Eliot poetaren inguruan
Gizon hutsak
Kurtz jauna hilik
T.S. Eliot
J. Conrad-en "Heart of darkness" nobelatik
1925 Mistah Krutz he head
I
Gizon hutsak gara,
beteriko gizonak gara,
elkargainean finkatuak,
lastoz beterik kaskoa, Ai!
Gure ahots sikuak
batera xuxurlatzean
trankil eta zentzugabe dira
haizea belar igartuan
edo gure soto sikuko kristal apurtuen gainean
arratoien ankak bezala.
Formarik gabeko irudi, kolorerik gabeko itzal,
indar geratu, mugimendurik gabeko keinu.
Heriotzaren erreinura,
begi zuzenez, joan direnek
gogoratuko gaituzte, gogoratzen baldin bagaituzte, ez
galduriko arima bortitzak bezala, baizik eta bakarrik
gizon hutsak,
beteriko gizonak bezala.
II
Ametsetan aurkitzera ausartzen ez naizen begiak,
Heriotzaren erreinuan
ez dira begi horik agertzen:
Hor, begiak dira
zutabe batean eguzki-argi.
Hor, zuhaitz bat kulunka dago
eta ahotsak dira,
haizearen kantan,
itzaltzen den izar bat baino
urrutiago eta solemneagoak.
Ez nadila gehiagorik hurbil
Heriotzaren ametsezko erreinura
Jantzi nadin ni ere
han maskara egokiez,
arratoi ilajeaz, bela larruz, larre batean
makil gurutzatuak,
haizea bezala portatuz,
gehiagorik hurbildu gabe...
Ez azken inkontru hori
egunsentiko erreinuan.
III
Hau da lur hila
Hau da cactus-ezko lurra
Hemen altzatzen dira
harrizko irudiak, hemen gizon hil baten
eskutik hartzen dute eskaria,
iltzatzen den izar baten dirdirapean.
Honela da
Heriotzaren beste erreinuan
esnatzea, bakarrik,
xamurtasunez ikaratzen
garen orduan
mun egin nahi lukuteen ezpainek
harri apurtuari otoizak tankeratzen dituzte.
IV
Begiak ez daude hemen
Hemen ez dago begirik
hiltzen diren izarren haran honetan
haran huts honetan
gure erreinu galduen ormaza apurtu
honetan, inkontru-lekurik azkena.
Elkarrekin gabiltza ilunetan
eta ez dugu hitzik egiten,
hibai aseko ondartza honetan bildurik.
Ikusi gabe, baldin ezpadira
begiak berragertzen
Heriotzaren erreinu oskorritar honen
izar eternoa,
larrosa multifoliata bezala,
bakarrik, gizon
hutsen esperantza.
V
Baratzeko pikuak hiru xorten ditu
neska mutil-zaleak ankak arin ditu
ankak arinak eta burua arinago
dantzan hobeki daki arto jorran baino (1)
Idea eta
errealitatearen artean,
mugimendua eta
ekintzaren artean,
erorten da Geriza
Zeren Zurea baita Erreinua
Kontzeptzioa eta
Kreazioaren artean,
Emozioa eta
Erantzunaren artean
erorten da Geriza
Bizitza oso luzea da
Nahia eta
Ikararen artean,
Ahalmena eta Existentziaren artean,
Izatea eta
Jaistearen artean
erorten da Geriza.
Zurea baita Erreinua
Zurea baita
Bizitza da
Zurea baita
Hona hemen nola amaitzen den mundua
Hona hemen nola amaitzen den mundua
Hona hemen nola amaitzen den mundua
Ez leherketa batez, kexa batez baizik.
(1) Euskal kanta herrikoi bat jarri dut Eliot-ek sartu zuen ingeles leloaren ordez. Prickly pear, madari arantzatsu itzulpen literal batean gazteleniaz "higo chumbo" izanen zen. Lizentzi honetaz baliatzen nahiago izan dut, hitz berri bat asmatzea (hiztegi zientifiko-seksual mamotretikoak gizentzeko) edo, Mikel Lasaren arabera, "chumbera" erdal hitz kastizoa "Txunbera aldatzea baino.
|