu ziren mito eta fikzio batzuk suntsitzen baititu. "Ferdydurke", humorez eta filosofia korrosiboaz beterik dagoen elaberri apetatsu bat iruditzen zaigu. Nobela ederra, harrigarria, ozarra, izenburuak adierazten digun bezala. Ferdydurke tituluak ez du ezer esan nahi, ozentasunez egindako hitz hutsa da soilik. "Ferdydurke" garai bateko pentsaera epaitzen du, humore zorrotz batez, eta, egin ziren estudio existentzialetatik lehenbiziko bat izanez, aztertzen digu, gizakien jokabide esteriotipatuen azpian, helgabetasun eta infantilismo batek baldintzatzen duen errealitate bat; kanpoko munduak, baldintza sozialek, kulturak eta besteak hazierazten, mantentzen eta gehitzen dutela helgabetasun, infantilismo hori, jakinez.

        1938an antzerki obra bat argitaratu zuen: "Ivonne, Borgoñako printzesa". Hemen ongi ikus daiteke Gombrowicz-en espiritu sarkastikoa, bere unibertso kaustikoa, trufagarri eta odolgaitz batera, bere munduko ikuspena azken finean. Ondo sakontzen du beti aipatzen dituen gaiak: beldurra (bere buruari, besteei eta beraren irudiari), hierarki harremanen toleskeria (etxeko harremanak, sozialak eta politikoak), arrazismoa, eta bereziki kolektibitate batean aurki daitezkeen laido eta lerdakeriak.

        Hurrengo urtean nobela bat idatzi zuen "Erauzituak". Bigarren gerla Mundiala etorri zenean, Gombrowicz Argentinan zegoen, eta Europara ez itzultzeagatik han gelditu zen hogeitabost urte, argentinar naziotasuna hartuz. Bentura honen gorabeherak nobela batean bilduta daude, "Transatlantiko", 1947an idatzia. "Ezingo ditut sekula ahaztu nire lehenbiziko egunak Argentinan. Hiria beste edozein bezalakoa iruditu zitzaidan. Edifizio batzuk oso luzeak, besteak tiki tikiak. Karriketan ez zegoen higitzeko posibilitaterik, hainbat jende baitzebilen. Igilgailu pila bat. Zarata, orroek, burrunba, nahaste; atmosferan pairaezin zen hezetasun bat. Nire arroztegiko kuartotxotik atso zahar baten kexak entzuten nituen: gerra, gerra, gerra". Poloniatik Argentinaraino bidaiaz hitz egin baino gehiago ukitzen du Argentinan atzerritarrek zeramaten bizimodua, kanpotarrena eta konkretuki Poloniarrena. (Berehalaxe datorkit burura euskal liburu baten izena, Zubillagak idatzi zuen "Lardasketa"; gai berdina edo antzekoa, garaia ere ia berbera, baina bai diferentzia galanta! Garbi ikus dezakegu hemen zer den literatura eta zer ez den, nahiz eta beste zera bat izan. Eta hainbat gonbaraketa egin daiteke, klase guztietako obrekin. Euskal literaturak ez daki bakarrik abiatzen.

        "Transatlantiko" nobela zaila da, bide berriak irekitzen dituena, linguistika eta lengoaia aldetik. Ideologiari begira askotan eztabaidatua izan dena. Hau ondo ulertzeko komenigarri izango litzateke Gombrowicz-ek hitzaurrean jartzen diguna irakurtzea. ("Transatlantico". W. Gombrowicz - Breve biblioteca de literaturas - Barral).

        Urte honetan drama bat argitaratu zuen, baitaere: "Ezkontza", teatro bezala oso interesgarria. Berak esaten digu nola errepresentatu behar den obra hau: "Aktore bakoitzak bere burua sentitu behar du instrumento bat balitz bezala orkestra baten barruan eta keinuak eta hitzak batera joan daitezela. Beharrezkoa da eskenak eta situazioak erraz kateatzea, eta pertsonaia taldeek esangura sekretuak adieraz ditzatela". 1955ean beste nobela bat atera zuen: "Seduzioa" eta bere "Egunkari"-ren lehen partea, askok maisulantzat hartzen dutena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.