L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott tropikala (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—Galipott'kritiken—

 

Fatty ahantzia genuen potoloa!

 

Joseba Sarrionandia

 

        Ez. Ez dut Fattyren filmerik ikusi. Ehundaka titulo omen ditu bere filmografiak, baina ez, ez dut bat ere ikusi ahal izan. Fatty ez dut pantailako itzaletan ezagutu, baizik eta kronika beltzetan. Halako betean, gizartea Fattyren aurka jarri zen: prentsa, zinegileak, jende guztia. Eta isiltasunera kondenatu zuten, debekaturik eta gaitzetsirik. Fatty, star abaildu baten antzera baina lotsatiago, munduan barrena ibili zen geroztik heriotz goiztiarrera arte.

        Baina nor zen Fatty? Fatty bi izan dira, bata humore zinegilea, bestea bestazale arbuiatua. 1921ean gertatu izan zen besta zorigaiztoko batek bereizten ditu bataren arrakasta eta bigarrenaren hondamena. Roscoe Arbuckle (a) Fatty 1887.ko martxoaren 24an sortu zen, Kansas delako estatuan. Gizena zen, oso gizena. Agian honegatik, eta bere loditasunagatik grazia berezi bat zeriolako, ifarramerikar zinema komikoaren hastapen burlesko haietan hartu zuen plaza. Aulki zabala derrigorrez. Marck Sennett-ek sorturiko eskolan, filme labur eta mutu haietan, Charles Chaplin eta enparauekin lan egin zuen, lan ugari eta arrakastatsua. Fatty izan zen, hain zuzen, Buster Keaton aurkitu eta zinemagintzan sartu eta lagundu zuena; Buster Keatonek ez zuen sekula estimatzen zuela izkutatuko eta bera izan zen Fattyren larrialdietan gehien lagundu zuena, lagundu zuen bakarra ez bada. Baina oraindik fortuna zen oro. Ikusleek maite zuten eta fruitu guzietarik dasta zezakeen. Auto handiospetsuak, jauretxe aberatsak, neskatila lirainak eta bazkari baliotsuak.

        Fattyri zilegi iruditzen zitzaion besta hedatzea eta, Hollywood haretan, "Logeletako Neron" deitzen zuten. Orgia frango egin zituen bere aldian. Lehen istilua 1917an izan zuen, martxoaren 6an hain zuen: Fattyk, bere adiskideak gonbidaturik, "party" zaratatsu bat antolatu zuen. Polizia haien gelara sartu zenean bilutsik ziren oro, emakumeak zein gizonezkoak, hauen artean Adolphe Zukor, Joseph Schenck, Jesse Lasky produktoreak eta beste zinegile asko. Istilua aguro isilerazi zen oraingoan.

        Baina urte batzu beranduagokoa larriagoa izanen zen. 1921eko irailaren 5a, San Franciscoko Saint Francis Hotelean. Hiru gela alkilaturik eta sei lagun zituen gonbidaturik. Bigarren egunean gerritik heldu eta Virginia Rappe neskatila eraman zuen logelara atea hertsirik. Oren batzu barru, neskatila oinazez oihuka ari zen eta Fatty pamela bat buruan irten omen zen logelatik, izotz zatiak hartu eta itzuli egin zen neskatilaren mina lehuntzeko. Klinikara eraman eta laster hilen zen Virginia Rappe, Fattyk coca-cola boteila batez izorratu zuela esan ondoren.

        Lau egun geroago bortxa eta homiziodioz denunziaturik detenitu zuen poliziak potoloa. Forenseak neskatila haurdun zegoela, eri benereo bat zuela eta peritonitisez hila zela esango zuen. Baina berdin zen, Fatty amaitua zen.

        Prentsak eraso zuen lehenbizi, Hearst kateak dominaturiko kazeta guztiek estigmatizatu zuten. Produktoreek ez zioten lanean irauten utzi, bukatzear zituen filmeak ere geldierazirik. Jendeak boikoteatu egin zituen Fattyren filmak. Eta bera, hauzi amaigabeetan sartu zen.

        Gartzelatik irten zenean 36 urte zituen, ez adinik egokiena berriro deusetik hasteko. Bigarrenez ezkondu zen 1923an Doris Dean-ekin, baina honek kitaturik hirugarrenez ezkontzen da 1929an Adie MacPhail-ekin. Kortometraia  batzu egin zituen, gehienak izengoitiaz (John William B. Goodrich) ez zezaten ezagutu. Bazirudien fortunak irri eginen ziola berriz ere. Baina ez.

        Zinema mutuarekin batera hil zen, 1930ean. Hil baino egun batzu lehenago hitz hauk esan omen zituen: "Irakurri dut egunkariek nitaz argitaratu dutena. Kazetariek beren istorioak ormitzeko asmatzen dituzte anitz gauza, pertsona zelan mindu dezaketen pentsatu gabe. Gauzak behin argitaratuez gero, egiak zein ez, ezin daitezke jendearen ideiak aldatu. Ez nuen sekula nitaz mintzo zirela sinetsi ahal izan"...

        Eta honela itzali zen. Agian Fattyk ez zuen jakin bereizten filmeetako fantasia eta bizimodu arrunteko normatiba eta hura hona ekarri nahi izan zuen. Guri normatiba hau eta Fatty kondenatzeko arrazoiak deusguti ardura zaizkigu eta bere filme komikoetako itzalak eta irriak litzaizkiguke laket. Egunen batean, Buster Keaton eta Larry Semon erreibindikatuak izan diren bezala, Fatty ere berrazalduko da pantailetara zeren, azken batean, potoloak ere sinpatikoak baitira, eta filme mutuetako mundu xarmangarrian gorputzez bederen hainbeste espazio okupatzen zuen Fatty ezagutu ahal izanen dugu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.