L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott (barnean dio: Pott bandaren blaga) (1978-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Iluntziko autobusa orduko

 

Pott.eko mutxurdiña

 

Aire fin eta erreka zikinaren hatsetan nahasmendurik, bere harizko soinekoan, iragan da zubian zehar herabe, espiatzen duten edifizioen pisu guztia gainera baletorkio legez. Heldu denean: kaixo! eta agurrik ez ere. Eseri da aurrez, ni baino zertxobait gorago, ixtarrak zabalik halako eran ezen nere belaunek haren bernekin ikuitzen dire. Fereku epel bat. Zeinua da gauzak bere bidetik doazela adierazteko. Orduan haragikoiagoa bihurtzen da ikuitua, gorputza hotz irriño batek astintzen dit eta batera artegatasuna oro ezabatzen zait.

        Ilea motza du oraingoan, nonbait kizkurtua arreta handiz. Nabari da atzo edo erenegun espresuki konpondu zuela. Betidanik bezela urre kolorea du eta lehuna da oso. Garbi ondoren haren txima bat eskuratzea ze goxo! ze freskoa zen! Argalik jarraitzen du, ez du galtzen neurrien oreka hura. Eskuturra soilik du erakusten haren soinekoak; azala ximel dago, hezurra doi estaltzen duen mintza. Neri gustatzen zaidan bezala. Arpegia guri, umekoia, hogeitabostetik gora egonarren; zahartuko da eta inork ez dio igarriko. Beti eman izan du panpiña baten irudia. Jazkera, erabiltzen zuen jazkera, zen urteak jartzen edo kentzen zizkiona. Emakumea denez gero, oso atsegin, oso suertetsu, iruditzen zaio bere gorputzaren itxura hori. Eta nola ez berarekin gurutzatu direnei!!

        Eni so ari da. Ni ere argala nago, berari ere hala gustatzen zaio, galdua egotea. Daramagun gaztaroko arrasto bat agian. Dena den bizikiro maite dugu irudi hori. Kanpoko itxuraz genuen iritzia ez zaigu aldatu, ikusiko barrenak (ezer baldin badago hondoan) nora joan zaizkigun. Ikusiko bai, egunpasa hontan ukituko gara nola ardoa kupeletan iraganean dastatzen den legez. Ardo gordina, ardo heldua, irakin gabea. Beno, gu seguru asko, gero ta zekenago izanen gara. Ez dut uste egunpasan gogaitu eginen dugunik, halaber ezta ere iluntziko ordua ere luzatzeko gauza izanen garenik. Jolasgailu baten gisara kuerda bukatzen danean nazkatzen gara; bestalde, bentaja bat, kuerda amaitu aurretik ez dagoela perilik.

        Duela hiru urte banandu ginen, aspertu ginela badiot hobe baino ez. Zalaprastik ez zen jaso, olioak ura utzi zuen eta kitto. Gaur beraz ezer handirik gerta ez bada, mirariren bat, eguna higatu ondoren, autobusera lagunduko diot iluntzi inguruan. Jadanik autobuseko atean, nagiak bageunde bezala, adio bat noiz artekorik bagekoa. Osanen gara.

        Nonbaiten bizi da, nonbaiten bizi naiz, uste dut azken bolada hontan beste batekin, ni bezala. Ez du gauza handirik espero bizitzatik, beharbada munduari buelta bat. Biok iritsiko gara azkenengo egunera doi, indarrak nehurturik, maratoian legez, orduan noiz etzanen gara palio pean ezer berbizitzeko gogo barik, deus biziki desiratu gabe.

        Igande goiza inor gutxik dastatzen du. Jendea geroxeago aterako da negu eguerdiko eguzki geldoa labur arpegitan hartzera... bainan oraingoz trenen hotsa baino ez da entzuten. Gonbidatzen dut errekari itsasora bidean laguntzen dion bat hartzera. Baietza ematen dit, gaur ez dago ezer ukatzerik.

        Barkazak saietsetan, museo batetan ikusitako balea batetaz oroitzen naiz. Merkatal untziak gaur jai dute, esan nahi dut mariñelek hiriko hauzo xelebre hartara bideratuak izanen direla honaz gero. Trena badoa gerra ondoren, oro suntsiturik dagoenean, joanen zen bezala deus galtzekorik gabe. Eder da bizitzak damoskun une hau.

        Igande goiza da oraindik. Iluntziak berak autobusa hartuko du eta ni jendez hornitutariko kaletan desagertuko natzaio.

 

Iluntziko autobusa orduko. deitu radionobela batetatik hartua.

187.garren kapitulua, hemen prosara bihurtua.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.