L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott tropikala (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—Lan literario laburrak—

 

Gutuna: ene arrebari

 

El Ashaga

 

Ene erreba maitea:

        Gaur ekiten zionat, azkenez, eta ezertarako enplegatu ez ditudan egun pila baten ondorenean, hiri izkribatzeari. Anaia ttikia hemendik pasa hunan duela hamar bat egun, eta beraren bitartez zekianat hire aurtengo bizitokia, hor. Barcelona gozozale eta apur bat morbido horretan, ohituko haiz, seguru jarriko haizela kakaolat eta kanaloietara (ze nazka, bestalde, zenbat desiragarriago edari alkoolikoakl). Pentsatzen jarrita, orain suertatu zaigun diaspora hau, nor bere zokoan, jaiotzean ezagutu genuen ikusmiratik at guztiok, urteko bizpairu bider baizik biltzen ez garelarik, denbora berrien seinurik ilunenetakoa iruditzen zaidan. Hik badakin ene joera iraganzalea izan dela beti, eta orain ere ezin apartu dinat egun pasatuekiko min hori (ezen zilegia bada arraultzearen uztea halaber dun zilegi, noski, bereizpen horrek dakarren oinazea, eta beste ondorioak, konstatatzea). Eta sarritan erreflesionatzen dinat ia ez ote zen dohatsuagoa elkarren ondoan eta komunitate hertsi hartan generaman bizitza. Esate baterako, etxea zegoen, etxe oso bat, hire aurreko guztien lekuko izan dena, zein ardatz eta kutxa den; bizitzaren eragile den bezalaxe, bizitza horren beraren gordeleku eta gordailu ere ba den etxea. Han bilduko gaitun datorren udan, eta seguru, seguru bisitalari baldarrak gertatuko garela, turistak ia (eta nola ahaztu katuak zapuztutako habian gelditu diren umeak akabatu egiten dituela...).

        Guzti honekin zera esan nahi dinat, bizitza pobretu egiten dela, urritu, inguru eta ikusmira zehatz batetik alde egiten dugun bakoitzaren geure kabuz bakarrik bizi ezin bagina bezala, eta —haur ahul baten modukoak— betiko objetu, edo bide, edo pertsona ezagunen laguntza behar bagenu bezala. Inguru berri baten aurrean, memoriarik gabe sentitu ninduanan ni, arrotz eta bakarrik edozein apatrida bezala. Eta hi ere hala sentituko haiz une hauetan, hala iruditzen zaidan. Izenen kontua ere hor zegoen: gure jaioterrian sail edo bidatzur bakoitzak, karreteraren errebuelta berak ere, bere izena zeukaten, ikusmira hura izenez josita zegoen, seinalatua, ez dun galbide bat, aurkitzeko sare bat baizik. Ziutatetan berriz inork ez zekin ezerren izena, eta paraje bakoitzaren historia. Askok ez dinate ezagutzen bere lanetik etxerainoko bidea besterik. Eta hola, parakoxaz, ziutatea dispertsioaren erresuma bihurtzen dun. Denok elkarren gainezka, amontonatuta, naturaleza, historia eta lagunurkoarengandik banatuta. Ez dinat erretolika honekin segitu nahi, baina fenomeno arras interesgarria dun (nolabait esateko) eta arlo guztietan ematen den, begira bestela situazionistak diotena: "zenbat eta bitarteko gehiago sortzen den, teknikaren aldetik, harremanetarako, hainbat eta urrunago bizi gaitun elkarrengandik".

        Ba zekinat, ez naun atzo goizekoa-eta, irtetea eta beste parajeak eta jendetza ezagutzea aberasgarri gertatzen zaigula, gure kasuan behintzat hala bide den (ez ordea bere ogi pusketa irabaztera etortzen direnena, ez baitute harmarik ez dutelako naturalezaren baitatik ateratzean gelditzen den tresna bakarra, kultura, noski). Jaiotze berri bat den heinean aberasgarri gainera, berriro hasi egin behar, esploradorearen historia nolabait. Gure zibilizazioa eta gure heziketa ez ditun izan sensualak, eta jakitatea bakarrik zeukanagu, artes y letras, bai noski, eta horretarako hobe Bilbao La Muerte eta Barcelona La Grande-n egotea. Eta kitto, honetaz. Egun hauetan Lezama Limaren gutunak irakurri dizkinat, Origenes deitzen den editoriale bateko liburuan. Oso karta tristeak, pentsazan, berari ez zitxionaten Cubatik irteten uzten eta bere arrebak ezin hitunan sartu irlan (eta Lezama bai zela etxezuloa!) Bitartean "paradiso" egin zinan, zorionaren truk; holako tamainako eskritore baten destinoa ere lan ilunez josia eta eraikia gertatu baitzen. Gure bi lagunek ere bere poemak kaleratu dizkinate, Ramon Irigoyen-ek Hiperion editorialean ("Cielos e inviernos") eta Miguel Sanchez Ostiz-ek editoriale arraroago batetan, Pozanco-Ambito literario, ("Portiko de la Fuga") biak oso desberdinak, biak oso onak. Zailagoa izango zain bigarranera aurkitzea esan didanez oso banakuntza petrala izango omen din. Nire lan literarioz ez dinat hitzik ere esaten propio, hobe dun horretaz ez ihardutea. Hemen dabilen peste jendearekin auskalo noiz kaleratu ahal dudan ezer. Hirekin beti...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.