L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren braga (1979-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

—Eliot poetaren inguruan—

 

T.S. Eliot gaurkotasunaz zenbait ohar

 

        Alianza Editorial-ek argitaratu berri ditu T.S. Eliot-en poesia bilduak, J.M. Valverdek itzulirik. Edizio hau, gainera, itzultzailearen hitzaurre interesgarri batez horniturik agertu da. Valverdek ez dio gauza berririk esanen Eliot-en irakurle hamorratuari, baina Eliot-en poesiarako oso sarrera egoki bat izanen da poeta honetaz mintzatzen entzun ez dutenentzat (eta susmatzen dugunez, hemengo parteko ziudadano gehienak sartuko lirateke azken talde honetan).

        Nahiz eta Espainiako poeta gazte askok Eliot-ekiko duten zorra behin baino gehiagotan azaldu (Gimferrer-ek, Azuak eta Arestik berak, halegia) Eliot-en obrak ez ditu ghetto urri batzuen muga hestuak gainditu. Bere kultur erreferentzi eta esanahi kriptikoezko ugaritasunak eragotzi zion oihartzunik minimoena frankismopean. Ideologia mailan, Eliot Chesterton bat bezain ortodoxoa zen, baina zerabilen lengoajea, formari zegokionez bereziki, nazional katolikoentzat hortzikatzeko hezur gogor bat bide zen (hala espainolentzat nola euskaldunentzat, zeren kasurako berdin baita: euskal eskritoreen artean irakurri zion bakarra Aresti inpioa izan behar!) Progresian, noski, ez du suerte hoberik izan: kritikalari marxistek (Valverdek berak, adibidez (1)) haren pentsaeraren funtsa eta mami atzerakoia salatu dute sarritan, eta onartu behar genduke ez zaiela arrazoirik faltatzen. Antisemitismoa, tradizionalismoa, historiaren kontzepzio ziklikoa, etab., ia ideologema kontserbakor guztiez kutsaturik agertzen zaigu. Thomas Stearn Eliot ez zen iraultzale bat izan. Eta, hala eta guztiz ere, ez zuen parterik hartu inolako pailazokeri totalitarioetan, Ezra Pound edo RAPPeko prolet-poetak bezala.

        Bere ortodoxia kristauak berak babestu zuen tentazio faszistatik (2). Ez zuen bere utopia erlijiosoa berrezagutu mende honetako estatu konzentrazionarioetan. Gaurregunean, Ilustrazioan kimatu egin zen optimismo aurrerakoia hondoratzen delarik, Eliot-en malenkonia eta mundu galdu baten nostaljia uler genezake errazkiago. Ez zen —hala esan zuen berak— igarle batere, baina, egun, haren baieztapen asko profetiko izatera heldu da (3). Eremua planeta osora hedatu da, Lur guztia "Waste Land" bat bilakatu ere. Behin Gabriel Arestik haregandikan premonizio izigarri bat hartu zuen bere Maldan Behera-n. Egun hauetan, Roland Jaccard batek "The Hollow Men" poemara jo du, azken gizonen (gure) irudi baten bila (4).

        POTT bandakook, gure blagaren zenbaki honetan, omenaldi parzial bat eskeini nahi izan diogu Eliot-en memoriari. Laster argitaratuko dugu Arestik egin zuen FOUR QUARTETS liburuaren itzulpena: aurrerapen gisa aurkezten dizuegu Quartetto baten zatixka bat (BURNT NORTON delakoaren lehen partea) hala nola gure arteko batek egindako THE HOLLOW MEN poemaren euskal bertsioa. Gainera, Adrian Herri eta Jon Juaristiren bi poema, Eliot-en omenez, eta amaitzerakoan, poeta honen bibliografia llabur bat.

 

        (1) Ikus J.M.Valverde, Conocer JOYCE y su obra, ed DOPESA, Barcelona, 1.978 103-105 orr.

        (2) Hau da F.O. Matthiessen-ek defenditu zuen tesisa: "La doctrina de la Encarnación es el punto de apoyo gracias al cual el pensamiento de Eliot se ha elevado por encima de la herejía romántica de la Deificación, típica del siglo XX. La distinción entre pensar en Dios haciéndose Hombre en el Salvador, o el Hombre haciéndose Dios gracias a sus divinas potencias, puede convertirse en la base de una creencia tanto religiosa como política. Eliot ha afirmado repetidas veces que la temeraria doctrina que supone en todo un gran hombre un Mesías, ha llevado implacablemente a la dictadura política".

        Ikus Los Cuartetos, F.O. Matthiessen, in T.S. Eliot, Cuatro Cuartetos, Barral editores, Barcelona 1.971. 26 orr.

        (3) Dirudienez, zenbait kritika marxista berkonsideratzen hasi da Eliot-en obra. Perry Anderson (La cultura represiva ANAGRAMA, Barcelona, 1.977), eta Kevin Power (Frank O'Hara, Poeta de Nueva York, in TRECE DE NIEVE, 3gn zenbaki, 1.977ko Maiatza, 45 orr.) eskritoreen eritzien aurka, ikus Terry Eagleton. Literatura y Crítica Marxista, Ed. ZERO/ZYX. Madrid 1.978.

        (4) Roland Jaccard, El exilio interior, Ed. MATERIALES, Barcelona, 1.978, 152 orr.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.