Infiltratuak...
Ero baten egunkaritik
Joanes Pottolito
Goizero bezala, kaleratzen nintzenean, hurrengo muturrean eskekoa aurkituko nuela banekien, espaloian etzanda, bere zarpak, bere tximak eta uger usainkeritsuak. Goizero bezala, bere ondotik pasatzerakoan, esku zikin bat aurreratzen zidan, eta berorren ahotsak ardozko giro iguingarritan bildu ohi ninduen: "Una limosna por favor" edo halako zerbait esaten. Ez dut lehengo eguna gogoratzen, hasieran jaramonik gabe pasatzen bainintzaion, baina gero eta gehiago etxeko ataria goizean zabalduz, barnekiko larritasun arrotz bat sartzen ninduen; eta kaleratzen, ezin besteko eskekoa, judurena ematen zitzaidan ahotsaz (zergatia ez dakit, inoiz ez baitut judu ahots bat entzun). Laster bere albotik pasatzerako saiesten hasi nintzen; baina kaleko beste aldera igaro eta dena, bere begirada lepoan josia eramatea iruditzen zitzaidan. Arraro da, ez dut uste ordu arte bere begietan erreparatu izan nuenik. Segur aski geroago zen, hotzak zetozela; goizen batetan burutik beherako trapu zatitan bildurik aurkitu nuen eskekoa, kanpora begiak bakarrik ateratzen zitzaizkion. Egun horretan Bankuko problema batzuengatik arduratu nebilen, eta etxeko espaloi berberatik oinatzen, bere goira heldu arte ez nintzen konturatu, eta lehenbailen itsumustuan hartua geratu nintzen: ustegabeko hotzikara batek busti zidan gorputza bere begirada nirean tinto ikusirik. Haserre ulergaitzez, oinkada lasterturik beste espaloira igaro nahi nuen, hain itsu baino kotxe batek ia harrapatu ninduela.
Handik aurrera neroni prometitu nuen hain gauza txartarrak ez ninduela eraingo adorean. Baina behin eta berriro, lanera zuzentzen, eskekoaren figura geldia, bere esku deskarnatua nire aurrean, topatzen nuen etxeko hurrengo muturrean. Neroni prometitutako indiferentziak iguinari lekua laga egin zion, eta laster hau ere gorrotorik handienagatik baztertua izan zen. Egunak pasa, Gabonak jadanik hurbil, eta nire gogoa gizontxo honen irudimen nazkagarriaz bete zen, bere lagunkeriatik ez nuen atseden hartzen (ez eta ametsetan ere). Etsita, hiriko hauzo hurrunenetan etxe edo apartamento berri bat aurkitzean jarri nintzen, hain sinisgaitza nire obsesioa, baina batzuetara beranduegi heldu, edo besteak nire ogibideak ezin mantenitu, etxe berberean geratzen ari nintzen egunik egun.
Nire obsesioa izuz guztiz bihurtua izan zen ordurako. Eguerdietan edozein lekutan gelditzen nintzen pixka bat jateko, ohituragatik batez ere, gosea ere joan izan zitzaidan eta; lehengo gauetan, zer problema nahaspilatuak ematen ez naiz gogoratzen, nire lagunen etxeetatik nenbilen lo egiteko, ala kalean ez gelditzeko behintzat, zeren eskekoaren irudiak ametsetan oinaze bat bezala laguntzen ninduen nahi eta nahi ez gauero.
Baina lagunen borondatea mila aitzakitan desagertzen ari zen, eta nire etxea utzi eta aste bete gero, gau batetan hara bihurtu behar nuen. Negua gogor zegoen jadanik, eta kaleen espaloiak elurrezko zuriaz estaliak zeuden; hotza arren bihotza poztu zitzaidan hau ikusirik zeren eta hainbeste eguraldi txarrez, nola aurkituko nuen eskekoa betiko bazterrean?... eta atsegin krudel batez hil ez ba zen izan galdetu nuen neroni.
Honela pausoa bizkorturik, etxeko ataria begiratu nuen laster. Mutur gorrotagarrian, zorionez, ez zegoen nire ameskerikoa, eta kalea igaro nuen behin eta berriro. Baina, otoi, itzal bat etxe atarian eserita zegoen!. Zarradak paralizaturik, bihotza ere bihurtuta zirudien. Ez dakit nola lortu nuen oinkada, baina horra hor zetzan, dudarik gabe, eskeko iguingarria, traputan bildua begietaraino, bizi!. Une hartan bere heriotzaren desio banuen ere, geroago gertatu zenaz pentsatzen ez nintzen gai. Kemen pixka bat bildurik bere aurrean jarri eta esan nion gogor: "apártese de la puerta de mi casa y váyase a otro lado". Eskekoak, begiratu ninduen, eta berriro izu sinisgaitz hura sentitu larru azalean zehar... "déme algo para poder comer, por favor...", eta nik, nazka menperatzen, etxeratu saiatu nuen, bere gorputza alde agiten. Baina eskekoak, lurretik narrazten, oin bat harrapatu zidan eta esan: "por favor...". Odola irakiten, sumin bizitan harturik, ile erizatua, hostikada bortitz bat eman nion; bere karraxiek haserre gehiago eman zidaten ere, eta hostikadak ahoan, buruan, urdailean eman, bere odolaz lurra bustituz tantoka; erotua, eskuez ere jarraitu nuen ekintza askatzailea. Nekatu nintzela, eta zer egin jakin gabe, ahotsak entzun ziren kalean. Etsaiak hartua, laisterketa egin nuen zoroki elur artean... Mutur gorrotatua aurreratuz gero jendeak ez ninduke atrapatuko... baina muturrera ito heltzerakoan zerbaitekin oztopo egin eta lurrera erori nintzen. Jaiki saiatzera ardoz beteriko ahots iguingarri bat heldu zitzaidan: "Una limosna por favor".
|