L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott tropikala (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—Pott bandaren praga—

 

Giuseppe Arcimboldo

 

Johanes de Bargota

 

        Milanen jaioa, Pragara heldu zan bertako emperadoreak deiturik. Aurpegi noble eta iluna, izarrez betea, firmamento osoak bere izakiak marrazkitzen dira beregan. Bere ilea, ihintz beltz bat da. Bere begirada, moxu goibela.

        Bohemiako bihotzean ostirala gauez dago. Rodolfo IIgarren korteak, trasmutazio alkimikoa kontemplatzen ari da. Iñoiz ez diren kortiñak altzatu, gaur zabaltzen dituzte. Pragako kaleetatik gauaren karroza pasatu da. Trasmutazioaren ofiziantea Cloves Hesteau de Nuysement da; ondiño hasia ez den denborako printze beltza. Abots sakratua, poeta alkimikoa, obraren ekintza egiten ari da: "Ikusten dut, zakur izugarri bat, eta beste zakur amorratua, bere samara salto egiten; biok elkar estrangulatzen dute; beren odola eta bere aragia, pozoia bihurtzen dira; geroago, eden hori, baltsamo miragarria bilakatzen da."

        Kortea, mutua gelditzen da eta zeru opakuaren azpian dagoen lorategi ilun eta dardartsuraino misteriozko zeraren haize lehitua heltzen da. Giuseppe Arcimboldok, marrazkillo erraldoi bat ikusten du, lepoa apoiatzen duen zuhaitzetaraino abiatzen.

        Merkurio sublimatua, alambikean fijatzen dan artean, bere buruan, baso zarratu bat agertzen zaio. Ohian horretan arrano inperial bi, elkar kolpatzen dira eta hiltzen dira. Bion nagusia, odolaren margoazkoa, ilargia baizen zuri bestea. Hiltzerakoan biok elkartzen eta nahastatzen, giza aurpegi bat dirudite, lumazkoa eta odolezkoa.

        Giuseppek, ez dio alkimistari atenziorik ematen, nork formula magiko batez, dorrerazi ditu, alanbike barnean, ilargia eta eguzkia izarrez betetan dagoen zeru baten gainean.

        Giuseppek, alkimista egiten ari den harri filosofikoaren trasmutazioa, bere buru barnean pairatzen du.

        Orain, zerua, ilunagoa dago eta bere atzean Ilargia ezkutatu dagoen odei batetik disdirapen mehe bat baino gehiago ez dario; Giuseppek itsasoarekin egiten du amets, Venecian bakarrik ikusi duen itsasoarekin: Hau, itsasoa, gorputz bat da eta bera beste arrain bat engendratzen duen arrainak. Berbera da, arrain biok, eta nahastatuz eta konfundituz, bere aurpegiaren erretratu bizia moldatzen dute. Itsasoa, gorputz bat da eta arrain biok bere ispiritua eta bere arima dira. Ispiritu biak batuak izan behar dira, izaki perpeziozko bat formatzeko.

        Orain lengo ohiana berriz zabaltzen ari da bere buruan, eta lon bat eta unikornio bat erreka baten ertzetatik abiatzen dira. Zuzi bat daraman gizon bat, odeiz ingururatua, lengo ametsan hil diren arranoak persegitsen dute.

        Rodolfo II garrenaren kortea erretiratzen da harri filosofalak bihurketa ainitz jasatzen duen bitartean: orain salamandra sutsua da. Gero bere semea irentsiten duen errege bat. Zuhaitzen kukulatik saltatzen ari den urtxintxa bat. Erregea bere alabarengana urbiltzen da eta honela diotza: "Hator ene maitatua, besarka gaitezen eta gurasoen desberdin izan dadin seme bat sorteraz dezagun".

        "Opera alkima" jadanik amaitzen ari da. Giuseppe pintzeletan bernizak, bere ametsetako formak egiten dira. Ehun zuria, forma bizikorrez betetzen ari da. Arrainek, loreak, animaliek, perlazko iduneko bat moldatzen dute, Giusepperen obrak apaintzen. Giuseppek ez du pintatzen, berak. Bera, obra HANDIAREN intermediarioa da bakarrikan. Igarkizunen koadroak zihaitz alkimistatik dindilizka daudenak. OBRA HANDIA bere bihotzaren jaubea bihurtu da, bere arima atzamatzen.

        Lorategien hondarretan abandonatua den kanposatu baten aierupenak dakarzkigunak, dragoi batek, bere gorputz ezkatadun luzeaz, dontzella bat inguratzen du, haitzuzberri ilobi baten hondoan.

        Bere besarkadaren gatibua, ohe maritalaren atsegiñak ostutzen dizkio eta hura, dontzella, hor datza, non dragoia lurrez eztalirik dagon tokian.

        Giuseppek bere Pragako estudioan extasiatua, bere pintzela begiratzen du, bizirik balego bezela, begi bati bizia ematen, lon baten buru bati, tigre baten okotz ondoan dagonari, orein baten soin bati...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.