Gau jokoak
Mikel Iribarren
Zaude ba nerekin!
Zaude ba nerekin... doi bat oraino... sutondoari so egonen gara bi-biak... eta... hitz dizut ez ditugula mihiak solas alfer, kaltagin edo poxolu horretan nahasiko. Suari so. Ixil ixilik gauden hor. Kanporatzen bazina horrela bat batean, sekulakoa bil zenezake; hotz heroak sesituko zenituzke eta zakur eztul bat ederrik harrapa zinuke, joare higuinkor hortaz gero non nahi eta beti akomodatu behar bait zenuke... zaude ba nerekin... ez dizut hitz apurrik eskainiko... begi biez keetan doan egur gazteari diogu etengabe begiratuko. Gu bakoitzaren baitako elasturi ergelak, haren iduri doazela kear tartetik zerurako... Ez, ez dizut galdatuko asmatzen duzunez zer dukedan gogoan. Ez dizut galdatuko heriotz gozorik sendi duzunez bakarrikan oheratzen zarenean negu minez berogailua ari ez denetan. Ez dizut galdatuko haurzaroan aitarik jin zitzaizunez ohe sahetserat, zure gorputz guri xuri mardoaren ferekatzaile, mihise-petik... Zaude ba nerekin... Ahoak izozterat utziko ditugu, pentsamenduak deabrutarat igorriko, sentimenduak ohizko alagietarik urrunduko, dolamenak kirolakarat doazela, eta gu gauden bi-biak. Begiratuko dugun su horrek kondatuko digu bere zorigaitzeko bizitza: nola luza luzaz gaurkoari apailatu zitzaion, eta gaur, nola zaleegiko ohargabekerian iragaiten ari zaion goza aroa. Eskatuko digu beharbada, ardura agitzen zaion bezala, laguntza ekar diezaiogun iragankortasunari buru egiten, gainekoazpiratzen, eta iraunkortasun bihur arazten. (Bien artean errazkiago garraitzen ahal ote da joankorreria?) Gudu bururat helduko garenean, pekoz-peko lurrean jarririk eta zangoak kurutzean, kafetxo batez ospatuko dugu, azukrearen urtarazteko ber goileraz behartuko garelarik... Zaude ba nerekin!
|