L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren braga (1979-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

—Liburu erreseña batzuk, hautapen literarioak—

 

Jean Cocteau eta bere liburu zuria

 

        Munduak onartu egiten dituela transgresioak artegintzaren alorrean baina bizimodu errealean kondenatu egiten dituela Jean Cocteau-k badakien gauza bat da. Hala ere portaera sozialki inkonfesable bat, homosexualitatea hain zuzen, asumitu eta autobiografia gisa azaltzen du literarioki bere LIBURU ZURIA delako narrazioan. Irakurri berria dugu nobela labur hau gaztelaniaz: EL LIBRO BLANCO, Jean Cocteau, Rodolfo Alonso Editor, Buenos Aires, 1.974.

        Textoa sinplea eta laua bezain xarmangarria da eta ismoen garaian gai batetik bestera koketeatzen aritu zen idazle honek bere intimitatea bilustu balu bezala denunziatzen du giza zanpakuntza eta erreibindikatzen homosexualitatea: "Beti maitatu izan dut sexu indartsua, zeinari zilegia deritxot sexu ederra deitzea. Ene bizitza malerusa, arrarotasuna krimen bezala kondenatzen duen eta gure joerak aldaeraztera behartzen gaituen gizarte batek sortu du...". Arestian esan dugun bezala Jean Cocteauk badaki botereak asimilatu egiten duela artegintzaren alorrean marjinaltasuna, bizitza errealean ezik. Homosexualitatea zanpatua da baina ez dute, haatik, gartzelara eramaten. Permisibilidadea zanpakuntza sutilago bat da. Toleranzia honen aurka ere errebelatzen da Jean Cocteau: "Baina nik ez dut onartzen tolera nazatela. Horrek eritu egiten du ene maitasunarekiko eta libertatearekiko maitasuna...".

 

 

Salvatore Quasimodo edo izadiaren poetika

 

        Aurten, 68ko maiatzaren hamarurte betetzeagatik gorasarre ugari izan den arren, oharkabea iragan da beste anibersario bat: Salvatore Quasimodo poeta italiarraren heriotzea 1.968ko ekainaren 14an izan zena Napolesen.

        Siciliako Siracusan zen jaioa, 1.901eko abuztuaren 20an. Baina hegoaldetik ifarralderantz abiatuko zen bere bizitza. Ikasketa teknikoak egin eta funzionario zibil bezala ibili zen Italian barrena, Milanen literatura irakasle eta antzerki kritiko bezala hasi zenera arte. Aipagarriak dira bere klasikoen itzulpenak baina, batez ere, bere poemagintza (1.959ko literatur nobel saria eman zioten honegatik). Bere obrak ugariak dira: Acque e terre (Florencia 1.930), Oboe sommerso (Génova, 1.932), Odore di eucalyptus ed altri versi (Florencia, 1.933), Erato e Apollion (Milano, 1.936), Poesie (Milano, 1.938), Ed é subito sera (Milano, 1.942), Con il piede straniero sopra il coure (Milano 1.946), La vita non è sogno (Milano, 1.949), Il falso e vero verde (Milano, 1.953), La terra impareggiabile (Milano, 1.958), Tutte la poesie (Milano, 1.960), Dare e avere (Milano, 1.961).

        Sakontasuna, abandonoa, gozotasuna eta melodia biguna... dira ezaugarriak. Izadia da Salvatore Quasimodo poetaren bakardadearen elikatura, baina ez dira ikuspegi mitologiko ez parnasiano ez errealistak. Biluztu egiten du poetika eta mundu anonimo eta hunkigarriak argitzen ditu bere osotasunean.

 

                "ED E SUBITO SERA

                Ognuno sta solo sul cour della terra

                Traffitto da un raggio di sole;

                ed è subito sera".

 

                ETA USTEKABEAN GAUA

                Bakoitza bakarrik dago lurraren bihotzaren gainean

                eguzkiaren printza batek zeharkatua;

                eta ustekabean gaua.

 

 

Georges Bataille

 

        "Gaur iadanik badakigu: Bataille mendeko idazlerik inportanteenetariko bat dela" esan izan du Michel Foucaultek, frantziar intelektualik konsekuenteenatariko batek. Guk irakurri berri ditugu Georges Batailleren obra bi: Histoire de l'oeil (1.928) eta La littèrature et le mal (1.957). Lehena nobela erotiko bat da eta bigarrena zortzi eskritoreen interpretazio kritikoa.

        Georges Bataille-ren bizitza arras itzaltsua da. 1.897an jaio zen Billom deritzan herrian, Puy-de-Dôme eskualdean. Dokumentalista, artxibero eta bibliotekario gisa lan egin zuen Orleans eta Parisen, zenbait aldizkaritan kolaboratzen zuen artean. 1.926an eta 1.927an tratamendu psikiatrikoa ukan izan zuen. Surrealistekin aritu zen ("surrealismoaren iskanbilan sortu zen bizitza literariora ene belaunaldia"), baina 1.930ean istiluak izan zituen Andre Breton patriarkarekin: hark hau idealistatzat eta honek hura materialistatzat salatzen zuen. Frente popularraren garaian Georges Bataille komunistak laguntzen saiatu zen, zenbait esperiantzia mistiko izan zituen, Soziologia Ikastetxe bat fundatu zuen Roger Cafois eta Michel Leris-ekin batera, 1.938an bere emaztea (Laura) hil egin zitzaion, eta aunitz aldizkaritan kolaboratu ohi zuen. Critique aldizkari literarioa fundatu zuen eta iadanik ospe eta fama handia bezain eskandalosoa izan zuen bere heriotzera arte (1.962) eta geroago.

        Georges Bataille-ren obra arras ugaria da, tankeran eta kantitatean. Nobela edo ipuin erotikoak: Histoire de l'oeil, Madame Edwarda, L'abbé C., Le bleu du ciel, Le petit, Le mort, Ma mère. Poema liburuak: L'archangélique, Haine de la poésie. Saiakera literarioak: La littèrature et le mal. Saiakera historikoak: Le procès de Gilles de Rais. Saiakera ekonomikoak: La notion de consommation eta La part maudite. Saiakera filosofikoak: L'érotisme, L'éxpérience intérieure, Le coupable eta Sur Nietzsche. Eta saiakera estetikoak: Les larmes d Eros, L'homme de Lascaux eta Manet. Bere obra aztertzen aunitz jende saiatu izan da: Sartre, Blanchot, Duras, Sollers, Barthes, Derrida, Klossowski, Foucault, e.a. eta bada liburu monografiko bat espainolez Georges Batailleri buruz edo, behintzat, preteztotzat Bataille hartzen duena: Bataille, Edit. Madragora, 1.976.

        HISTOIRE DE L'OEIL nobela erotiko bat da edota, areago, obszenoa. 1.928an argitaratu zen, Lord Auch seudonimoarekin. Narrazio klaroa da eta sinplea, daupadaka bezala lerratzen da estilo gartsu batez. Erotismo desolatu bat azaltzen du, oro obszenoa, oro posible dena baino harantzago eramana. Erotismoak eta plazerrak, oinazean eta heriotzean du bere une gorena, azken finean. Erotismoaz, heriotzaz eta askasunaz obsesionaturiko eta eroturiko buru batek bere barneko imajen mingarri guztiak jaurti behar balitu bezala. Zeren eta Georges Bataille-ri ez baitzaio sexoa eta gorputza laket, ez baitzaio natura laket. Erotismoak, naturak eta edertasunak angustia sorterazten dute Georges Batailleren baitan. Ez zaizkio laket "haragiaren plazerrak", insipidoak eta gezak direlako. Zikinkeria eta desenfrenoa gustatzen zaizkio, gorputza eta pentsamendua ez ezik, imajinazioa eta zohardi izarreztatu guztia ere mantxatu egiten baitute ("ilargia amen odolarekin eta hats higuingarrizko menstruazioekin elkartzen dut"). Erotismoa obszenitatea da eta heriotza askatasunarekin nahasten da angustioski.

        LA LITTERATURE ET LE MAL 1.957an argitaratu zen Parisen. Kritika literariozko saio bat da eta zortzi autore maradikatu interpretatzen dira literaturaren eta maradizionearen ikuspegitik. Literatura erruduna dela aitortzen da. Literatura esenziala ez bada ez da deus. Literatura inposibilitate posible bat besterik ez da, xarmangarria bezain higuingarria da, alferrezkoa bezain beharrezkoa da eskritorearentzat. Literatura komunikazioa da, baina komunikazio benetakoan gaiztotasuna datza. Ekintzak eskubideak ditu baina literaturak ez. Literatura haurtzaro errekuperatua da, ez du eskubiderik. Erruduna da, beraz, inposibilitatearen errudunak.

        Georges Bataillek zortzi eskritore maradikatu aukeratu zituen, aitorpen eta transgresio honen modelotzat: Emily Brontë, Baudelaire, Michelet, William Blake, Sade, Proust, Kafka eta Genet. Lautremont falta dela ohartzen du hitzaurrean Georges Bataillek. Lautremont ez ezik hamargarren izen bat ere sartuko litzateke egun: Georges Bataille.

 

 

Bilbao

 

Blaise Cendrars

 

Nous arrivons bien avant l'aube dans la rade de Bilbao

Une crique de montagnes basses et de collines à contre-jour noir velours piqué des lumières de la ville

Ce décor simple et bien composé me rappelle et au risque de passer pour un imbécile puisque je suis en Espagne je le répéte me rappelle un décor de Picasso

Il y a des barquettes montées par deux hommes seulement et munies d'une toute petite voile triangulaire qui prennent déjà le large

Deux marsouins font la roue

Dès que le soleil se lève de derrière les montagnes

Ce decor si simple

Est envahi

Par un déluge de couleurs

Qui vont de l'indigo au pourpre

Et qui transforment Picasso en expressionniste allemand

Les extrémes se touchent

(Feuilles de route, 1.924)

 

 

Parkeen luzapena

 

Julio Cortazar

 

Egun batzu lehenago hasita zegoen nobela irakurtzen. Premiazko negoziaketa batzu zirelata alboratu zuen, berriro baserrira trenez zetorrela irekitzeko pertsonaien irudi eta mamiaren interesgarrira abandonatzen zen astiro astiro. Arratsalde hortan, apoderaturi gutun luxe bat idatzi eta maiordomoarekin aparzeriari buruzko arazo batzu eztabaidatu ondoren liburura berbihurtu zen ariztuiko parkera beha zegoen estudioko lasaitasunean. Aserotuta bere besaulki kutunean, ateari atzea emanen, zeina molestagarri zitekeen intrusiorako posibilitate moduan, ezkerreko eskua libre utzi zuen fereka zezan behin eta berriro herenile berdea eta azken kapituluen irakurtzean hasi zen. Bere gogoan batere nekagabe pausatzen ziren protagonisten izen eta imajinak; lilura nobelatiarrak berehala garaitu zuen. Ia plazer maltzurren gozatzen zuen inguratzen zuen orotik lerroz lerro desataltzea, eta une berean senti egitea bere burua lasaikiro deskansatzen zela errespaldu garaiko herenilean, zigarroek eskumendean jarraitzen zutela, beirategitik landa arrastiriko airea dantzatzen ari zela aritz pean. Berbaz berba, heroien hautamen zekenak eroanda, batzen, koloretzen eta mugitzen ziren imajinetarantz joaten utziaz, basoko etxolan suertatuko zen azken enkontruaren testigantza eginen zuen. Lehen emakumea sartu zen, susmati; orain amorantea zetorren arpegia arantza urratu batez lastimatuta. Mira egiteko legez mihizkatzen zuen bere mosuekin haren odola, ostera, harek uko egiten zion, ez ziren etorri eskutuko grina baten zeremoniak errepetitzera, horbel eta bidetxior furtiboz osatutariko mundu baten babesean. Labaina gerota areago berotzen zen papar ondoan, eta han azpian makurtuta taupadaka libertatea. Berbaketa antsigarri bat limurtzen zen horrietan zehar zeinda suge erreka bat balitz legez, eta oro aurreztik, betidanik, erabagia zegoela susma zitekeen. Amorantearen gorputza estaltzen zuten xerak ere, eutsi eta eritzitik alda erazi nahiez, nardagarriki dibujatzen zuten deuseztu behar zen beste gorputz baten irudia. Ezer ez zen izan ahantzia: koartada, zoria, litezken erruak. Hemendik aurrera une bakoitzak bere enplegua xehetasunez izendatuta zuen. Birpasa gupida gabe bat egiten zen bitartean apenas zegoen bekaina ferekatzen zuen eskuarentzat tarterik. Iluntzen ari zen.

        Iadanik batak bestea behatu gabe, zain zuten zereginari hestu lotuta, etxolako atean banandu ziren. Emakumeak ipar aldera zeraman bidetxiorrari segitu behar zion. Kontrakotik gizona bueltatu zen instaño batez bestearen ilea korrikan, airean, ikuste arren. Berak ere arineketan egin zuen, arbola eta hesi ostetan gordez, arrastiriko malba artean baserrira zeraman zumardia berezitu zuen arte. Zakurrek ez zuten hauzirik egin behar, eta ez zuten egin. Maiordomoa ordu horretan ez zen izanen, eta ez zegoen. Atariko hiru harmailak igo zituen eta sartu. Belarri barrenean galafan zebilen odoletik emakumearen hitzak zetozkion: lehendabizi areto urdin bat, ondoren solairu bat, eta alfonbraz jantzitako eskilara. Goian, ate bi. Aurrenengo logelan inor ere ez, bigarrenean eztaere. Estudioko atea, eta orduan labaina eskutan, beirategiko argitasuna, herenile berdezko besaulki baten errespaldua, nobela irakurtzen ari den gizonaren burua han besaulkian.

 

 

Amodiozko istorio bat

 

Bruce Springsteen

 

1. atala. Candy-ren gela

 

Candy-ren logelako paretean eskegitzen dira bere heroien irudiak

baina Candy-ren gelara iristeko Candy-ren hall itzaltsua

gurutzatu behar duzu,

jende ezezagunak dei egiten du ene laztanaren numerora

eta jostailuak eroaten dizkio,

noakionean bera eder, irribarrean;

badaki Candy-ren kutuna izan nahi dudala,

tristura eskutu bat dago arpegi polit horretan, tristura beregan,

nondik inongo gizonek salba ezinen duena,

 

Laztantzen gara, haren ezpainak ikuitzean

ene bihotza zainetako odolaren oldarra bultzatzen ari da burmuinera,

pasaiatzen ari gara, gauaren hondora bidaian,

ni argiaren barrenera bidaian Candy-ren begietan,

 

berak dio, fantasiadun mutikoa izan nahi baduk ikastekorik falta zaik,

itzal hire begiak, utz dezagertzen, laga erretzen,

zeren ilundura haortan munduak egonen dituk, ostenduta disdiratan,

zeinak nereganatzen dudanean neure bihurtzen ditu,

 

Soineko politak eta diamantezko erhaztunak dauzka,

gizonek nahi duena ematen diote,

baina haiek ez dute susmatzen berak maite duena neu naizela,

ene!! eta nik horrelaxe maite dut,

nehoiz ez diot alde egiten utziko, ez, ez,

badaki ondo eman ahal nuena eman diodala,

nahi dudana oro, bizi dudan guztia

Candy neurea egiteko gaur gauean.

Darkness on the edge of town
(Candy's room)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.