Hiru ipui labur
Jon Casenave
Amaia
Plentzia aldetik, gorputz erdi ustel batzuen usain karatsa zetorren. Hunkigarria, hain pizua bait zen. Bi egun jadanik katastrofa gertatu zelarik eta heriotza, gaixoak, ez zekien nondik hasi.
Francisco, orduan gose errabiatua, jateko, zerbaiten ondotik zebilen, baina bizirik ez zen fitsik eta bere baitan goseari, bakartasun negargarri baten sentimendua zuztitu zitzaion.
Azken gizona izaitea, katastrofa nuklear batetik eskapatzea ez da hain errexa, eta gizona, bere burua garbitzea? Ez, heriotza itxarotuko dut, hobe gizonki aritzea, dena den deusik jan gabe, fite jinen zait, seguraski!
Beraz, zuhaitz erre baten azpian, jartzen da, azken hatsaketa.
Hori, beherean, baina goian, kreadorea, arrunt zoratua, hona hara zebilen, soluzio baten bila. "Hain trankil nintzen mundu honekin azken hiru mila urteotan! Koño ren dios, hain ontsa muntatua nuen, eta kuku mediku horiek suarekin dibertitu behar beti. Nola konponduko dut hori, orain nik?"
Beherean, Francisco, gosetua baina beti bizi, utzi zuen bere lotus-posizioa eta janketa joana zen, instintuak beti nagusi kasu mota horietan eta guk badakigu oso pozik egonen dela gaineko bizarduna, hori ikustearekin. Gauaz, etxe erori baten ondoan, Franciscok somatu zuen iratxo humano bat; bon, hola uste zuen bederen, zeren guk badakigu gosearekin fantasma batzuk sortzen ahal zaizkiela gizonei.
Lasterka hasi zen eta han, emazte bat aurkitu zuen zuhaitz erre baten azpian, lotus-posizioa harturik, heriotzketa. Ez zen, beraz, hain gutitua oraino, tronpatu ginen!
Emaztekia iratzartua, eleketa hasi ziren, presentazioak egin eta; guk badakigu pozik zegoela gaineko nagusia hori ikustearekin, uste bait zuen hola segituz, laister beteko zutela mundua; gainera, maiz esaten zuen "erratz ukaldi on bat merezi zuela mundu honek!"
Beherean, gosea ahantzi zuten eta piska bat ezagutu eta, hasi ziren ahalge berri batekin pottaka eta aurkika. Gero harri puskatien artean, etzanik, pereken fasea, eta premisioen ondotik amodioa nekatu artino; guk badakigu gosetuak zirelakotz ez zirela segidan geratuko.
Goian, bizardun so egile zikina, arras kontent zegoen; ez zuen lanean hasi beharrik, bere tokian, ari bait ziren behereko biok; beno, hori hark uste zuen, zeren beherean:
Errazu, Amaia, anti-konzepzioa hartzen duzu bederen?
Bistan dena, zer uste duzu zuk!
Carole
Carole zango motza zen, bai, hori egia duzue; baina bertzea, arrunta zuen eta gainera, biziki pollita, jaun andereok. Konkorra! Bai, konkorra ere, eta zuen ustez, itsusia da tuntur bat bizkar erdian? Okerra! Baina, hori hurbiltzearekin ikusiko duzue bakarrik, bertzenaz ez, seguraz ere. Badakizue okerra zelakotz, ez zutela aitamek haurrarekin kanpoan atera nahi. Dena den esan behar da, haurtzaro bat arras triste ukan zuela gaixo haurrak, beti bere zokoan abandonatua, eta esanen didazue zuek errexa denetz hanka batekin dibertitzea, ume normal baten gisa? Ez, bistan dena! Hortakotz, ez zarete harrituko, gaisto finitua bilakatua zelarik, eta adibidez, karrikan kaska bat ukaiten zuenean, ausikika hasten zelarik segidan, bazter guzietara.
Geroztik, amak muturreko gorri bat erosi zion eta eskolara abiatzeko punttan, haurrari ezartzen, gibeletik eta abisatu gabe; ez bait zekien, gaixo haurrak beharrezkoa zela, muturreko hori, berarentzat eta partikulazki bertzeentzat, zeren aise ulertuko duzue hori jendeek, holako hezur zaku arrunt makurra ikustearekin, tentazio handi bat bazuten pasatzean kaska batzuen uzteko. Baina, aitortu behar dizuet, haurrak ez zuela biziki maite burdin xorrotx hori, hortz artean.
A, aipatu behar dizuet orain haren adolezent denbora: badakigu Carole berak salatu bait digu, depuzelatua izan zela hemeretzi urtetan, eta badakigu ere, gizonak, karitatez egin zuela hori, nihun espanturik botatu gabe. Beraz, fitsik kondenagarri, oraino! Egia esateko, problema anitz halere; Esate baterako, Carolek atzo aitortzen zuen, komunikazio inposibilitate batzuk senditzen zituela jendeen artian; pentsatzen ahal duzue, zer problema motza sortzen diren, ez duzuenean bisean bis dagoen pertsona fitsatzen ahal, eta hori, bakarrik begi madarikatu bat faltatzen zaizuelakotz!
Baina ohitura hartu zuen eta mihia izigarri ona zuelakotz, ontsa ulert-arazten zituen bere anormalaren bitxikeriak. Baina ederrena, orain jiten zaigu! Aitamek, preokupatuak halere, zeren hogoi urtetan kasik, ez zuen oraino senergairik mitiko gazte bat bilatu zuten, esposatzeko. Gaitzeko xantza batekin, oker gazte bat atxeman zuten, hanka motza ere, tuntur pollit batekin bizkar erdian. Zori onez, bien artean bi zango bazituzten eta bi begi ere! Baina neskak, ez zuen bista aintzinean mutikoa ikusten ahal ere, omen, motela zelakotz; boon, orduan hasten dira problemak, eta kalapita andana baten ondotik, bi egun ezkondu aintzin, neskak, gizongaia asesinatu du.
Fin, zuei juratuak, nik frantses errepublikaren abokadoa, gaur ez dizuet lepo bat eskatuko krimen triste hau ordain arazteko, baina zorion aurrean hainbeste mesprezio erakusteagatik, galdetuko dizuet Carolen bigarren zangoa!
Aitatxi
Aitatxi hilez gero, ezin kontsolatua gelditu zen amatxi eta arratsero afal eta, alde egiten zuen bere xokora, orroitzeko edo nigar egiteko ez du sekulan berifikatu, desarriñatzea beldurrez.
Amatxi oso mistika bilakatua zen, dena xirio eta belaunikaldi, denbora harta, etxeak kapera baten pinta bazuen, dudarik gabe bere laguna bizi atxiki nahiz... eta elkar hizketa batean adibidez, ez zuen esaten "ene senar zena" bainan beti "nere senarra" baizik, bizi izan balitz bezala. Guri pasatuko zitzaiola iduritu zitzaigun eta hortakotz ez genuen kasurik emaiten ere, desarriñatzea beldurrez.
Bainan bere azken denboran, arrunt aldatu zituen bere bizi moldeak; boon, parte bat baizik, esan nahi dut ez zela gehiago gurekin afaltzen; jateko punttan beti norapait espakatzen, eta denak sukaldetik joan artio, telebistaren aintzinean egoten zen, edozein programari so agiten. Orduan, bakarrik geldituta, hasten zen plater eta zartainekin; guk, bistan dena, amatxiren maniak errespetatzen, noski!
Bederen ordu bat geratzen zen hola, sukaldean ibilka, bere sagu urratsez. Oso pozik zeudela notatu genuen eta, bera bizi zelakotz holakatzen zela pentsatu genuen. Aldi bat halere, intrigatua gelditu nintzen, segur ez nuela ametsarik egin! Irri bat entzun nuen sukaldean, amatxiren irri xorroxtua, dudarik gabe. Ixil ixilik, jautsi nintzen eta beherean, aitatxi eta amatxi afaltzen ari aurkitu nituen. Arrabotsik gabe, berritz igo nintzen ganberara.
|