Dena hasi zen afaria orduko. Dagoeneko itsas ertzeko bidean gindoazela Maria kontari ziharduen lasaidurazko metodoetaz; berari guztiz ondo joan zitzaiola, mesede haundi egiten diola eta umeegatik ez balitz sarriago eta segurutik konzentrazio hondoagoakin egingo lukela. Kontrole mentaletaz, ostera, zer esanen dizuet..., nik ez dut horren itsuan hartzen; egia dena behintzat zera da, han, geunden lekuan, sikosi jenerala zegoela; hala eta guztiz ere ni ez nintzen alphara heldu, ez gutxi gutxio ere. Monjetako ejerzizio espiritualak edo etsaminak atera behar zirenean amabirjinarekiko fedea oroitzen zitzaidan. Irispideak arras desberdinak badira ere azkenpundua bera bait da. Honela zioskun Mariak.
Afalorduan beste gauza batzutara jo genuen, nola orio ezerrearen bentajak kiskalduarekin konparatuaz edo klandestinitatean prestatzen ziren plater oparoak. Zerbitzariaz, mutiko gaztea berau, errukitu ginen sukaldariak guztion aurrean (jangelan sei bat mahain beteta zeuden) lotsatan jarri zuenean. Horregatik, kontsola nahita edo, alde egitean eskupeko luzea laga genion kontuorri gainean.
Bi autotara sartu ginen. Portua argitan ikus zitekeen. Harantzago merkante pare bat hondoratuta aldiaren zain. Luzaro ibili gabe kafetegi bat aukeratu genuen, zeinean, lasai, berriketan segitu. Begira lotu ginen hango apainduria. Kamareroak, printzea ematen zuen, esplikatu zigun nola Gales-en aiton-seme bakoitzak bere leinuaren ikur, hemen harmarria lez, ohial mota bat zeukala, dibujoan diferentziatzen zena. Han berrogeitamar baten muestrarioa agerian zegoen. Hamalau urtez erosi zizkidaten fraken jatorria zein ote zen kontsultatu nuen. Besteak ere beste hainbesteko bat egin zuten. Grazia egin zigun Dabid, fubolari belaunburuak ageria eta, gaitari omenaldi bat egin zitzaionean, gona laburrez kalerik kale atera zenen akorduak.
Bainan ikusten zenez gau hartan ezin gintezkeen haseran markaturiko hartatik desbideratu. Edaria eskatu genuen. Ondo gutxitan ikusitako trebetasunaz zerbitu gintuen. Hizotz artera bota zuen likidoa eta ondoren etorri lantxe joan zen. Egarriz baino desira areagoz atakatu genituen kopak, zeintzuk porzierto, beste nonbait ere begiztatuta nituen. Onantza zegoen imintzioa elkarri egin genion. Banan banan denetarik dastatu nuen kuriositate soilez. Erre egiten zuten Mariarenak ezik; honena geldoa zen eta zeukan kolore gorrixkagatik pentsatu nuen azti aprendizei ematen zaiena izanen ote. Elmak galde egin zion Mariari lehen guri kontatu ziguna. Berriro, zehatzago, kontatu zigun izandako saioak. Lok horrelako gauzak beldurra ematen ziotela aitortu zuen. Tragoxka bat irentsi eta baxera kaobazko mahainean laga genuen.
Isilguneak sortzen zirenean, luzeegi eta tentsiogarri ez zitezen izan edo, batek hausten zuen. Alimari suertatu zitzaion. Bera ezkon aurrean, Barcelonan arkitzen zen senargaia bisitatzera joanda, eta lehengusina baten etxean ostatu egiten. Behin kalean zebilela gona batek keñu bota omen zion aguantatu ezinean. Galde eta aprobatzearren denda barrenera sartu. Gauza biak egin zituen eta gainera erosi ere. Lehengusinak itaundu zionean non erosia zen eta berak arrapostu, burua ebatu omen zuen esanez ez bekiola berriro okurritu ere egin denda hartara hurreratzerik, zeren, behin, sartu zen atetik irten bazen, behar bada bigarrenean ezinen zuen. Handik egun batzutara berripaperetan agertzen zen, ez misterio gabe, emakume gazteen trafikora dedikatzen zen internazional kate baten salapena. Barcelonan zein denda zireanen zurrumurrua barra barra zebilen kalean. Artean huraxe zegoen. Oraintsuko kasutara etorri ginen, Bilbon bertan ematen zirenetara, zera bezala, zinera joan ziren neskatxena. Ba, hemen, sartzen dira bi neska zinera eta handik laster atso bat paratu zitzaien ondoan. Filma abiatu zen. Berehala atsoari zorabio antzeko bat ematen dio eta neska bati kanpora lagun zezala eskatu zion. Eta gaurdaino. Atalzainak ikusi zituen bainan ez zuen ezer somatu; auto bat hartu omen zuten.
Kasu honek ia hauzoan jazotako bat kontatzera eraman ninduen. Bigarren urtea orain dator. Abuztua. Eurite egun batzu izan ziren, egun berean ere hala zen. Bada, errekak gainezkan zetozen. Ez dakit errekaren izena zertan aipatu dudan. Kontua zera da, umea sukaldean zebilela koadernoan (berantago ikusiko nuen). Letra bat burutzen ziharduela lapiz mokoa eten zitzaion (koadernoan argi ageri da letra egin gabe dagoela). Jagi zen alkitik eta... harrez gero... Erreka bat doa etxalbotik, bainan ez uste, bere sei urte haretan entzun zuen gauza bakarra hara hurrera ez zedila izan zen. Gertakizun biluzia da hau, bainan zoritxarrak ez zuen ondorio gozoagorik ekarri. Luzaro jarrai zen arrastoaren atzean; Opustik hasi, umezaletatik pasa, egun batzu aurretik neskatoakin berbetan egon zirean andre birekin segitu (gero moja koitatu bi zirela ikusi zenean pista hau alfertzat laga zen) parasikologo bitzukin nahasitu eta bitartean, zenbait egun zain egon ondoren, basomortuan eskeko gajo bat atzeman (goardia zibilek parte hartu zuten esanak esan eta gero), bainan egundo ez zen ustea errekako uretan ezarri.
Bukatu nuenean nabari zen defentsa gabe arrapatu nituela. Behar bada beraien semealabetaz pentsatzen paratuko ziren.
Neu ere gogoratzen naiz, segi zuen Lok, Saint Patrik merkantea galdu zenean nola pasa genuen. Japondik Vancouvera karga zeraman eta aguroago egiteagatik askoz ere gutxio nabigatzen den bidea hartu zuen. Itxura denez barkuak hondaturen bat jasan zuen, harkaitzen bat jo ote zuen; dena den behintzat ibili ezinda lotu ziren. Han Alaska gaineko itsasoan tenperaturak 30 eta 40 gradu azpitik dira. Barkua abandonatu zuten (zeren misterio guztia hemendik dator; gorpurik ez zela barkuan arkitu) lurrera egiteko. Eta hango paraje mortuetan, personarik bizi ez zen lekuan, basa piztiekin eta zegoen tenperaturaz... Zabaldu zen harmamendu karga zeramala klandestinitatean. Bainan ez dut uste. Berez zurrumurru hau aberatsa da bertatik beste mila ateratzeko. Ni neu ezetzean nago. Agian esanen didazue guztia arrazoitu behar dudala zeren azken finean neu ere makinista naizelako eta ezinen nukelako onhartu nere lanean honelalko arrisku misteriosik, hobe litzaidakelako dena makinaren erruan imiñi.
Dabid orduan arte mutu paratuta zegoen. Bere tono baretuan esan zigun, galdera antzera, ia letu genuen El País egunkarian zekarren artikuluxka bat; erdi-benetan erdi-eszeptiko eginda Madrid.eko luma batek. El País igandetan baino ez genuela hartzen suplemento agatik eta konta zezala. Berarekiko irribar egin zuen hasi aurretik. Bada, zioen, neska bi Costa del Solera kontuan atera ziren, eta ezer ez autoa gasolina premian arkitu artean. Orduan sartu ziren postu batetara, eskatu, bete zieten eta ordaintzera doazela diru-paper harekin ezin zutela pagatu. Pentsatzekoa den lez harridura ez zen makala izan. Esplikazioak ematen hasi zitzaizkienean (enpleatua bera ere mirari edo adar joteren bat ote zen) esan zieten Hegoamerikan arkitzen zirela eta ez Sierra Morenan heurak usten zuten bezala. Datatzen zuenak deus ez zuen gehitzen, ostera, ageria zen horrenbeste entzuten diren gauzen parean ezbaia; zeina azken batez, orain arte mantendu dugun ezetzaren bistan, amor emate bat baino ez zen.
Autoa, bidea. Honek hiru aldetik entzun berri neukan beste kontaera bat oroit erazi zidan bainan Lo ni baino arinagoa izan zen kontatze momentuan. Ezagutzen nuen konplazimenduzko keñu bat eskeini nion eta bide librea laga. Irundik Lesakara bitartean agertzen ehi da auto stopingen neska bat, arrunta, behintzat atentzioa deitu ez egiteko modukoa. Auto atzekaldera igoten ehi da eta buelta txar bat datorrenean, bide guztian ez dizu tutik ere esaten, diotsu kontuz joan zaitezela bera ere han hil zela eta. Ostean desagertzen zaizu. Beste bersio bat ere gutxienez badago, lekuaren barianteaz soilik. Erdi txantxetan elkarri agindu genion situazio horretan jar dedila. Irribarretik areago ez ginen joan.
Bitartean kopak ustuz joan ginen; ipurdia bistan zeukaten. Berriro edari bera eskatu genuen. Kamareroak, Cronwell bera zerbitu behar balu lantxe, prestu oso gure gogoa bete zuen. Bertan lotu zen (apenas zegoen beste enparaurik). Gureak baino askoz errealagoa kontatzera zetorrela gehitu zigun. Humoretsu. Bere hauzoko gizon bati gertatutakoa, gainera herrian nahiko ezaguna dena. Hauzotar mantso hau bazegoen emaztearekin ohean, gauez jakina, honek zarata hotsa aditu zuenean etxe barrenean. Lehendabizi ez zion kasorik eman, bainan temati segitzen zuenez jagi zen zer ote zebilen ikusteko asmotan. Baezpare argirik ez zuten piztu eta ohin puntetan zihoan. Konturatu gabe zabalik zegoen ate ertzakin izan zuen lehen enkontrua, horren suerte txarrez, ezen zauri bikain bat ireki zitzaion. Etxe guztiko argiak piztu ziren. Odola zeriola. Andrea hestu. Osagilea deitu zuten. Beronek garbitu eta laster asko lau puntada eman zion. Dakizuenez lapurrentzat astirik ez zen geratzen. Osagilea joan eta andra-gizonak sartu ziren berriz ohera. Hainbeste atzeraurrez gizonaren estomakua endregatuta zegoen. Komunera sartu zen gauzak onera etor zitezen. Katilu gainean zirauen bitartean zigarroa isotu zuen. Poxpolua, etxeak sua ez hartzeagatik, ankartetik komunera bota zuen. Ez zen konturatu zauria osatu zioneko guate eta alkohol hondarrak ere hantxe zeudenik. Jakina, honek ere sua hartu zuen eta ipurdi eta barrabiletako bizarrak garretan jarri zirean. Itxuraz gizona basati antzekoa zenez, basatia iletsua zen heinean, soin enparauko guztia maluskatu zitzaion. Kustiñoa da erretura grabeak zirela. Anbulantza deitu zen. Etorri. Kamilleroak imiñi zuten ohatillan. Andrea nerbio atake batek hartuta zebilen. Zuridunak galde egin zioten andreari zer suertatu zitzaien, eta honek barra barra goitik behera kontatu zuen Eskilaretan behera zetozen. Entzutean kamillero batari beste atake bat eman zion, baina barregura atakea. Kamilla eutsi ezinda askatu zuen. Gainean zetzan errugabea berriro zoritxarrean nahasituta gelditu zen. Oraingoan sorburua hautsi zitzaion. Azkenean zelanbait hospitala alkantzatu zuen. Burutu zueneko nahiko barre eginda geunden. Berriz ere errepika zigun hau egia egia dela. Alde egin zuen barreka okerturik uzten gintuela.
Ematuz joan ginen astiro astiro. Kopak dastatzeke zirauten. Handik hamabosterako beste afari bat antola genuen. Frantzesa arintzeko uda-ikastarorik inork ezagutzen zuen, itaundu zigun Dabidek. Enbajadan enteratzea hobe. Libia. Eta azkenean, duela hogei urte plazan ospatzen ziren erromeritan finkatu genuen berriketa. Pare bat urte segidan zarzuela eman zuten Festivales de España montajearen barruan. Harrez gero ez da egin. Zelan ez dakit, bainan hortik aria jarraituz Alima bizi zen lekura heldu ginen. Bai, festibalak noiz ospatu ziren jakiteagatik Alimak soineko bat, zeinarekin bigarren urtean asistitu zuen, akordura ekarri zuen eta beronekin batera matadero gainean bizi zireneko historia. Mataderoan akatzen ziren zekorrak aipatu genituen, ardiak baitere. Eta azkenerako nahita utzi bagenu bezala, mataderoak hona ekarri behar, arratoian gai. Alimak ekin zion. Familia guztia han sartzen ginen, bata bestea gainean. Janordutan guztiok plater bat behatzen genuen mahain erdi erdian zegoena. Gauez ganbaran arratoien karrera hotsa entzuten genuen luzaroan loak bentzituta jausten ginen arte. Aita lantegiz aldatu eta dexenteago irabazten hasi zenean abandonatu genuen. Nere neba nagusiak ere orduantxe entregatu zuen lehen soldata. Arratoiak atzean abandonatu banitu ere haienganako beldurra eta higuiña ezin izan dut. Neretzat ez litzateke heriotza krudelagorik izanen etzanda nere gainetik arratoiek pasa daitezena, arratoi buztanezko koilarra eraman beharra eta milaka arratoien herri bat ikustea. Egun batzu arinago egunkaritan zetorrena, New Yorken antigoaleko etxe batzu birrintzen zihardutela, pean, sotoetan, 90zmkoak agertu zirela esanez altza ginen. Ez dut uste mugimendu erreflexua izan zenik. Ordua aurrera zihoan. Kontuaren eskea egin genion kamareroari. Kitatu eta gales taberna zaharra atzean utzi genuen. Lok karezko pipa isotu zuen mendabal pean, gabardina iluna jaso belarritaraino eta gau ona opa zigun. Nik beste horrenbeste egin neban, portu ertzetik joan nintzen biharamunean ezinen nintzala itsasoratu pentsatuz. Orduko taberna guztiak itxita zeuden.