«Euskalduna izan edo zenolako prakak jarri»
Potta seme
Urtero bezala, udara gertu dagoenean, betiko problemarekin topo egin, eta hor ibiltzen naiz burua hautsiz gora eta behera. Jakina, negua epoka triste eta iluna denez gero, askoz errazago da norberaren kontradikzioak estaltzea, jendea ez baita hain erraz konturatzen horretaz. Badakizu, bakoitza bere arazoekin nahiko larri dabil eta. Baina, eguraldi ona ailegatu eta jendea pozik hasten da bere burua kanporatzen, trauma guztiak zokoratuz. Eta orduantxe bertan sortzen zaizkit nere larritasunak, ene zalantzak.
Ez esan niri gaur egungo bizimoduan besteen iritziak ez duela batere garrantzirik. Eta ez didazue esango pertsona baten itxurak ez daukala zer ikusirik horretan behintzat. Euskaldun zintzoa naiz, eta trebea gainera. Abertzale sutsua, dudarik ez. Baina, nola jakinerazi hau besteei? Zer egin jendeak ikus dezan ene zintzotasuna argi eta garbi?
Lehengoan kristoren eztabaida eduki genuen lagun batzuren artean. Hauxe zen hauzia: ia nola bereiz zitekeen euskaldun zintzoa bere portaera eta itxura ikusita. Nola jakin liteke zein den sasieuskaldun horietakoa eta zein osoa, betikoa, hau da, gutarra. Ni ez naiz inoiz eztabaidazalea izan, eta pentsatzen dudanez egun hartatik. gutxiago. Ez baitut gehiago anka berriro sartu nahi. Baina egia esatekotan, kulpa ez zen nerea izan, nire lagun batena baizik, adiskide hori tipo jakile eta ikasia benetan, hori bai. Txapela janztean ikusten omen zen euskalduna, zioen lagun horrek. Ezkerrarekin jantzi behar zela txapela, eta gainera, beharrezko zela ezkerraldera okertuta edukitzea buru gainean. Bazegoen beste baldintza ere, derrigorrezkoa, koloregabeko txapela izatea, beltza, esatebaterako. Eta hau beti izan omen da hala, aintzinako kontua halegia, aspalditik datorkiguna, eta hala izan beharko omen du betiko.
Orduan, gurekin zegoen beste lagun bat, adarjotzaile fina eta ardozalea, hasi zitzaion errespuesta botatzen, eta han istiluak! Lehenbizikoz, kontu den horik hutskeriak zirela, txapela erabiltzea ez zela ohitura zaharra. Zumalakarregiren denboran zabaldu zela moda hori eta, ia karlistak txapela gorriak erabiltzeagatik ez al ziren euskaldunak, eta nola bera ere asko estudiatu zuen tipoa zela eta liburu bat hartuz hauxe irakurri zion:
Diálogo entre la gorra y la cabeza
Gorra: ¿A qué propósito me has puesto sobre el ojo izquierdo dejando toda la parte derecha de la cabeza descubierta?
Cabeza: ¿No ves cuanta mayor gracia da esta manera de llevarte que la otra? Mira como parece bien esta sombra que hace sobre el izquierdo lado a las damas que parecen por las ventanas, y el ojo mismo muestra cierta fuerza más atractiva que el derecho que va descubierto.
Zati hau idatzi zuena ez zela euskalduna, esan zion, sevillanoa baizik. orain dela ia bostehun urte jaioa, moda hoik toki guztietan izan zirela eta betidanik, adierazi nahiean.
Beste laguna izugarri haserratu zen hau entzutean, baina hala ere, gehiago haserratuko zen nik esan behar nionarekin.
Nik azaldu nion nola nire aitonak, nahiz eta euskalduna izan, ez zuen txapela ezkerrarekin janzten.
Eta gainera euskaldun bene-benetakoa, erdaraz ez zekien horietakoa. Eta besteak, harrituta, ia zergatik. Nik orduan: ba erraza, mutil, erraza, besomotza zelako, ba.
Ez dakit inoiz berriro lagunduko garen, baina badirudi zaila izatea. Hala eta guztiz, aldendu baino lehen bota nion bestea: bai. egia da nire aitonak txapela ezkerraldera eramaten zuela, baina ba al dakizu zergatik? ba, buruko parte horretan kaskasoil zelako eta nola hain lotsati zen ba, jakina, txapelaz tapatu behar.
Orduan, ondorio hau atera daiteke: txapela daramaten guztiak euskaldunak badira, burusoilak direlako izango da noski, horregatik berrogei urteko baino gazteagoen artean hain euskaldun gutxi dago.
Baina; konklusio interesgarri hau amaitu baino lehen, nire lagun jakintsuak alde egin zuen, eta han geratu nintzen bakarrik ene burutasunekin.
Oso kezkati naiz, eta ez nintzen lasai geratu. Bere sustraien bila dabilen tipo batentzat guztiz normala, ezta? Benetako euskalduna ote al naiz? Ze iritzi ote daukate besteek nitaz? Ni beti ahal dudana egiten saiatzen naiz ene prestasuna erakusteko. Horregatik kriston dudak sortzen dira ene barnean, adibidez, nik, euskaldun zintzo batek bezala, nola erabili behar dut euritakoa? Zein koloretakoa beharko du izan? Eta lepotik zintzilika badaramat nire aitonaren moduan, lankideak ez al dira parrezka hasiko? Eta hala bada, orduan nor euskalduna, ni ala haik? Eta lepotik zintzilika ez baldin badut eramaten, nola eraman? Ba, eskubia libre egon behar duenez gero, ez nuke nahi hor nonbait guardasola ahanztea.
Laster Europako Merkatu Komunan sartuko ote garen eta, dudatan, hasi nintzen pentsatzen ia Europako parte hoietan zer egiten zuten, zeren diotenez nazio horiek asko aurreratu omen dute azken urte hauetan. Gainera normala da ustea Europatik datozen haize garbiek ez digutela batere kalterik egingo. Euskal Herrian betidanik kaso haundia egin diegu Europatik zetozen ohiturei, eta ez nahi duenak sinestu, gogora ditzala Padre Islak egindako bertso haik bere «Fray Gerundio de Campazas» obra famatuan (orain dela ia laurehun urte):
«La que nació en Castilla
aunque sea la nona maravilla,
no se tiene por bella
mientras no hable como hablan en Marsella.
La extremeña, manchega y campesina,
afecta ser de Orleans. La vizcaína
entre su Jincoa y Etcheco Andrea
nos encaja un Monsieur Goicoechea.
....Yo conocí en Madrid a una condesa
que aprendió a estornudar a la francesa».
Eta Europako gauzak guretzat ere egokiak izango zirela pentsatuz, pozik onhartu nuen orain dela gutxi Veneziatik ekarri zidaten euritako laranjatua. Guardasola laranjatua eta «unisex» gainera, hau da, bai emakume eta bai gizonezkoentzat. Baina agudo konturatu naiz ez gaudela oraindik behar den moduan mentalizatuta, zeren jadanik bigarren egunerako deitzen zidaten kaleetatik: «rarillo», «rarillo», ene guardasola ikustean.
Eta zer esan ile adatsi buruz? Gazteengan modan dago gaur egun ile luzea uztea. Zer ote da hau euskaldun batentzat, ohitura ona ala txarra? Zer esan Inglaterratik datorkigun moda madarikatu honetaz? Oraindik gogoratzen naiz nola aitonak esaten zidan ni ume nintzela nola euskaldun zintzo eta formala izateko eraman behar zen ile motz motza eta lepoatzea garbi garbia, baina ez naiz ziur hori benetan esaten zuen ala olgetan, «kalboso» zelako. Iadanik ez dut txapelarik erabiltzen, zeren oso kaltegarri omen da, ilea oso erraz erortzen baita, roain ileorde bat daramat buruan, baina jendeak zergatik deitzen dit «marikoi»? Nire adiskide kutunek eta baita neska batzuek ere badakite ez naizela eta hori gezurra dela, orduan zergatik burla hori? Ez al ziren ba ibili Azkoitiko jauntxoak eta Altuna jauna (Rousseau-ren adiskide mamia) ileorde nabarmenez jantzita? Bai?, bai orduan zergatik Azkoitiko «bar Txoko»-an nengoela ostiaka eta kaguendioska hasi ziren nirekin lehengo astean? Ileordea, euskalduna ala ez? Ez dezagun inkesta bat ia zer esaten digun. Pozik hartuko dut nik erresultatua, baina bitartean ia mesedez pakean uzten nauten!
Ondo zeok Erronkariko aditz zena estudiatzea eta gramatika bat egitea, ondo zeok sustraia bila ibiltzea eta jakitea «duke» forma ez dela nobleen titulua bakarrik, baizik eta denok erabili behar dugun aditz moeta bat, ondo zeok euskal kuzina berria sartzea nahiz eta nik ez eduki hirumila pezta estilo bikain hori afari batean patxadan dastatzeko, baina non ditugu teorikoak, noizko euskal janzkera berriaren teoria? Hil zitzaigun Balentziaga gizaixoa, Paco Rabanne donostiarra Paristik dabil txapazko jantziak egiten uda Montecarlon pasatzen duten milioidunentzat. Auzmendi berriz Donostiatik baina ez dakigu oraindik noizko izango den bere «Euskaljanzkera berria» eskuliburua, eta bitartean zer?
Gidari ideologiko bat beharrezkoa da noraezean gabiltzenontzat; badakit gehiegi dela John Travolta-ren kamiseta batekin ibiltzea Motrikuko kaleetatik baina zer egingo dugu ba, «bai euskarari» kanpainako kamisetak aspaldi agortu ziren eta?
Lehengoan ideia bat izan nuen, ez dakit oraindik zuen iritzia baina ia zer iruditzen zaizuen, tira, nik uste dut benetako euskal kamiseta Bilboko Atletirena dela (eta ni giputza nauzue), zeren oso ondo nahasten baititu guri komeni zaizkigun bi funtsezko koloreak: bata, zuria, inozentzia eta garbitasunaren sinboloa, bestea, gorria, gure marxismo eta sozialismoaren froga, gainera Realaren zuri eta urdinari gehiegi ikusten baitzaio jesuiten kutsua, ken diezaiogun intsignia itsusi hori (noiztik lehoiak Euskadin?) eta goazen ipintzera beste zerbait, zuhaitz bat esate baterako, eta hala denok kontentu, gure tradizioei uko egin gabe. Beste gauza bat, hemen txarto dagoen guztia aldatu behar da, ezta? Jakin dut San Mames futbol zelaia berritzera doazela, beste ideia bat, zergatik ez esan zuzendariei tribuna eta harmailak egiteko euskal frontoi baten itxurarekin, pareta ezker aldean duelarik noski, eta modu honetan hemendik aurrera San Mames izango litzateke ez bakarrik euskal katedrala (etika), baizik eta euskaldunok esentzia guztiak gordetzeko erabiliko genukeen tokia (metafisika).
Badago Bilkotarrekin zer ikasirik. Gipuztarrak beti oso xinpleak izan gaituk. Ez degu ikasi nahi eta. Gu beti baserrian artoa jaten, eta gero ergelkeritan. Entzun gipuzkoar bertsolari txatxu baten esanak:
«Kalipso ta Eukaris
ninfa guztiakin
ez dira neurritzeko
nere maiteakin;
LARRU txuri ederra
ille beltzarekin,
txoratuko zinduzke
bere begiakin».
Txoro hau hauzoko baserriko neska ninfa guztiekin konparatzen. Begira bestea:
«Nola ez sutu, zure begiyak
baitira txinparta-botalariyak?
Illiak egiten dizu, berriz,
diamantiak bezela diz-diz;
zoragarriya,
ai, nere biotzeko Mariya,
zuregatikan galdu naiz iya!».
Ilea diamantekin konparatzen, aspaldi galdu zinen, motel. Orain esaten den moduan, ez zera aklaratzen, gizon. Hara, nola ibiltzen ziren sasoi Bilboko neskak:
«Hállanse ordinariamente en la plaza de Bilbao más de cien mozas vendiendo todas cosas de mantenimientos. Todas estas mozas están destocadas sin tener cosa alguna en la cabeza; todas tresquiladas, porque tal es la costumbre de la tierra, que todas las docellas andan las cabezas sin cabello y descubiertas hasta que son casadas».
Ez da harritzekoa gaur egun ere hainbeste feminista ikustea Bilboko partean. Beti ibili dira aurretik eta. Ze andregai komeni ote zait gehiago, Bilboko feminista horietako bat ala bestelako neskato zintzo eta formala? (bigarren talde honetan badago aukerarik, joan zaitezte bestela igande arratsez Zarautza). Badirudi gaur egun talde politikoren pegatinaz josita ligatzera joateak ez daukala orain urte pare bat zuen indarrik, eta ez zara "Euskalduntzen. Bi" liburuaz egunero besopean ibiliko. Ene ustez, sekretua praketan datza. Hona hemen uda honetako praka diseinua: gorriak eta hestu-hestuak, «paketea» markatuz. Lehen praka gorriak janzten zituenak deabrua (edo Galtxagorri) omen zen; uste dut XX mendean ez dugula sorginkerian sinestu behar.
Zergatik kolore hau aukeratu dugun? Ba, XV mendean kaparetasun seinale zelako, aitonen semeek erabiltzen zituztelako. Motibo asko dago kolore hau hartzeko. Sartu taberna batean, horrelako galtza hestu batzuekin, fardela ondo markatuz, eta baietz berehalaxe neska guztiak hasi lizunkeriaz begiratzen. Kontuan hartu gauza bat, begira toreadoreek zein arrakasta haundia duten neskatan, eta ze gutxi baserritarrek, esate baterako. Egia da, nola ibili leike neskatan lohihartzeko, edo mila-arraiako praka zabal horiekin?
Non aurkitu gure herriak duen gusto honen funtsa? Berriro zezentoreadorearen exenplua hartuz pentsatzen dut hau gertatzen dela, gu oso herri zezentzale garelako, pentsa ezazue momentu batez, festa guztietan zezenak, Pasaian, Iruinean, Tolosan, Deban, Leitzan, eta abar, beti adardunen aurretik korrika, suzko zezenak, Euskadi dena zezen-plazaz betea daukagu (euskal kromlech megalitikoen haztarnak hirietan akaso?), guztiau Historian zehar garbi agertzen zaigu, orduan guztiz normala honek nolabait kutsatzen bagaitu. Baina egia da, baitaere, oso lotsatiak garela, nor ausartzen da lehenbizi hola jantzita kalera ateratzera?
Aholku bat, hola kalera irtetzen den pertsonak ez du batere beldurrik eduki behar, zeren, nahiz eta berak ez jakin, bere janzkera guztiz koherente baita gure nortasun eta tradizioekin.
|