Pott bandaren praga
Praha, munduko ardatzik herdoiltsuena
Jose Maria Iturralde
Praha, munduko ardatz herdoiltsuena
Lurraren erraietan iltzaturik
non zinzilik munduren zazpi giltzak
Infinituko ateak giltzatuz.
Praha, zeru eta lurra
batzen diren krater morturiar horretan
amaitzen zaizkizu zure lau bideak
Han bazaude,
mila urteko sufrimendu ordaintzean,
Betikotasuna,
zaizu agertuko, orduan
zure bakartasunaren basamortu hesigabeetan
Praha, berun gris errautsez urtzen,
kokatzen den esnezko horizonte goibela
ezagutuko duzu,
Praha, zure kolore gorriskaren tristura laket zait
zoramenez,
etsipenaren tristezia
gustatzen zait ez zarelako inoiz akabatzen.
Zure hasiera Babilonia zen, eta Ifernuak
inguratzen zaitu ingurapen zorrotz batez
odoleko hibai gainetan
zure kale hutsek
zilarrezko aizto hotzen
itxura hartu baino lehendik.
Bai, estaltzen zaituen sabaia
beirazko ispilua, nondik zintzilikatuak
piltzar eta mundrunezko bolak aingeru hilak;
horregatik da beltza eta isila
hargatik Prahako gauak ezin ditu ixilerazi
Herioren sirenotsak
orroka, haur esperantzagabeen eztarrietatik
ankerki uluka.
Horregatik ume bakar bat jaioko da ehun urtetan
Haur agure makurtua, momia zahartua, herrestan zabiltza
ttu ustel eta berdeska eginez ahotik.
Eguzkia irtengo balitz inoiz Praha gainetik
berehalaxe geldituko litzateke duda-mudatan
noraezean
beltziska
hortzadun
zepo eskerga
bihotz bigunei, itsuka
kosk egiteko
prest ikustean.
Praha ez da inoiz eguzkitsu izan, Ikustezinak dio.
Ez nuen sekula ikusi,
bai itsua naiz, baina
ez dut inoiz
kalerik etxerik
adreilurik
lurreratu, Prahako ziutatean,
eta besamotza naiz.
Eme eta zuri da elurra, baina
eden pozoitsena urtzen denean
Prahan, esnezko likido
geza eta lodi
ziutatearen poro guztiei dariena.
Izkinetako zuztrapiloak miatzen
dituzten txakurrek, ez
dute edan nahi,
pertsonek bai, goizetan
kale ixiletatik
erdi hil, erdi lo
dabiltzen tipo triste eta mutu horiek,
bai,
horregatik beren aurpegíak
dira
esfera zurbil eta hutsak
jira-biraka
ardatz motzetan
mantso eta geldiro
egunero
zazpi aldiz.
Hala adierazten du kanpai izugarriak dorrerik gorenean.
Isiltasun handia.
Altzairuzko labirinto itxia lurpeko iheslekupean.
Hilgarriak orduak,
eta urkatuaren larru zatiak
bezala atezatzen
mugagabeki.
Herio iluna, hiltzear betidanik Prahan.
Praha, hitz madarikatua
Krokodilo zilarreztatuaren
piramide zaurtzailearen zamaz
Gizonen bihotzetik
zintzilika.
Izotza erretzen denean
judu baten arima
kiskaltzen den moduan
tximeleta papera bailitz
jelazko orratz batek zulaturik
orduan nire bihotza epeltzen
eta berotzen hastean, bonbila
internitente, eta konte Dracularen
esperantza berogorria bezala,
Praha, munduko ardatz herdoiltsuena
bueltaka, geldiro, geldiro
higitzean, erro guztiak orro
horra hor Europa
dama zahar eta neketsu,
saminki kexatzen
Mesopotamiako hirugarren lehoieme zauritua,
hamaika gizarte etsairen gudua,
zazpi aintzira ilunbetsukoren doinua, betiko soinua
Ekialdeko argiren mezua, eta Erromako sua.
Praha, hertsiezineko hilhobi zuria.
Denbora eternala omen dela, batzuek diote
eta aspalditik zutik zautza, hor isilik
baina Einstein ez zen egon lau egun gaizik, Prahan
eta ni zu begira
ez naiz luzaro biziko.
Txingurriak kaxa barruan ez du memoria handirik,
ez eta nik, ene kartzelaren hondoan, esperantzarik
poxpolu ustelen argia ez da hain itsugarri benetan;
laster ahantziko zaituzte, Praha,
Ahaztezina.
Praha, hiri madarikatua
krokodilo zilarreztatuaren
piramide zaurtzailearen zamaz
Gizonen bihotzetik
zintzilika.
|