Oinetako diztiratsu batzuetarako
gauetik itzulita gau honetan etorri dira
Joanes Urkixo
Jazki dotore baten osagarririk onena, halegia, oinetako diztiratsu batzuk. Eta kolorea, antza, kalitatea, eta batez ere, prezio kontuan hartzeko arazoak izatearren hain prenda berezia aukeratzean, norberarentzat uzten ditugun txibizkeriak baizik ez dira, zeren gure helburua, kapitulu honetan behintzat, ez baita jazkeraren arbitroak edota epaileak bihurtzea, baizik eta apaintasunerantz eramango gindukeen bide zuzena eta erraza azaltzea, egoeraren goiberan egoten uzten diputen detaile txiki horiek, nola zita batetik zeharo txairo irten, zer moetako jokabide eraman jaretxean, hitz batetan, gizartean nola garaitu. Eta, oinetakoen aparteko honetan, garbitasuna itxurazko kalitatea baino askozaz inportanteagoa iruditzen zaitzaigunez, bada oinetako garbitzaileen eritzia egokiena izan zitekeela uste izan genuen. Eta guztiok jakina dago munduko oinetako garbitzailerik trebeenak Ipar Amerikako larrubeltzak direla: garaipen finanziero eta amorosorik garrantziskoenen itzalpean, beti, dudarik gabe baiezta genezake, larrubeltz kalegile haietako batek garbitutako oinetako diztiratsu batzuk ere izan dute beren jokoa.
Hain aitorpen periodistiko interesgarriagatik mugiturik, Chicagoko Potto Dreamers Agency delakoari telegramaz agindu genion komisio hau New York-eko Harlem hauzoan bete lezan. Eta, beste hitzik gabe, hona hemen albiste mundialtzat eskeintzen dizuegun beren erantzuna:
«Harlem-go eguantzak ume beltzak txipli txapla dabiltzan lokatzezko lau zutabe dauzka. Harlem-go eguantza etsipenez beteriko bonba atomiko bat bailitzan berehala erortzen da, eta kaleratzen diren lehenek eguneroko mixeriaz ohi diren zemento zibilizazioak hondatutako basapiztiak badirudite, tam-tam intziriezko hondakin zikin eta izerditsuak. Eta erlauntzetako zulo txikietatik helduz hasten zaizkigun erosta beltz amaiezinaren pusketak, ezpain urratuetako blues urratua, heriotz beltza besterik ez dira.
Kalez kaletan zeharkatzen ari garenez, guregandik, xuriengandik esperantzaz ere oraindik zerbait itxaroten duten ehunka begi pare goibel begira daudekigu. Zer egin genezake periodista txiro batzuk? Hauetako balkoiren batetara igongo ginateke eta handik, gure oinpetan jendetza egarri hau bilduz iraultzeko hitzak oihutuko, xuriengandik heriotz erraldoi bat besterik ez duten lortuko esango genieke? Ez, gure obligazioa, horretara etorri gara eta, bada oinetako garbitzaileak ezagutzea, jendearen parreari gure zerga, gure aportazioa ematea.
Eta hartan dago bat: hurbildu gatzaio. Zakur hamorraturen malkoak iratzarri dizkiogu ikusmiratu gaituenean, predestinazio aparra ezpainetatik at labainduz baina oihan soilduaren oihartzunak estaltzen dituen azaleko irripar horrekin. Nola deitzen zara, Jean-Joseph Rabearivelo, Tananariven jaioa 1901-gn. urtean; jesuitetatik jaurtia hamairu urtez, ordutik aurrerantzean lanez lan, zauriz zauri, 36 urtetako zauriak hil orduko. Zergatik, baina zergatik suizidatu zinen, zergatik orain zure fantasma honek begiratzen gaitu tristuraz. «Bada, xuriak, erantzuna jakin nahi duzue?». Eta erantzuna blues mingarri bat bezala bere eztarri sakonetik irten zaio, baietaz lantresna kutxaren kontra kolpeka erritmoari lagunduz, hor, espaloian eserita:
Gaueko arresietaiik etorritako
zein arratoi ikusezinek
marraskatzen du ilargiaren gozoki esnetsua?
Bihar goizean
ihesia denean
agin odoltsuzko aztarrenak geratuko dira
Bihar goizean
gau guztion zehar mozkortuko zirenek
eta jokalditik irtendakoek
ilargiari ikusiz
zera totelduko dute:
«Noren mahai berde gainean
pirrikatu laurleko da hau?'
Ha!» Haietako batek gehituko
«lagunak dena galdu eta suizidatu egin da».
Rabearivelo-ren hizki bakoitzak, bere ahotsaren inflesio bakoitzak kosmoa eragiten du. Amaitu orduko erosketan egondako andre, jokoan neska-mutil, gizon langabetu talde batek inguratu du eta azkeneko hitzak koreatu.
Batzuen begietatik sentimendu malko aldendezinak erori dira emeki, eta, bapatean galderarik ezin egingo dugula jakin izan dugu, geu erosta luze eta geldiezin batetarako aitzakia ez gara besterik izan, eta ezin dugu entzutea baino. Rabearivelo-k jarraitzen du gure begi xurietara espaloien hautsaz bere erdeinua txu egingo balu bezala, eta hauzo guztia ahots bakarra bihurtu da abesterakoan...
Bei beltzaren larrua ten dago,
lehortu erazi gabe ten,
itzal seikoitzear ten.
Baina nork eratsi du bei beltza
marrurik gabe hilik, antzirik gabe hilik
jazarri izanik gabe hilik
izarrez loraturiko zelai honetan?
Beia zeru erdian etzanda dago
Ten dago larrua
amets izpirituek luzeratzen dituzten
haize durundu kutxaren gainean
Eta atabala prestuta
muinoetako belarran bazkatu
eta triskatu egiten duen
zekor libertatuaren adarrak
urezpataz koroatzean.
Larrubeltzek negar, parre egiten dute hitz bakoitzarekin, nola erritmo bakunak eraginda guztiok batean kulunkatzen dira alde batera nahiz bestera. korronte elektriko batek astindurik. Beste batek abestuz jarri da; larrubeltzek txaloz, oinkadaz, oihuz laguntzen dute. Inork esan digu, «hau da Leon G. Damas, 1912, Guaiana Frantsesa...» eta beste fantasma bat zela konprenitu dugu berari entzuterakoan:
tam
tam
erritmoz
erritmo
biraka zen
gau honetan etorri dira begiezko
frenesia
eskuezko frenesia estatuen
oinezko frenesia
GEROAN
hainbat NI
hil diren
tam
tam
erritmoz
erritmo
biraka zen
gau honetan etorri zirenetik begiezko
frenesia
eskuezko frenesia estatuen
oinezko frenesia.
Eta geroan gure begiak malkoz bete izan dira jadanik, ezin suportatu egin dugu hainbeste min eta tamal. Blues doinuak blues doinuen ondotik datoz eta larrubeltz hauk esklabu ereskada, oihan hondatu, ume larrubeltzen bizitzak ebaki zituzten ametrailadoren irudiak etengabe txu egin nahi dizkigute aurpegira. Orain David Diop-ek, Burdeos, 1927... bere hitzak gogortu dira, jaurtiki beltzak bezala haizetik ari dira erreskadan:
SAIAK
Garai honetan zibilizazio arrantzaka
ur benedikatu kolpeka bekoki otzanetan
Saiek hatzaparren itzalpean egiten zuten
mende aitordearen oroitarri odoltsua eraiki
Garai honetan
irriak hilzorían zeuden karreteraen ifernu metalikoan
Eta Pater-Nosterren erritmo monotonoak
plantazio dirugarrien intziriak estaltzen zituen
Oh! musu erauzitakoaren oroitzapena
ametrailadoren aurrean ebakitako promesak
gizonek ez ziren gizon arrotzak
bazenituzten liburu guztiak ezagutzen amodioa ez
Eta lurraren sabela joritzen duten eskuak
gure eskuak asaldapena bezain sakonen sustraiak
nahiz eta hezurtegien erdiko zuen kantu harroak
Oh! herri hondatuak, Afrika triskatua
esperantza nola ziudadela bat gugan bizirik zen
Eta Suazalandiako meategietatik Europako fabrikaen izerdi astunerarte
udaberria haragia bihurtuko gure argi pausuen pean.
Ez gara hartan jarraitzeko gauzak izan. Azkeneko hau amaitzerakoan baztertu nahi izan dugu ixilean, baina larrubeltz guztiek ixilean ere begiratu gaituzte. Eta Rabearivelo, pausu bat aurrera emanez, mintzatu zaigu, «hau izan da gure erantzuna, xuriak, Harlem-go oinetako garbitzaile trebe fantasmaen erantzuna... ezagutu gaituzue, ezagutu duzue Harlem izarren pean galduta, egun berriaren salaketa pean galduta, eta orain hatzaparren artean gaituen hiri nagusira itzuliko zarete. Esplika, konta ezazue mundu guztian zehar hemen irripar ugari ezagutu genuen fantasmak bizi garela, gure oinetako diztiratsu batzuetarako sekretua blues etsi bat baizik ez dela... joan zaitezte...».
Eta geu joan gara. Hurrengo izkina bihurtzerakoan geure hezurrak misteriorik gabeko errealitatera berbeheratu dira, hiri nagusiaren astrapalak esnatu gaitu. Eta haragikeri honetik ihes eginez pentsatu dugu, «akaso gezurrak, gezurrak, geuk gezur esaten dizuegu, zuek gezur esaten diguzue, guztiok esaten dugu gezur, ez ote dago GU-rik, ez ote dago kosmorik, ez bizitzarik ez heriotzarik... poetak behin galdetu zigun bezala, jainkoak baino askoz hobe konprenitu dugula esan beharko genuke?».
|