Caracoles
Magurios
Mangoliñak
Malkaitz
Caracoles, magurios, mangoliñak, características del ganado vacuno vasco eta beste hainbeste irakurtzeko patxadaren irrikaz, galdutako hiru egunen ondorengo balantzean, katalana progre ezdesiragarri haiekin roilaztatu nahiean, gaua eta alkohola gehiago hartzeko aukera, erabat galduaz, ohi bezala, Dragstorera azkendu, bilki egotziaz.
Ez zen hura gure asmoa, duela hiru hilabete Xiberorako bidaia planeatu genuenean, Villeneufek kondatu zuelarik, xo edo larrutan ez egiteko Atsularren arrazoina, halegia, plazerra arras llaburra zela eta bekatu egiten genuela gainera; hortakoz erdi jabeturik geure biziketa arnotara eta beste kausa nobletara eskeini behar geniela, Jerontze eta Eskiuleko euskara ezagutzera, kasu batez.
Hara joan eta abertzaleek nafarrekin egiten dutenez, hazta, artaz uki, palpa, hortzak begira, eta beste xehetasun anatomiko hiztegiko ideolojikoak jasoaz, kolpe bat jo alboko ostatuan eta bizkaitar-gipuzkoar laguner presentatu, "salbaiak baino nobleak", han ikasitako bitxikeriez mintzo: "ürhentü, diote" edo harrapatzen dugun Leitzeko lehen harpetarra mitin batetara ereman: "geu arreba nausia, primua, ahizpa, eta zuen ama garela... zuen laguntza behar dugu", ahots kaskatu batez "esa derecha caciquil y reaccionaria"taz aipu eginaz, probintzianoen okasiotako oihuz "Nafarroa Euskadi da" amaitzeko. (Navarrico, donostiarren kanta ezaguna "adelante bravos hijos de Artajona", zuek ere euskaldun zarete diglosia burkideak Arazurin a zein jatorrak diren bruto hauek, nire aita nafarra zen, ba nik badut pameliya Iruiñean...) eta roilo makabro horiez gaindi Xibero eta nafarren paralelismo eta paralerrotasun guziak frogatuz.
Betirik jarabea ahantzia zuen, ordea, eta faria, rossli eta Donostialdeko edanahalak birikak hertsi baitzizkioten, jarabea behar zuen, birika-idekigailua behar izaten zuen halakotan, ordurako, eguerdiko amets xurigorrien alferra argiro eta krudelki ñabarmen zelarik eta galdutako orduen solasak ostatutako atari eta zokoetan galduz, ostenduz zihoaztela. Bainan, erlojuak kontra erizten bazuen ere, denbora aurrera zihoan, gela zirtzil hartan, lehereginak, lozorrotan barnatuak, eta mozkorren arnasaz inguraturik, biordutan konturatzeko farmazia de guardia hurbilena hiriaz harantzako beste puntan zegoala eta Xiberora joateko behar genuen sosa bankutan zela eta bankuak ere hertsiak zeudela (itxita/cerrado). Gure portaerak, bestetik, berekoi eta antisozialak katalan harremanez kanpo uzten gintuan. Orduan, euskal mundu hunen dzartada eta zaframenuez gorki leher eginak egin genuen itzulia Roncalesa aldera.
|