Pott bandaren praga
Kafka eta Golem-en mistika
Johannes Urzidil
euskaratzailea:
J.M. Iturralde
Munduko lehen gerratean, 1917an, Kafka Alkimisten kaleko, edo Urrearen karrikako etxetxoan bizi izandu zen denboraldi batez, Prahako Hradschin-ean, erregegazteluatzean eta erregeren lorategiko oreinen lubanarroa baino haruntzago. Prahako bazter hura, hain erromantiko eta ordurako giro historikoz estalirik, bisitariek noizbehinka bilatutako kuriositatea zen, baina sasoi hartan, gerra denboran, arrotz gutxi etortzen zen geroago helduko zenarekin gonbaratuz; eta arrazoi bat bazen, jendeak Praha ez baitzuen hiri turistikotzat hartzen; jendea orduan Berlina, Vienara eta Budapesta joaten zen, Cook agentziaren ibilbideetan ziutate hauk agertzen zirelako. Bidaiagentzia internazional horri Praha ez zitzaion garrantzitsu iruditzen, eta horregatik ez zen nahiko ezagutzen. Gainera, Moraviara edo Bohemiako probintzi itzaltsuetara joateko gogoz zegoen jende dirudunak uste zuen "chic"-ago zela Vienara joatea, Prahara baino; mesprezagarri eta burugabe kortesia eza honek izan zuen zer ikusirik, modu batetan behintzat, geroko Austriar monarkiaren gainbeheratzeaz. Garbi dago egoera honek Alkimisten kaleko giroa laguntzen zuela, gauetan misterios eta paketsu egoten zen, krakada arinenak entzuteko moduan. Maitaleek behar duten kaletxo egokia zen, eta poetek baita, dudarik ez. Ezer artifizialik ez zegoen han, ezta eraberriturik. Rudolf II errege malenkoniatsuaren urraginak bizi izandu ziren aspalditik etxetxo pilatu haietan, eta orain jende behartsuak bizi ziren. Behartsu horiek etxeak erakusten zizkieten propina eskasengatik bisitariei, eta batzutan gelak alokatzen. Harri filosofal, urre artifizial eta gizon mekanikoen bila zebiltzan laborategi mistikoak etxebizitza hauetan zeutzan Errenaisantzan, Kepler eta Brahe-ren garaian. Baina seguraski, Golem-a ez zen han jaioa, goiko partean eta San Guido katedralaren itzalpean, baizik eta behean, Ghetto zaharrean, Moldaviatik bestaldean. Haietako etxe batetan, bada, bizi izandu zen Kafka, denboralditxo batez, bere "Nekazal sendagile" ipuin liburuaz lanean ari zela, eta gaitz izugarri haren berri jakin baino lehen.
Ez da gauza berbera Prahako Hradschin-en bizitzea, ala hiri zaharrean. Errege eta adiskideak bizi ziren lekua zen Hradschin-a, bere itxura inperial eta panoramikoz; hiri zaharra, aldiz, burjes eta herriarena. Epoka guztietan nabari izan da Moldaviaren ezker eta eskuineko urbazterren diferentzia, ez bakarrik topografikoki; egon dira díferentzia sakonak portaeran eta baita hizkuntza mailan ere. Ez zen gauza berdina Kleinseite-ko alemanak dituen "s" indartsu eta bokal laburrak eta hiri zaharreko aleman melodios eta gozoa. Errege inguruko jendearen palazio ponposoek kutsu kontserbakor eta paketsua jartzen zioten hiriko alde honi, burokrata eta burjesen etxe tartekatuek nahiko luketeena. Behin, 1878an, izugarri ona izandako txekiar idazle Jan Neruda-k nahiko ongi deskribatu zuen ezker urbazterreko mundu sorgindua bese "Kleinseiteko istorioak" liburuan, inoiz txekiar autorek Prahari buruz egindako liburu lirikorik bakan eta garrantzitsuenetarikoa. Kafka Hradschin-eneko giroan eta Kleinseite inguru honen barruan bizi izan zen. Hantxe, Schönborn konteen palazioan gela bat eduki zuen sasoi hartan (denboralditxo bat besterik ez).
Alkimisten mundutik Golem-en mundu judura ailegatzeko, Sinagoga Zahar eta Berritik pasatuz, Moldavia zeharkatu behar zen, Karlsbrücke historikorik, eta santu katolikuren zumardi barrokotik pasatu. Zumardi honen bitartez Eliza garaileak sinbolizatu zuen bere "Kontrareformaren garaipena" bohemiar (txekiar eta aleman-bohemiar) protestanteen matxinadaren kontra, Hogeitamar Urtetako Gerratean. Eta Birjinaren estatuaren bitartez, 1918an ehortzia lehenbizikoz errepublika garaian, utzi zion heroi nazional Jan Hus-enari, Jan Hus-en estatuari alegia, bere inportantzia lortzen, lehenbiziko aldiz baitaere. Kafka bizi izan zen Altstädter Ring-en, bere Prahako erdigunean, hiru modutan. Lehen, Mariaren zutabeaz; bigarren, kontraesanezko sozietate batetan, non Madona katolikoa eta Hus-en oroitgarria sar daitezke, eta zeinetaz jende guztiak esaldi hau errepikatzen zuen: "Pravdy kasdemu prejte", gutxigorabehera hauxe esan nahiez: "Eskubide berberak denontzat"; eta hirugarren, Hus-ekin soilki.
Baina Hradschin-eko alkimisten mundua eta judutar Prahako giro Golemiko hori, Altstädter Ring-en bertantxe hasia hain zuzen, ez zeuden Karlsbrüucke-az elkarturik bakarrik baita harreman historiko eta espiritualez gainera. Goruntz ala beheruntz, edozein lekutan, Kafkak halako hilondoko eta benturazko giro batetan murgildurik aurkitzen zuen bere burua eta hau garbi ikus daiteke bere liburu guztiren esaldi denetan, baita kronista eta poeta askotan; eta nolabait ere baita Meyrink-en Prahako nobeletan. Meyrink-en "Golem"-ek eragin handia izan zuen, 1915etik hasita, Praha ezagutzen ez duen jendeengan eta baitaere kanpotar askorengan, hoien irudia aldatuz. Jakina urte berberan argitaratu zuela "Jainkoarenganaino Tycho Brahe-ko bidea" Max Brod-en nobela, Prahan publikatua, bestea baino garrantzitsuagoa narrazio eta historia aldetik. Hala eta guztiz ere Meyrink-enak iraundu du. Beharrezko zaigu Golem mitoaren oinarri esoteriko eta errealak, eta gizon artifizialen kreatze eta harri filosofalaren bilatzearen errenaisantzako eginahalak argitzea, giro sekretu hura aztertuz, hortik sortu baitzen Kafka. Lehenbizi azpimarratu behar dugu ez garela ari Meyrink-en nobelen mistika sasierromantiko eta ahokorapilotuari buruz. Meyrink-ez zerbait entzuten zuenean Kafkari beti bururatzen zitzaion "kirikino luze" baten irudia, ironia apur bat erabiliz. Nahiz eta jendeak askotan baietz esan, Meyrink ez zen Prahan jaioa. Vienan jaio zen. Bere aita, eta hau dokumentutan datza, Württemberg-en ministro zen, eta oraindik gutxi balitz, Baroi gainera. Bestalde, bere benetako izena ez zen Meyrink, eta horregatik Kafkaren "kirikino" metafora hura errealismo fantastiko exenplutzat hartzen da. Prahan, Meyrink eskolan bakarrik ibili zen, eta ez denbora gehiegiz, geroztik ez zen askotan itzuli. Walter Fürth sarkastikoak esaten zuen hari buruz "gizon artifiziala" zela. "Golem" idazteari ez zion garrantzi handirik ematen, gehiago pozten zen halako "globulu sortzaile" arraro batzu eriden zuelako, zeren berak esaten zuenez, globulu hoien agortzeak sortzen omen baitu gorputzean militarismo, nazonalismo eta abertzaletasun itzelaren indartzea; hots, aurkikuntza hau betidanik "kafe Arko"-ko lagunek pentsatutakoa zen, bizitzaren arrisku guztietatik hau, bat besterik ez zela, gainera ez txarrenetakoa. Baina, den hau aparte, Meyrink-ek deskribatzen jakin zuena Prahako ghettoari buruz, biztanleak, rabbi kabalistikoak eta Golem bera, irakurria eta gerirakurria izan zen, filmatua gainera eta eskenifikatua modu guztietan, Golem-en kondaira jatorra holaxe aldakuntza dezehatz bilakatuz, bere transmisioa aldaraziz. Baina, arragoa zen Praha hartan homunkuluaren izatearen fede ematen dituen iturri gurutzatuen esentzia saila ekarri zuenari estudio beharrezko eta sakonago egin behar zaio. Prahan jaio ez zen ere Johannes Faust-ek bazuen bertan geralekua, gauregun ere batzuk seinalatzen duena. Goethe-k, noski, bazekien hau, "Fausto" liburuaren 26. kapitulua dela lekuko, Franffurt-en 1587an argitaratua, Prahan bizi zen Rudolf II errege alkimistaren epokan. Liburu honetan aurki daiteke deskribapen topografikoa Prahaz, Magia Beltzaren Maisuaren bidaia dela-ta: "Bohemiako hiriburu hau haundia eta hiru partetan zatitua da: Praha Zaharra, Praha Berria Eta Kleinseite. Azken hau hibaiaren ezkerreko urbazterra. Hortxe bertan San Guido katedralea eta Erregeren barrutiak. Praha Zaharra, edo hiri zaharra, ondokian kokatua. Handik abiatuz, 24 arbotanteko zubia pasa eta Kleinseitera ailegatuko zara. Ubide sakonak bareizten du hiri berria eta zaharra ("Príkopy" txekieraz); hiri berria ere murrailaz inguraturik. Hementxe dago Eskola Nagusiaren Kolegioa". (1348an Carlos IV enperadorek eraiki zuen kolegioz ari da, erdieuropako lehen unibertsitateaz). Baina utz dezagun Faustoren historia. Istorio horretan gainera, Prahaz hitz egiten da, baina bidaia geltoki gisa soilik. "Fausto"-ren bigarren parteko homunkulua beste klase batekoa da, beharbada Wagner zerbitzariak aipatzen dituenetakoa eta Prahan XVI mendean animaliez esperimentatzen zuten alkimisten mundu horretakoa. Hortik pixka batera, 1616an, izan zen Paracelso-k, bere "de generatione rerun naturalium" liburuan, eman zigunean homunkuluak egiteko errezeta egokia.
Prahako alkimisten esperientziak pixka bat lehenago izan ziren (Rudolf II 1612an hil zen). Orduan Praha izan zen gizaki sortzaile mistikismoren tokia, zeinetan, denboraren aurrerapenagatik, parte hartu zuten bai txekiar poetek baita alemanek, eta hau arrazoi single bategatik hau da, Golem-en judutar kondaira, analogiaz, beti alkimista zientifikoekin erlazionatu zelako. Txekiar autore berriengandik Karel Capel-ek hospe mundiala hartu zuen bere "R.U.R." (Rossum-go robot unibertsalak") fikzio elaberriaz, non, iadanik 1923an, "Robotak" deitutako gizon artifizial batzuk agertzen dira; "Robota" deitura hau esklabu, txekieratik hartuta. Loew Rabbi Nagusiren, Errenaisantzako Rabbi Liwa ben Bezalel-en Golem-a izan zen robot guzti hauen aitona. Ez nago ados Kafka-ren "Metamorfosis" esplikatzeko senidetasun ilun hau erabiltzen dutenekin, zeren hola balitz, orduan harri filosofalaren bilaketa iraunkorra, etengabeko alfer lana, ere hartu beharko baitlitzateke Kafkaren segurtasun bilaketaren aintzindari bezala. Aldiz, esaten badigute urrearen bilaketa eta boterearena gauza berbera dela, guk ezetz erantzungo diegu, aitzitik, azken hau segurtasunik ez eta hestutasun sakonagoak sortzen duten gehiegizko ordaina besterik ez dela. Eta erlijio finkatuen bermagarriez alkimiak ilusioak galtzen dituenean, dudaz beterik geratzen da gizona. Rudolf II horietakoa zen.
Goethe-ren benetako ikerketa ez zen inoiz gelditu, pentsatzen badugu, eta nik hala uste dut, Goethe benetan guztiz interesaturik egon zela Golem-en magiaz, eta nahiz egia izan ez zela inoiz Prahara joan, badakigu Bohemian egon zela gutxienez hamazazpi bider. Gainera, Karlsbad-en pasatako udetan (1785, 1786 eta 1795ean) Prahatik etorritako paziente pilo batekin harreman hestuak eduki zuen, hango nahiko jende famatu ezagutuz. Ez dugu ezer bilatzen liburutan honetaz, eta nahiz eta urte haietako bohemiar oharrak oso gutxi izan, deus ez esatearren, tesis hau "quod non est in actis, non est in mundu" nahiko materialista iruditzen zait, izpiritualago diren beste ikerketen oinharriekin gonbaratzen baditugu. Handik urte batzutara, bere ezagunekin, Prahako Leopold eta Simon von Lammel bankariekin elkarrizketa zehatzak eduki zituen Goethek Prahako judutarrez, hango lehen sinagogaz, eta Loew Rabbi Nagusiren hondakinak dautzan hilherri ospatsuaz. Hau "in actis" datza, Goethek hilherria seinalatu eta hilhobien inskripzioak gorde egin behar zirela notatu baitzuen. Horregatik, zergatik ez pentsa mintzaide haiek Golem arazoa ez ziotela aipatu kasualitatez, gai hau kezkagarrienetariko eta poetari interesatzen zitzaion gehienetakoa izanik? Goetheren sorginen isatsek eta Errenaisantzako judutar robotek funtzio berbera bete eta txorakeri berdinak egiten bazituzten ere kasualitate batengatik izango zela esatea ez al da okerragoa oraindik, eta batere zentzurik gabeko gauza? Hain zuzen ere, orain Germanistika ofizialak onhartzen du sorgin ikaslea Luciano-ren epokatik datorkigula zuzenki, non bere "Philopseudes" liburuan egiptiar sazerdoteak isats bat zerbitzari nekagaitz bihurtzen du formula magiko baten bitartez. Bai, noski, aintzinako kontuak, baina ikus dezagun orduan nork kontatu zizkion Goetheri: Albrecht berberak, hebraiera irakatsi zion maisuak. Bestealdetik, kontuan hartu Luciano siriarra ez zela hiriburu judutik urrun bizi, eta han aspaldiko tradizioak gizon artifizialen kreazioari buruz oso ezagunak zirela. Iturri hauei beren esentziak zerien urrutiraino mugak eta herriak zeharkatuz, eta oraindik urrutirago joaten iraunen dute Erdi-Haroan, Errenaisantzan eta Barrokoan. Avicena arabiarra eta Alberto Magno batera doaz baita ere Reuchlin-en "Kabbala" eta 1714-ko Schudt-en "Judutar bitxikeriak". Beraz, litekeena da Lucianoren "Gezurzale"-ko egiptiar sazerdotea ez bakarrik egiantzeko izatea, baizik eta bere mainak kabalista batekin ikasten ibilitakoa.
Prahako judutarrei buruzko notiziak ia erromanikotik datozkigu. Gainerakoan, Prahaz lehen bidailiburua judu batena da, Abraham ben Jacob-ek egin zuen eta X mendeko bigarren partean bohemiar eta eslaviarren herrietan ibili zen bere oharrak "Herrien kaleetako liburua" (Cordoba-ko kodize)-an notatuz. Ordurako eskialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoalderaino doazen bideen gurutze jendetsuaz deskribatu zuen Praha, hau da, hiriburu kosmopolita bezala. Ziutate boteretsu eta indartsuak bere mitoak sortzen zituen (Libussa fundatzailearena, adibidez) eta aldiz, mitoek birkreatzen zuten ziutatea. Golem-en kondaira Prahari buruzko mito horien esentziaren nahasgairik handienetarikoa da. "Golem" hebraitar hitzak "bizirik gabe" esan nahi du, ez "Materia moldagarri". "Golem" ez da izen nagusia, kalifikatzaile bat baizik. Egon Edwin Kisch erreportariak, zeinen ausartzia ez du inork dudatan jartzen, esaten zuen behin batean Sinagoga Zahar eta Berriaren ganbara miatzen zegoelarik, Golem-en hondakinak kausitu zituela. Baina seguraski buztin pusketak gainbeheratu eta lehortuak, izango ziren eta horregatik buztin pusketa: "golem". Gaitzago da esaten ordea, pusketa hauk Loew Rabbi Nagusiren gizon artifizialenak zirela.
Kondaira lehen obra kabalistikotik erne zen Babiloniako Talmud-ek aipatzen duen "Jesirah"-tik. Hor, Sanhedrin Tratatuan, itxuragabeko materiari bihotz emateko ahalbideaz mintzatzen da, hots, Golem-a kreatzeaz. Kabalisten ustez, hautatuek ez bakarrik materia, baita gizon hilhotza bizteko ahalmena ere badute, "SCHEM"-a, Jainkoaren izen sinbolikoren ezaugarria, kopetan marraztuz edo mihipean ipiniz. Izpiritua, bizitza leku guztietan dago eta hilezina da; materia ez da substratua baizik; eta hautatuak substantzia, ustez hila, birbiz dezake, kondizio batzu beteta, eta izpirituarekin komunikatuz, bere indar guztiaz. Baina nortzuk hautatuak eta zein kondiziotan?
Golem-i buruzko mitoak Prahan sortu ziren Erdi Haroren hasieratik, eta XVI mendean bereziki, Rabbi Liwa ben Bezalel jakintsuaren lan eta estudioleku bilakatu zenean. Badakigu Rabbi honek gaitasun nabari zuela, eta baita denbora nahiko, gai, leku eta behar zuen guztia lan egokia prestatzeko. Txosten honetan agertzen diren tesis nagusiak hartu dizkiot Friedrich Thieberger jaunari, eta honek esaten zuenez bizitza guztiaz saiatu zen gai honetaz. Haren obra eta bizimodua kondatzen du ingelesez bakarrik argitaratu den lan batetan. Askotan entzun nion honi buruz, eta dudarik ez, Kafkarekin izan zituen harreman hestuak jakinda, sarritan egongo zirela Golem gai hau, hain adierazgarri eta Praharekin zerikusi handikoa, eztabaidatzen. Haren zaletasun metafisikok, bere errealismo eta erroztapen erlijiosok Kafka erraz liluratuko zuen, dudarik gabe.
Loew Rabbi Nagusiri Buruzko lekukotasun historiko segur eta ezaguenetarikoa da lehen aipatutako harrizko hilhobia, Prahako judutar hilherrikoa, han datza ehortzita 1609-tik, inskripzio pilo batez ornaturik, bere seme politiko eta hogeitamaikagarren ikasle gogokoen hilhobien artean. Ez da segur nondik heldu zen Prahara Loew, edo Liwa. Diotenez Poznan-en jaioa zen, eta esan ohi da herioaren aingerua ez zela berarengana abiatu zuzenki, hain sendo baitzen nahiz eta ehun eta lau urte izan; eta aingeruak hura ukitzeko arrosaren lurrinean barneratu behar izan zuen. Hala eta guztiz, bere indar magikoek hil eta gero ere iraun zuten oraindik. Handik hamasei urtetara, bere alboan ehortzi nahi izan zuten osaba eta nola ez zegoen tokirik, rabbi hura gauaz pitin bat aldendu zen monumentu guztia higituz.
Kabalak dionez, ahalmen magikoaren kondizio nagusiak hiru izaten dira: garbitasun erlijiosoa judutarren hitz honi ematen dioten zentzu berezian, hau da, aparteko Jainkoaren grazia, oso zaila lortzen, baita hautatuentzat ere. Grazia hau inork ezin du lortu, ezta hautatuak ere, bere bizitza guztia ez baldin badu zuzentzen eta egokitzen izpiritu erlijiosoak behar duen neurrian; hezkuntza izpiritual osoa, eta hau nahiz eta gizon batzuk ezagutu, hautatuak bakarrik lor dezake, eta horretarako ez dio balio bere predestinapenaren emanak bakarrik zeren eta kaso egin beharko baitie baita ere jakintza eta agerkundeen fruituei; hirugarrena eta ia garrantzitsuena beste bien oinarri delako, Jainkoaren hitza sakonki ezagutzea da, hau da, Torah eta Talmud-a ongi ezagutzea. Ezaguera honek una libre guztiak kentzen ditu, arimaren arazoak hain bortitz direnez gero eta hainbeste kalipu erre behar delako, eta jakintzaren bilakuntza bukaezin batetan bihur dezake magiazale baten bizitza.
Hebraieraz jakitea da, dudarik ez, lehen urratsa. Bada Kafkak eman zuen lehen pauso hau, Thieberg-ekin hebraieraz ikasten hasi zenean. Bestealdetik, esaerak zionez Rabbi nagusiak berberak betetzen zituen eta aisa, Kabalaren hiru baldintzak, ahalmen izpirituala lantzeko behar direnak. Gu ez gara inor haren benetakotasunaz dudatzeko. Eta bere hezkuntza izpiritualaz eta maisuen ezaguerataz gerokoei utzitako idazlan pilo hori da lekuko. Oso zaila da idazlan hauk ulertzen, eta sekretuz beterik daude judutar ez denentzat. Izenburu poetikoz asko, melodios eta adierazkor batzu, adibidez, "Prestuen dantza", "Faraonen bihozgogortasuna", edo "Jainkoaren malkoak". Noski, nola Loew Rabbi komunitateko buruzagi zibil eta erlijioso zen, ez zegoen haren aurka apelazio egiterik. Baina aitor dezagun bere epaiak Salomon-en antzekoak izan zirela, karitate zabal batez eta eskrituren etika nagusiaz baliaturik. Sikologo izugarria zen, bekatua "arimaren hutsalditzat" hartzen zuen eta ez gizonaren lehengo eta berezko ondorio bezala. Teologo sarkor eta sakona izan zen, eta Jacob eta aingeruaren burruka, gatazka gogor baten bitartez azaltzen zuen: "Jakob-ek gorpuzgabe zuen partea Jainkoaren mezulari gorputz gabe baten aurka". Eta fisikari itzela izan zen, filosofiko-teoriko mailan batipat, zeren XVI mendeerdirako hau igarri baitzuen: "Denbora materiaren atal bat baizik ez da, eta etorkizun hutsa da". Benetan, oso gaitz litzaiguke baldintza gehiago eskatzea!
Orduan, gauza logiko eta natural den neurrian, goiko Hrasdchin-etik, zientzian eta artean adiskide, biltzaile eta egiazale zen erregeak ziutate erdiko "zaddik" ospetusuaren berri izan zuen. Badugu epoka hartako kronika batzu haien elkarrikustei buruz, non esaten zaigun nola erregeak Rabbiri utzi zion bere maisua izaten. Noski, elkarrizketa haik zirela eta, jendea istorio pilo bat hasi zen asmatzen. Esate baterako, Rabbik erregearen lorategia loraerazi zuen negu erdian. Beste batean, Rudiolfek eskatu eta, patriarka judu guztiak konjuratu zituen (gure ustez, konjura hau eta "Fausto"-arena antzekoak ditugu). Beste behin, haren errege zetorkiola bisitatzera eta, bere etxebizitza txiroa areto dotore bihurtu zuen. Bost axola hau nola gertatu zen: dakiguna, istorio guzti horik gureganaino ailegatu direla izpi bat galdu gabe, beren aparteko pitxikeria eta guzti. Rabbi eta erregearen nortasunak historiak oso ondo azaldu dizkigu. Ongi ezagutzen dugu Liwa ben Bezalel-en bizimodua bere egintzak eta lanak, edozein denborakide ezagunenarena bezain ondo. "Beti miragarria dago lehendik", Kafkak esan zuen behin batez. Eta zergatik pentsa izpirituen mundua hertsi egin dela betiko? Bestalde, ahalmen magikoa beti izan zen metamorfosisen ahalmena. Lorategi elurreztatua loratzen hasten da. Jakintsuaren gelatxoa areto zabal bihurtzen da. Hurtsartea eta denbora menperatuz patriarkak sortzen dira "Fausto"-n, Helena agertu zen bezala. Magia errealismo aniztua besterik ez da, pentsaera logiko batentzat. Animaliek hitz egiten dute. Materia bizigabea berpizten da. Gizonak intsektu bilakatzen dira. Egia esatekotan, hau dena ez da gauza berria, parabola eta antzinako kontuen jakituria eta egia baita. Eta nork hobe ezagutu Rabbik baino? Eta, erregea ezik, nor saiatu da ezagutzen? Ondo pentsatuz, Frank Kafka-ri, nola lurra eman zitzaion Strasnice-ko hilherri berrian? Hobe zen zaharrean lurperatzea, Liwa Rabbi Nagusiren ikasle gogokoengan. Hemen ehortzi izan balute, maisu nagusia higituko zatekeen seguraski, hilhobi eta guzti, lekua uzteko. Golem kontu honen benetakotasuna Rabbiren seme politikoaren idazlanetan datza, Yitzach Bin Simson Cohen bera, pertsonalki, egon baitzen gizon artifizialen egintza eta pizturan "Sinagogako zerbitzari batek behar duen guztiaz jantzi genuen. Aretoko bazterrean eseritzen zen beti, burua eskutartean zuela. Kalean, Rabbik karitatez zeraman mutu gizajo bat besterik ez zela jendeak pentsatuko zuen...". Burua eskutartean zuen mutu gizajoa: Breitegasse Núm. 911. Zokil bizidunak dena egin zezakeen: uler, ikus eta entzun. Baina ezin zuen hitz egin, hori zen falta zitzaion gauza bakarra. Egiazko buru eta gorputza zuen, baita kopeta eta bere burua jotzeko esku pare bat, eta horrek pairamen pasiboren sinbolo bihurtzen zuen. Egurra ebaki, zoluak ekortu eta bide luzeak egin ur bila. Baina ez zen materia biziduna soil soilik bada hamar pertsona otoitz beleretara deitzeko ahalmena ere bazuen. "Zerbitzari mutu" izanik, esklabu mekaniko huts bat baino gehiago zen. Eginbehar garrantzitsuagoak zituen: judutarren aurkako indarkeria galeraztea zen bere zeregin printzipalena. Haren presentziak ondorio suntsigarriak lortzen zituen betidanik Prahan izan diren progromistengan, katoliko nahiz husita edo protestanteengan" "iMazte zidi!" "iJipoi ona eman judutarrei!" ez da alemanieratik itzulpena, txikitan Prahako kaleetan lerro hauen egileak entzuten zuen gudu karraisia baizik, hau da, hiruehun urte lehenago Rudolf erregearen belarrietara ailegatu zen garrasi berbera.
Idatzita zegoen bezala, larunbatean atseden hartu behar zuen Golem-ek. Egun horretan Rabbi Nagusiak gizagaineko ahalmen guztiak kentzen zizkion, mihipean beti zeraman "Schem"-a kenduz. "Schem", edo hobe esateko, "Schem ha meforasch", inoiz ahozkatua eta ahozkaezina den Jainkoaren izen izkutuaren sinboloa da, eta honek "izena" nahi du esan. Bere forma fonetiko eta gramatikala tetragramarena (lau) da, JHWH, hots Jahwe, Alejandriako Filon-ena. Judutar komunitatearen jairik garrantzitsuena larunbataren santifikapena izaten da eta Golem-ek haiekin parte hartzen zuen. Horregatik, egun horretan Golem-ek ezin zuen galerazi judutarren aurkako bortizkeria. Baina edozein kondairak guztiz egiaztatu nahi bada, okerkuntza edo gizahultasun bat eskatzen du, bera pizteko eta indartzeko. Gertatu zen, bada, Rabbiri ahaztu egin zitzaiola Golem-i Schem-a kentzea larunbatez. Honek koleratsu eta geldiezinezko algara sortu zuen, ez bakarrik jai betetzea artegatu zelako, baizik eta Rabbiren apurbatezko aginte galtzeak sortu zuen haserrearengatik.
Korrika hasi zen jendea Sinagogara joaten, barruan larunbateko salmua kantatzen ari zirelarik. Nola jendea trumilka zetorren eta gertatzen ari zenagatik izuturik, Rabbi Nagusiak zeremonia geratu zuen eta korrika etxeratu zen, eta "Schem"-a kenduz Golem-a baketu zuen. Sinagogara buelta egin eta sua berpiztu zuen. Ordudanik, salmo hau beti bi bider kantatzen da Prahako Sinagoga Zahar eta Berrian.
Rudolf Bigarren eskuharmen politiko batengatik izan zen Golem-en amaia, zeren adiktu berezi baten bitartez judutar kontrako edozein indarkeria galerazi baitzuen. Seguraski erregeari barkamena eskatu ziotenetako bat izan zen Rabbi Nagusia, eta honek erabaki zuen orduan, bere zerbitzari artifiziala materia bizigabe bihurtzera berriro, hau da, "golem" soila bihurtzera berriz ere. Eta ez zen frogatu "Schem"-a kentzearekin bakarrik baizik eta haratarako egin zen zeremonia batekin, non Golem-en lehen piztura bailitz, Rabbiren seme politikoa ere berriro bertan izandu zen. Zeremonia ari zela, biek ezarri zuten materia bizigabea Sinagogako ganbaran, non atseden hartu zuen berrehun urtez inork ikusi gabe. Bakarrik XVIII mendeamaian hain kontserbadore izan zen Prahako Rabbi Ezequiel ben Juda Landau (1713-1795) ausartu zen Golem mitikoarengana hurbiltzera. Hurbildu baino lehen, debotki barau gorde eta hiloihala prestatu zuen. Baina han ikusi ala ikusi ez zuenaz inori ez zion deusik esan inoiz. Debeku sutsua aldarrikatu zuen Sinagogako ganbara hartan inor sar ez zedin berriro.
Hau ez zitzaion batere inporta erreportari txotxolo Egon Erwin Kisch-i, galerazpena haustea besterik ez zuen nahi eta. Behin batean, "Arco" zale batek, jakingura ezin gaindituz, galdetu zion zorrozkiro, kafe bat edanez: "Barau egin eta hiloihala prestatu al zenuen Golemekin alkarrikuste hori izan baino lehen?" Kisch mututu zen, zeharo txunditurik, bere bizitzan lehen aldiz galtzak aldatzeko gogoz, "orduan zuk ere ez zenuen Golem ikusterik ahal izan", galdera egindakoak irazkindu zuen lehorki. Ez zen sarkasmo hutsa izan, egia soila baizik, uler eta ezagut daitekeela kontsakrapen erlijiosopean bakarrik esan nahi baitzuen. Zentzu honetan hitz egiten zuen Kafkak "idaztea otoitz moeta da" zionean.
|