L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren praka (1979-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Etengabean

 

Ibernalo

 

Oihan anonimoak, guztiz, errekorrituko ditu nire mingainak urtarrilak euritzen dituen hodei gorria izan nahiean, globo itzel bat olazko tronpeta batez puztearren. Lur eta harriak, xori eta urak beraien jatorrizko izena berreskuratu nahi izango dute eta hortaz ere saiatuko da nire mingaina. Orratzik gabeko erlojuak ereingo ditu eta orain galdu batean lokarturik, suzko sabeletan igeriko eta amestuko zure ezpainen goxoak. Zeta moreaz jantzido ditu honena eta harena nire mingainak eta zure begiradaren irudia eramango ume biluzi baten hatzamarretaraino. Ardo baratzan, edo kanpandorre batean, zuri lotuko zaizu, sakonki, bat egingo duzue; leuntasun isilen hareaz eta sustrai zurixkez, mintzo mutuen oihartzunaz eta hegal zabalez, pizti itokatuen negarraz eta garrasi galduez izango da zuen ohea eta nik zure usainak laztanduko ditut, etengabean laztanduko ditut.

        Amaren laku ekortuak oroitzen ditut azken arratsean bularzuloetatik horbelak isuriz, bere itzalaren gortinak haragi eginik. Espaloi higatuen abiadan hots kiskaliak so odolezko hatzamarrei eta pixkana pixkanaka beirazko hirien belaunetaraino jeitsiz petril margoduen ondora non altzairu biluzia elikatzen den jaiegunetako donzeilen izurduretatik. Maite zaitut, maite, argi ezmarraziak ezohizko zainetan direnean, hibaiertze gaineko gruen bokal urdinetan, metafora ozenen senetan, azken arratsean. Tanttaz tantta, bularrez bular, piramidez piramide, zure esaldi irakinetan barreiatzen ditut ezhizkien esangurak, bokalak labainen tontorrean zelatan, kontsonanteak ezamodioen ezinean huts perifrastikoetan tartekaturik. Gorrotatzen zaitut, ama, gorrotoa, alfabeto hertsien paretan, marrubi usaina daroien hegaldun koroietan, azken arratsean. Hil bedi nitaz erditu zen andrearen haragia: armiarma malkoak isuri bitzate eradoski zidaten bularrek. Azken arratsean oroitzen ditut amaren narru ustela, begiradaren bokal trixtea eta uteroaren iturri lehorra. Maite zaitut, ama, minez maite, azken arratsean, ilunabar hiletan, gorrotatzen zaitut, ama, halabeharrez, azken arratsean, ama.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.