L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott (barnean dio: Pott bandaren blaga) (1978-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Max Aub ene hiltzailea

 

Kalera irten nintzen, asteguna zen eta espaloitik nindoan. Baina halako batez kotxe bat aparkatzen eta bidean lekurik ez balu bezala, atzeko errobera bat espaloira igotzen zuela izutu ninduen. Hura jasangaitza zen. Lerdo bat zela esan nion xoferrari. Baina esan hala, aurreko beste errobera bat ere espaloira igotzen zen. Gehiegi. Hantxe bertan hil nuen.

        Segitu nuen ibilaldia. Haur bat ikusi nuen eskolarako autobusa itxadoten. Bere bizitza malerusaz ohartu eta mesede bat egitea deliberatu nuen, eta egin ere.

        Mikrora igan nintzenean xoferrak, nik bost hogerleko eman eta, aleka itzuli zizkidan zortzi pesetako bueltak. Hil egin nuen hantxe bertan. Baina pasajeroak oihuka hasi zitzaizkidan, ia nork eramanen zituen galdetzen. Ezin dut jasan nehork oihu egin diezadan, eta gabardinapetik metraileta aterata akabatu nituen guztiak.

        Oinez jarraitu nuen ezpaloitik. Orduan orroa nazkagarri bat entzun nuen. Itsu bat zen, loteria saltzen, eta iragan astean erosi eta deus ez zitzaidala tokatu oroitu nintzen. Tiro bat eman nion begitartean.

        Taberna batetara sartu eta xokolatezko batido bat eskatu nuen. Nolakoa ez zen izango ene harridura mutilak bitter bat ekarri zidanean. Aulkiaz hautsi nion burua, belarriak garbitu zitzan.

        Gero parkera habiatu nitzen. Eta emakume bat ikusi nuen, jardinetik larrosa bat mozten zuela. Hura ez zen zilegia eta urmaelean ito nuen.

        Gero aulki batetan eseri nintzen eta ez zitzaidan laket ene ondoan eseri zena. Bizitzen uzteagatik aldegin nuen handik eta taberna baten bila abiatu nintzen. Ustekebean, HEINRICH TABERNA irakurri nuen. Izen nazkagarri hori eta antzekoak ezin ditzaket aguantatu. Sartu eta ia nor deitzen zen Heinrich galdetu nuen. Jabea sukaldean zegoela esan zidatenean sartu eta harategi laban batez akabatu nuen.

        Geroago sabeleko mina sentitu nuen eta gero eta handiagoa zen eta hurbildu zitzaidan lehen agurea hil egin nuen. Eta mina apaldu zitzaidan orduko hilak nituen hamabi bat.

        Handik ordu betera irribarreka ikusi nituen indibiduo bi ene ondotik pasatzerakoan. Nitaz trufatzen zirela susmatzea eta biak beste mundura bidaltzea gauza berbera izan zen.

        Iadanik arratsaldea zen ene andregaiaren bila joan eta paseatzera atera nuenean. Bihotzez maite nuen baina ezin izan nuen bere ahoko hatsa eta desodorante falta jasan eta amultsuki tragutu nuen. Bere hilotza beztitzen desagertu zitzaidan eguzkia.

        Ilunabarrean ia Max Aub kausitu nuen. Hiru minututan zehar izandu ginen higitu gabe aurrez aurre. Laban atera nuen baina hark, ni baino azkarragoa egia esan, metraileta batez zulaturik hil ninduen bat ere motiborik gabe.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.