Lan literario laburrak
Ziberoako guthuna
Txomin Peillen
Urdatx, 1979.ko Abentiaren 21a
Agur, Ziberoatik.
Eztü aspaldi, galthegiten zelarik: "Zuberoan zer berri?" "Deusere" zen ihardespena. Orai, zer errana hada: nahiz hunkian, nahiz gaixkian. Mintzaje ta kulturaren aldetik hebenko kazetak frantsesez dira denak, bena irratia ta telebixta hala izanik ere, frantses zühaintzeak eztü heben, ez teatroan, ez poesian, ez khantetan frütarik emaiten. Eüskaraz, aldiz, lagüngoarik batere gabe, herri-mintzajeak berphizte ejerra egiten dü.
Oraiarte, bakhotxa gure zokhoan, lanean hasi ginen. Idazle berriak agertzen ziren: Aita Joanes Casenave Harigile, Santagraztarrak pastoral berriak egiten zituen (bostetarik bi agertü dira). Etxahun-Iruriko zenak, pastoral egiten jarraikitzen; Roger Idiart, Zalgizeko erretorak abertzale bertsü eta khantoreak; Epherre Eskiulako erretorak hiztegiak. Hiru aphez ezta harrigarria: eüskaraz idazteko hainitx behar da, gogoa, ganoa, eskola eta denbora. Aphezek, aphezgeitegian eüskal eskola zerbait ükhenik abantailla die; geroago ikhusiko dütügün arrazuen gatik, beste erakasle süberteak (errejent, profezur) eztira gure mintzajeaz hala arrenküratü, ezpada galerazteko.
Azken bost urtheetan aphez ez girenak Ziberoako eüskaraz idazten hasi gira, hala nula J.L. Davant "Aizager", J. Etxebarne, P. Baratxegaray "Intxauspe" eta lauak.
Igan urtheadanik "Sü-Azia" izeneko batarzünak biltzen gütü. Gure xedeak herri mintzajea salbatzea, bi ikastola ta bi alfabetatze tandak süstengatzea, frantses eskoletan sartzea, eta herriaren konzientzatzea dira. Halere idazten dügün orotan gure nurtarzüna galdü gabe, euskara batua jarraiki nahi dügü.
Xede horiez kanpo bada lan eginik. Gure batarzünian dira frantses eskoletan "erakasle ebiltzale" bezala diren bi gazteak, ikastoletakoak, alfabetatzekoak, berriemaile, berri biltzale, lagüngoa galthazale. Igan urtheaz geroz, ehunka dira jenteak "Eüskal aste" delakolat agertzen direnak. "Talde" bezala frantses kargüdüneki harremanetan ebili behar dügü: dügün aphürraz baliatzeko eta haboro galthatzeko.
Bestalde Sü-Azia-k argitalpen txipia badil: multikopiaz Epherre-k egin hiztegia Eüskara-frantsesa eman dü. Diala bost urthe hil den Larraintar koblakari baten obra osoa eman dü J.B. Bortiry "Sala" larraintarrak huntü koblak. Beste bi lan prestatzen ari dira Epherre-en Frantses-eüskara eta Luis Ligueix "Ligetxe", koblakariaren obra osoa.
Ezta ahatze behar "Jakin"-ek Casenave-ren bi pastorala eman dütiala librütan: San Grazi (1976) Ibañeta (1977). Ikhusten düzienez ezkribü herrikoiak eta popüliarentako idazten dügü: halere "Ibañeta" pastoral bat, enetako, oraiko teatro-lan hoberenetarik bat da.
Aspaldian ez zen Ziberoan erri-egiteko pastoral-komedia zaharrik emaiten; aurthen Germain Lechardoy barkoxtarrak berriz emanerazi dü bat eta J. Casenave "Harigile"k berri zunbaiten egiteko gogoa badü. Niko Etxart, züen artean zerbait ezagüna beita, harek ere eüskara dantzaleku hainitzetan sarerazi dü, khantore ta sonü berriak egin. Aiphagarria da ere Bedecarrats eüskalzaleak egin lana Larraiñen, Lougarot-ek Maulen, Etxahun Irurikoak, Ziberoa güzian, pastorala ta eüskal khantoreen alde.
Ziberotarrak ez gira hainitx orai hamazazpi mila eta haien artean beharbada zazpi zortzi mila eüskaldün besteak frantzimant, español, portuges, italiano, gaskoin eta abar... Halere bethi letra ederren eretzeko gusta ükhan dügü, Zalgize (XVI.ean) Oihenarte eta Tartas (XVIIan) Intxauspe (XIXan) Lhande, Mirande, Etxahun, Epherre Casenave (XX.an). Horrek ez gütü ütsützen gure eüskalkiko 35 herrietan beitakigü, hamazazpitan baizik, haur güziek üskara mintzatzen diela. Hartakoz Roger Idiart "méthode audio-visuel" baten egiten ari zaikü, Sü-azia sü andi, eder eta beroa egin dadin.
Arauz etzütiet sobera haspertü? Gure "hizkera" küriosa ezin badüzie irakurten, güthünarekin oillasko bat egizie eta aski phasta balinbada oillar bat. Gure arranotegitik zien iñhurritegilat goraintziak igorten deizkitziet.
|