Pott bandaren praga
Praha, azkenaldiz
Jose M. Iturralde
Ez pentsa Praha oso hiri haundia denik. Ni han jaioa naiz eta denbora hartan ia denok ezagunak ginen. Hau alde batetik, eta gainera, Kafkaren arreba nire andregaia izan zela kasik urte batez esanda, azkar konturatuko zarete nik banekiela nor zen Kafka orduan.
Behin, lan bila nenbilela berarekin egon nintzen lana egiten zuen Assicurazione Generale-ko ofizinetan. Hantxe jakin nuen Gregorio Samsa-ren istorioa. Han eman zidaten zorigaitz haren berria. Ez nuen ezer sinistu nahi, eta haiek baietz, sinisteko, egia zela eta. Nik ezin. Baina badaezpada ere arratsaldetan Samsaren atzetik ibiltzea erabaki nuen, kaletatik segitzen, baina ez nuen ezer nabaritzen.
Ez dadukat buruan zenbat egun pasa ziren halaxe, baina jenderentzat garbi zegoen zerbait arraro gertatzen ari zela Samsarengan. Azken aldiz ikusi nuenean, bai, ez zen gezurra ez, zerbait nabari zitzaion, erdi makurtuta zihoan, ttikiago zirudien akaso, ez dakit zer izango zen, baina ni ere konturatu nintzen egun triste hartan. Zein gaitza zen eta zergatik? Ziotenez bera ez omen zen konturatzen ezertaz eta txarrago oraindik, hitz egiteko ahalmena galtzen ari omen zen. Ez nuen gehiago ikusi.
Baina nire sufrimenduak ez zeuden urruti. Nork daki Samsaren itxuraldaketaren zergatia? Nik zeredozer susmatzen nuelakoan berari abisua ematea erabaki nuen eta hori izan zen niretzat galmena. Bera indar arraro baten menpean bazegoen, handik aurrera bi izan ginen. Abisu emana lortu baino lehen, ni ere mutu geratu nintzen. Hola hasi zen ene tragedia, ezin nuen ezer esan. Ni ere hura bezala, kondenaturik. Gaitzak, bata bestearen atzetik etortzen direla esan zuenak ere hobe mutu geratu balitz. Handik laster ia memoriarik gabe geratzen hasi nintzen eta. Ordurako Praha guztiak bazekien Samsa mozorro bihurtu zela. Hura zomorro eta ni mutu eta burua galtzen. Izutu nintzen zeharo. Samsaren moduan geratzeko arriskuan ote nenbilen? Handik zenbatera? Bai guztiz ikaratuta. Hiru hilabete barru ni ere zomorro higuingarri bihurtuko nintzen (Samsaren modu berberan).
Honetaz egun triste hartan konturatu nintzen argiro. Eguna triste azaldu zen, Prahako negu egunak beti izaten diren bezala. Egun triste eta gris bat. Haizetsu eta hotza. Prahako jende guztiak zerbait gordetzen zuen bere barnean, ene ustez. Kafkaren arrebak baita. Ez zuen ezer esan nahi. Bakoitza bere sekretuarekin. Eta ni ez nintzen gogoratzen nire etxeko bideaz. Samsa ez zen etxetik irtetzen. Ni kaletatik bueltaka noraezean. Ez naiz ongi oroitzen baina uste dut gauzak arin pasa zirela geroztik.
Ispilu aurrean jartzen garanean, norberaren identitatearen bila Samsa zomorro zela konturatu zen. Nik, Moldava hibaia begira, ez nuen ezer ikusten, ez nuen anti-Narciso sinple erdi baten balioa, orduantxe bertan konturatu nintzen Praha hiri arraro bat zela niretzat, arrotz ene etxean.
Prahatik alde egitea erabaki nuen, baina niretzat laberinto ziren kale haietatik ezin ihes egin, ene memoriak ez zidan laguntza haundirik eskaintzen eta mutu gainera.
Isilpeko lege batek esaten zidan inork ez zuela bere eskua luzatuko ni laguntzeko. Egoera penagarria Praha hartan, benetan. Itzal gizonak hilkizun Prahako kale mortuliaretatik. Praha, isiltasun eta ahantziren erreinua.
Zertan harritu! Lehenbizi Samsarena, gero ene ezbehar hau. Fortunak ez gaitu gehiegi laztandu inoiz. Jendeak zioen Transilvaniako istorio estrainio haik, vanpirismo edo batek daki zer zela eta, izan ere gu pertsona sinple eta ilunak ginen bada, ez ginen Konte Dracula haren mailakoak; umilagoak eta ez hain hospatsuak, zeredozer izatekotan. Nik Biologia apur bat nekienetik ez nituen sartu nahi Samsaren zomorrotzea, vanpirismo kasuak eta nire gaitz hau saku berbera. Gainera, zerikusirik izango balu, Samsa zomorro nazkagarri besterik ez zen, Transilvaniako jende gizajo haik vanpiro zantar bihurtzen, ni mutu eta ia memoriarik gabe, zertan litzateke ene hurrengo metamorfosia?
Narciso hibaian bere buruaz maitemindu eta han bertan ito zen. Pizti artean hiru moeta dagoela egia bada ere ziur nintzen ni arrain baten itxura hartuko nuela, zeren banekien hegazti itxurakin gizon vanpiroak bagenituela eta lehorreko animaliaz nire adiskide zen Samsa zomorroa izan eta gero, zer geratzen zitzaigun ba?, nik edozein arrain forma hartzea besterik ez. Lehenago esan dudan bezala ni ez nintzen ausartzen Narcisorekin gonbaratzera baina Uretara bota eta itoko banintz haren moduan arrain itxura hartu baino lehen? Eta arrain bihurtzekotan, zein gainera?
Behin batean irakurri nuen Espainiako partean gizon bat atuna egin zela eta nola gero eramaten zuten herriz herri jendeen algara handiaren artean, baina ez naiz gogoratzen zein modutan amaitu zuen bere bizitza. Baina zertan nenbilen?, noiztik atunak Moldavan? Nire metamorfosiaren hirugarren ezaugarri akaso erotasuna izango ote zelakoan, hibaitik aldentzen joan nintzen geldiro, nire pentsamendu zoro hain urrutiratu nahiean.
Urteak joan ziren, eta berriak heldu. Zahartu naiz eta ez dut bizitza desio handirik jarri nahi. Ene ilusioak Prahako haize hotzak kaletatik daraman horbela bezain agudo desagertu ziren aspaldian. Samsa gaixoa hil zen mesprezuz beterik, beste haietaz ez dakigu gauza askorik. Herri baten deiari kaso ez egiteak, beharrezkoa ez betetzeak, halabeharrari burla egite onek ez dakit zernolako pagamendu merezi izango duen. Ez nintzateke harrituko batzuren ahoetan "traidore" hitza entzungo banu ere.
Ez naiz izan geroztik Prahan berriro. Moldava hibaiari ez natzaio hurbildu eta ez dut hurbiltzeko asmorik ere. Nahiz eta orain ia guztiz itsuturik egon eta gauza gehiegi ez ikusi, ene memoria hobatu zen zeharo. Non bizi naizen izkutuan ez dizuet esango, hauxe bakarrik, ez nagoela hain zoraturik.
|